NZ2Topa! Naturaz eta euskaraz, elkarrekin Topa!

2015/12/21 Amaiur Esnaola Illarreta - EuskalNatura elkarteko kidea eta NZIITopa!-ren antolatzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Alor ezberdinetan lanean dabiltzan naturazaleak, irakasleak, ikasleak, ikertzaileak… elkartzeko asmotan, bigarren urtez ospatu dugu Natur Zientzien Topaketa (NZ2Topa!). Duela bi urteko arrakastaren ostean, indartsu ekin genion NZ2Topa! antolatzeari UEUko Natur Zientzien saileko eta EuskalNatura elkarteko kideok. Aurreko topaketatik ondo eginak gogoan hartuz eta okerretatik ikasiz, hainbat hilabetez prestatzen ibilitakoa Donostiako Eureka! Museoan gauzatu genuen azaroaren 28 eta 29an. Lan oro eginda, helburua bete genuelako sentsazioarekin itzuli ginen etxera.
NaturZientzia II Topa!ren parte-hartzaileen talde-argazkia. Arg. UEUko Natur Zientzien saila eta EuskalNatura elkartea

Larunbat goizean, ongietorri-ekitaldiaren ostean, berehala hasi ginen energia-kontsumoaren inguruan gogoeta egiten. Egungo gizartearen eredu sozioekonomikoa energia-iturri konbentzionalen galera eragiten ari da, zeinak hainbeste entzuten dugun energiaren krisirantz zuzen-zuzen garamatzan. Honen aurrean, alternatiba gisa energia berriztagarrien erabilera mahaigaineratu ohi da, agorrezinak diren ideiarekin. Baina zer da benetan hauek eskaintzen digutena? Zalantza eta galdera ezberdinei erantzuten ahalegindu ziren gure hiru hizlariak.

Ortzi Akizu iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko desorekaz, zor ekologikoaz, Peak oil-az eta energia-ereduaren trantsizioaren beharraz aritu zitzaigun, zenbait adibide praktiko plazaratuz. Beste aldetik, Euskal Herrian martxan dauden energia-ereduaren bi alternatiba aurkeztu zizkiguten Maria Dolores Martínez eta Jon Toña hizlariek: GoiEner kooperatiba eta Aramaioko biomasa proiektua, hurrenez hurren. Biek ala biek energiaren merkantilizazioa geratzea dute helburu, tokian tokiko alternatiba-proiektuak gauzatuz.

Naturaren kudeaketaren adibide praktikoak: aurtengo berrikuntzetako bat

NZ2Topa!-ren helburuetako bat topaketa parte-hartzaileagoa eta dinamikoagoa egitea izan da: partaideak izatea benetako protagonistak. Saioaren helburua naturaren kontserbazioarekin zerikusia zuten kasuak aztertzea izan zen, denen artean eztabaidatu eta irtenbideak bilatzeko asmoz. Horretarako, talde txikitan eta aditu banaren gidaritzapean lantzeko lau eztabaida-gai planteatu genituen: zor ekologikoa batetik (Leire Urkidi adituarekin), gune antropizatuetako espezie mehatxatuen kudeaketa bestetik (Ion Garin eta Aitor Lazarekin), ekosistemen errestaurazioa hirugarrenik (Joxerra Diezekin) eta landa-paisaien kudeaketa azkenik (Miren Askasibarrekin). Azpimarratzekoa izan zen parte-hartzaileek hitza hartzeko izandako borondatea. Oso positiboa eta aberasgarria izan zen jasotako emaitza.

Ondorio nagusiak partaide guztien aurrean plazaratuz amaitu genuen larunbat goiza.

Mahai-ingurua: “Zientzia komunikabideetan, komunikabideak zientzian”

Ederki berotu zuten bazkal osteko giroa mahai-ingurura gonbidatu genituen Urko Aristi, Miren Bego Urrutia, Jakoba Errekondo eta Bego Zubiak. NZ2Topa!-ren web orrialdean topaketa baino aste eta erdi lehenago martxan jarritako galdetegiaren emaitzak mahai-gaineratu eta galdera ezberdinak bota zituen airera Antton Alberdi moderatzaileak.

Hasiera batean, zientziak komunikabideetan duen paperaz batetik, eta komunikabideek zientzian dutenaz bestetik aritzea zen asmoa, baina mahai-ingurua aurrera joan ahala nahasten joan ziren bi ideiak. Komunikabideetan zientziak toki txikiegia betetzen duen ustea nabarmenki nagusitu zen galdetegian eta mahai-inguruko kideek ere bat egin zuten ideia horrekin. Zientziaren inguruko gaiek komunikabideetan duten audientzia murritzarekin lotu zuten hori Begok eta Urkok. Nabarmena omen da Peio Zabalaren tenporek arreta gehiago erakartzen dutela. Tenporetatik sinesmenetara… Jakoba Errekondok “zientzia” kontzeptua ikuspegi ezberdinetatik ikus daitekeela argudiatu zuen. Zientziaren ideia argitze aldera, publikotik iritzi ugari entzuteko aukera izan genuen.

Ezin esan ondorio bateratura heldu ginenik, baina zenbait gauza argi geratu ziren. Bat, Peio Zabalak bezalako ikusmira sortuko duen zientzialari bat behar dugu komunikabideen bidez zientzia era zuzen baina erakargarrian helarazteko euskal gizarteari. Bi, zientzialariek esfortzu handiagoa egin behar dute euren gaiak gizarteratzeko orduan; kazetarienganako konfiantza berreskuratzea beharrezkoa izango da horretarako. Eta hiru, komunikabideei dagokie zientzian oinarritzen diren edukiei indar gehiago ematea, ikusleek oinarri zientifikoa zerk duen eta zerk ez ongi bereizi ahal izateko.

Poster- eta proiektu-eskaintzen saioa

Larunbat arratsaldeari amaiera emateko, eseraulkiak alde batera utzi eta aurtengo bigarren berrikuntza jarri genuen martxan, poster-egileei euren lanak edota proiektu-eskaintzak aurkezteko beta emanaz. Parte-hartzaile orok posterrak irakurtzeko astia izan zezan paneletan eskegirik egon ziren hauek asteburu guztian zehar. Larunbat arratsaldean ordea, interesaren arabera ibilbide ezberdin bat egin zuten parte-hartzaileek, egileen azalpenak entzun eta gai oso ezberdinetan murgilduz (glaziarren atzerakadetatik hasi eta itsas poliketoen azterketa biokimiko eta histologikoetaraino). Aurtengoan, poster onenaren Elhuyar saria eta ikasle-poster onenaren UEU-EuskalNatura saria banatu genituen.

Lurzorua: gizartearen euskarri

Igande goizean goiz eman genion jarraipena bezperan abiatutako bideari. Lurzoruaren egoeraren garrantziari buruz solasean ekin genion egunari hiru hizlarirekin.

Lur Epelde biologoak lurzoruak gizakiontzat duen garrantzia azpimarratu eta jasaten dituen mehatxuak plazaratu zituen. Ezezaguna zaigu Euskal Herriko lurzoruaren gaur egungo egoera zein den, baina argi utzi zigun garrantzitsua dela egoera osasungarri batean mantentzea. Garikoitz Riosek azpimarratu egin zuen lurzoruaren egoeraren garrantzia, txakolinaren eta bereziki Itsasmendi upategiaren garapena adibidetzat jarriz. Azken hizlaria Haritz Azurmendi izan genuen, Ximaurpila elkarteko kidea. Elikadura subirautzara bidean, nekazaritza organikoaren sustapena, esperimentazioa, aholkularitza eta laguntza teknikoa ditu elkarteak oinarri. Horretarako, jakituria tradizionala eta zientzia uztartzen ahalegintzen dira.

PaleoUEU: “Zaharrak, atzo, atzo… Gazteak, etzi, etzi…”

UEUren sorreraren parte izan ziren hiru lagun ere gonbidatu genituen, UEUk –eta bereziki UEUko Natur Zientzien Sailak– urte luze hauetan izandako bilakaeraren eta euren bizipenen berri emateko. Euskarazko kontzeptuen lanketa, liburugintza, ikastaroak… denetik kontatu ziguten Jesus Mari Txurruka, Martxel Aizpurua eta Kepa Altonaga paleoUEU-kideek. Txuri-beltzean hasitako hura, koloretan amaitzea lortu zuten azkenean.

BioBertso-saioa

NZ2Topa!-ri eta natur zientzien inguruko gaiei umore puntua emateko Xabier Amuriza, Onintza Enbeita eta Julio Soto bertsolariak eta Uxue Alberdi gai-jartzailea gonbidatu genituen. Naturak irribarre egiteko aitzakiarik baduela argi geratu zitzaigun eurei esker.

Agurrik ez, hurren arte!

Naturzalez inguraturiko giro ederrean amaitu genuen topaketa, Euskal Herrian ohitura den moduz, mahaiaren bueltan. Bazkari eder baten bidez asteburuan ikasi eta hausnartutako gaien inguruan gogoetan jarraitzeko eta jende berriarekin harremanak egiteko aukera izan zuten parte-hartzaileek.

Asteburu luze baten analisiari bukaera emateko, ezin amaitu topaketan bertan eta topaketa gauzatzeko laguntzan parte hartutako guztiei eskerrak eman gabe. Beste urte batez bete dugu helburua: asteburu luze batez naturzale euskaldunok elkartzeko gune eta aitzakia izatea.

Naturari, zientziari eta euskarari, elkarrekin Topa!


 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia