}

Nyamuragira sumendia

2001/04/11 Elhuyar Zientzia

Argazkiko radar bidezko irudia espaziotik hartua da eta Nyamuragira sumendiaren kraterra erakusten du irudiaren behealdean. Kolore moreko arrastoak aurreko erupzioetako labarenak dira.

Nyamuragira Kongoko ekialdean dagoen laba hutsez egindako sumendi etzana da, kupula-itxurakoa. Kongoko sumendi-lurraldea Kongo, Uganda eta Ruanda arteko muga zehazten duen Virunga mendietan dago. Hain zuzen ere, Diann Fossey-k gorilak aztertu zituen tokia delako da ezaguna batzuentzat eremu hori. Virungako sumendiak Afrikako egitura geologiko gazteenak izango dira ziurrenik eta Nyamuragira Afrikako sumendi aktiboena da, 1882tik 34 erupzio izan baititu. Erupzio gehienek sumendiaren alboetako pitzaduretatik laba-lasterrak sortu dituzte eta irteerako zuloetan piroklastozko eta basaltozko konoak eratu dira.

Orain dela bi hilabete Nyamuragira sumendiak milaka tona laba jaurti zituen eta, egun batzuk geroago, beste saio bat egin zuen. Virungako sumendietako laba oso jariakorra denez, azkar hedatzen da. Zorionez, laba populazio txikia duen Virunga Parke Nazionaleko eremu baterantz isuri zen eta ez zen hildakorik izan; 1912-13ko erupzioek besterik ez dute hildakoak eragin. Dena dela, kalteak handiak izan ziren, inguruko basoak erre zirelako eta soro aberatsak galtzen utzi behar izan zituztelako. Gainera, badaezpada ere, hainbat herritatik jendea atera egin behar izan zuten.
.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia