}

Orain dela 3,5 mila milioi urte bizi izan zen bakterioa topatu dute

2002/03/07 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Mendebaldeko Australian batutako suharri-lagin batzuetan, Lurreko izaki bizidun zaharrenaren fosila aurkitu omen dute.

Fosilak zianobakterio primitibo baten itxura duela diote aurkikuntza egin duten Kaliforniako unibertsitateko zientzialariek. Raman laser deritzon irudiak egiteko teknika berriaren bitartez, harri horietan agertzen diren orban beltzen egitura eta konposaketa kimikoa aztertu dituzte. Dirudienez, karbono-molekulak agertu dira azterketan, eta hori bakterio-zelulen aktibitate biologikoaren ondorioetako bat da. Orain, zelula horien kanpo-mintzaren egitura aztertzen dabiltza. Talde horrek proposatzen duena egia bada, horrek esan nahi du Lurreko lehen biziduna uste baino mila milioi urte lehenagokoa dela.

Aldi berean, Oxford-eko unibertsitatetik erantzuna heldu da. Orban beltz mikroskopiko horiek, jatorri biologikoa dutela diruditen arren, lekuko aktibitate hidrotermalaren ondorio besterik ez omen dira; posible da itxura biologikoa duten orbanak agertzea, tximinia hidrotermaletatik ateratzen diren karbono monoxidoaren eta dioxidoaren arteko erreakzioen ondorioz. Gainera, mikrobio zaharren itxurarik ez dutela inondik inora esan dute, hain primitibo izateko egitura konplexuegiak dituztelako.

Edozein modutan, lehenagotik dagoen kezka berriro ere azaleratu da: harrietako orbanak bizidun primitiboen fosilak dira edo erreakzio kimikoen ondorio bakarrik? Luze joko duen gaia, dudarik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia