}

Ordenadorearekin eroso lan egin

1999/08/08 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Teknologia berriak irudikatzen duen ezer badago, hori, duda barik, ordenadorea da. Duten antolakuntza dutela, enpresa modernoetan ordenadoreek ezinbesteko zeregina betetzen dute, eta gero eta gehiago hedatzen ari dira. Hedatze horren ondorioz, lanpostuarekin zerikusia duten arrisku eta gaitz berriak sortu dira. Ergonomiak konponduko al ditu?

Ergonomiaren zeregina —behintzat ordenadoreekin lan egiteari dagokionez— lana bera, lan--tresnak eta lan--giroa integratzea litzateke, guztia helburu jakin bati begira: eginbeharra modu egokian eta langilearen segurtasunerako eta osasunerako arrisku barik burutzea. Izan ere, lana langileari egokitu behar zaio, pertsona guztiek ez dutelako ezaugarri fisiko berdinak, ez indar berdina, ezta lanak sortzen duen presio psikologikoari aurre egiteko gaitasun berdina ere. Prebentzioan ez ezik, produkzioan eta produktibitatean ere ergonomiak badu zereginik, edozein lan informatizatzeak edo automatizatzeak, lan-egoerari eragiteaz gain, lanari berari eta lanaren emaitzei ere.

Hala ere, gaur egun arte, ergonomiak ez du enpresetan pisu handirik izan. Atzera begiradatxoa egin eta erraz ikus daiteke hori. Adibidez 70eko hamarkadan, ordenadoreak enpresetara iristen hasi zirenean, pantailak edozein tokitan jartzen ziren, eta pantailen aurrean jartzen ziren langileak ere edozein eratan jarrarazten zituzten, ezeri erreparatu gabe. Gaur egun apur bat hedatzen ari da lanpostura egokitu beharraren ideia, baina ez da lan-tresnen diseinu ergonomikoa aldatu den heinean aldatu.

Lanpostura edo lan--tresnetara egokitu beharrak garrantzi izugarria du, neurri egokiekin hainbat arazo saihets baitaiteke: begietako arazoak, neke fisikoa, estresa eta abar.

Ordenadoreen erabiltzaileen artean bada dagoeneko identifikatu den arrisku--eragileen zerrenda bat ere. Honako hauek dira nabarmenetarikoak:

  • Mugitzeko toki gutxi.
  • Besoak mahai gainean jartzeko aukerarik ez izatea.
  • Eskumuturrak okertuta lan egitea.
  • Burua aurrealderantz edo albo baterantz botata lan egitea.
  • Jarrera finkoa.
  • Oinak ezartzeko toki gutxi.
  • Atseden gutxi.
  • Lan errepikakorra eta aspergarria.
  • Pantailako islak.

Produktu ergonomikoei esker, ordenadorea oinarri duten lanpostuak ergonomiko izatera irits daitezke. Baina hori ez da nahikoa. Produktuak ez ezik, ergonomiara iristeko, programak ere kontuan hartu behar dira. Izan ere, ordenadore--programa ezegokiek —edo memoria gutxirekin— langileei arazoak sor diezazkioke, ez baitu ordenadorearekiko behar bezalako komunikaziorik lortuko. Modu berean, ordenadoreko inguruneari ere garrantzia eman behar zaio: paperak jartzeko tokiak, eskumuturrak jartzekoak, hankak lurraren gainean jartzeko aukera… eta aulkia. Gizakiak bere bizitzaren heren bat eserita igarotzen du eta, bulego--lanetan, eserita dagoen denbora jarduera osoaren % 70era hurbiltzen da. Hori jakinda, argi dago aulkiak berebiziko garrantzia duela bulego--lanetako baldintzetan. Hortaz, ez da kasualitatea ordenadoreen aurrean lan egiteko aulki ergonomikoa produkturik hedatuena eta eraldatuena izatea. Sasoi batean jende guztiak aulki ergonomikoa eskatu du, baina aurrez lanaren baldintzak aztertu barik, lan jakin horretarako egokiak ziren jakin barik. Izan ere, ez dago lan guztietara egokituko den aulki ergonomikorik; behia jezteko aulkia ordenadorerako aulkia bezain ergonomikoa izan daiteke; baita bezain desegokia ere.

Galdera praktikoak

Esandako guztiagatik ondoriozta daitekeenez, aukera ergonomikoa lan--baldintza guztiak aztertu eta gero egin beharko litzateke. Ondorengo galdera--sorta honek zure lanpostuko baldintza ergonomikoak nolakoak diren erabakitzen lagunduko dizu. Jakina, egoera onean egoteko erantzunak baiezkoak izatea komeni zaizu.

Aulkiari dagokionez…

1) Aulkiaren altueraren erregulazioa:
-- Erraza al da aulkiaren altuera erregulatzea?
-- Eserita zaudela, erregula daiteke?

2) Aulkiaren bizkarraldearen altuera:
-- Erraza al da erregulatzea?

3) Aulkiaren bizkarraldearen makurdura:
-- Erraza al da aulkiaren makurdura erregulatzea?
-- Eserita zaudela, erregula daiteke?
-- Bizkarraldearen altuera erregulatzen denean, —nahiz eta bizkarraldearen makurdura aldatu— bizkarrak apoiatuta segitzen du?
-- Eskuak mahai gainean jartzen direnean, bizkarrak apoiatuta segitzen du?
-- Besoak mugitzeko zailtasunik badute?

4) Aulkiaren erosotasuna:
-- Belaunaren tolesa libre geratzen al da?
-- Eskua erraz sar daiteke aulkiaren aurrealdearen eta izterraren artean? (odolaren zirkulazioan ezin da oztoporik izan).
-- Eroso sentitzen zara?

5) Aulkia:
-- Bat--batean eseritzean, kolpearen absortzioa ona da? (ez dadila kokzix--ean senti!)
-- Aulkiaren posiziorik baxuenean ere, aulkiaren moteltzea eraginkorra da?
-- Eseritzean eta zutitzean mugitzeko arazorik badago? (arropa kateatzea eta abar)
-- Aulkipean oinendako behar beste toki dago?
-- Aulkia mugitzean eta aurrerantz egiten bada, aulkia tinko geratzen da?
-- Eserita zaudela, 180°--ko giroa egin daiteke?
-- Eserita zaudela, aulkiarekin tokiz erraz mugi zaitezke?

6) Galdera orokorrak:
-- Lanean ari zarela eroso sentitzen zara?
-- Aulkiak itxura polita du?
-- Aulkiaren kolorea gustuko duzu?
-- Aulkiak ukitu atsegina du?

7) Aulkiak beso--euskarriak balitu:
-- Ukondoak erraz mugi daitezke?
-- Bizkarra apoiatuta duzula, aulkia behar beste hurbil daiteke mahaira?
-- Beso--euskarriak bigunak dira?
-- Beso--euskarriak arropa ez kateatzeko diseinatuta daude?

Eskumutur--euskarriari eta teklatuari dagokienez…

1) Eskumutur--euskarriak eragozpenik sortzen du eskumuturrak eta eskuak zuzen daudela idazteko?

2) Eskumutur--euskarriaren materiala behar bezain gogorra edo biguna da?

3) Eskumutur--euskarriaren altuera norberaren ezaugarrietara egokitu daiteke?

4) Eskumutur--euskarria eta teklatua egokitzen dira?

5) Ez labaintzeko materiala du? Teklatua ondo finkatzen da mahai gainean?

6) Eskumutur--euskarriaren materiala leuna da? berorik ematen du? izerdirik sortzen du?

Paperendako euskarriari dagokionez…

1) Mahai gainean tokirik hartzen du?

2) Ezegonkorra da? Pisurik txikiena jarrita ere, mugitu egiten da?

3) Paperei eusteko aukerarik ematen du?

4) Paperak etzanda daudela eusteko aukerarik ematen du?

5) Paperak ordenadoreko pantailaren parean jartzeko aukerarik ematen du?

Oinendako euskarriei dagokienez…

1) Mahai aurrean ondo eseritzeko aulkiaren altuera erregulatzean, oinak behar bezala jar daitezke lurrean?

2) Oinendako euskarrien altuera eta makurdura erregula daitezke?

3) Erraz erregula daiteke?

4) Oinek labain egiten dute?

5) Oinak euskarriaren gainean jartzean, oinak labain egiten du?

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia