}

Nitrogeno-finkatzaile berria itsasoan

2001/08/09 Astobiza, Amaia


Nitrogenoa finkatzen duen eta itsasoan ugaria den mikroorganismo bat aurkitu dute.

Nitrogenoa izaki bizidun guztiek behar duten elementua da. Nitrogenoaren forma arruntena atmosferako N2 gasa da, baina forma hori oso organismo gutxik erabil dezakete. Organismo gehienek nitrogeno finkoa (N) behar dute. Horregatik, nitrogeno finkoaren eskuragarritasunak lurreko eta itsasoko organismo gehientsuenen hazkuntza mugatzen du.

Nitrogeno gasa erabil dezaketen bakarrak nitrogenasa entzima duten mikroorganismoak dira. Orain arte, itsasoko nitrogeno-finkatzaile ezagunenak Trichodesmium generoko zianobakterio fotosintetikoak izan dira. Zianobakterio horiek planktona osatzen dute, eta 0,5 mm arteko luzera izan dezakete. Hala ere, egindako ikerketen arabera, ez dirudi itsasoko nitrogeno finko guztia mikroorganismo horiek finkatzen dutenik. Horregatik, zientzialariak gainerako nitrogenoa finkatzeaz arduratzen diren organismoen bila ari dira etengabe.

Aste honetako Nature aldizkarian irakur daitekeen artikulu batean, nitrogenoa finkatzen duen beste mikroorganismo baten berri ematen da. Artikuluaren egileak Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetako ikertzaileak dira, horien artean Kaliforniako Unibertsitateko Jonathan P. Zehr eta Patricia J. Turner.

Ikerketa egiteko, zientzialariek Hawaii inguruko itsasoko nanoplanktona aztertu dute. Ikusi dutenaren arabera, 3 eta 10 _m bitarteko diametroa duen zianobakterio zelulabakar batek ere nitrogenoa finkatzeko ezinbestekoa den nitrogenasa entzimaren genea du. Gainera, zianobakterio hori oso ugaria da itsasoan, eta, beraz, itsasoko nitrogenoaren zikloan garrantzi handia izan dezake.

Beraz, nitrogeno-finkapenaren inguruko zalantzak argitzeko bidea hasita dagoela dirudi. Izan ere, zientzialariei ezinezkoa egiten zitzaien itsasoko nitrogeno guztia Trichodesmium generoko zianobakterioek finkatzen zutela sinestea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia