}

Nemesis, edo eguzkiarentzat lagun bat aurkitu nahian

1986/04/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eguzki-sistema oraindik ez dugula ondo ezagutzen Voyager II-k ia egunero frogatzen digun gauza dugu. Ezjakintasun horren funtsa Eguzki-sistemaren osagaiek zeintzu ziren ez ezagutzea izango zenik askok ez genuen espero.

Eguzki-sistema oraindik ez dugula ondo ezagutzen Voyager II-k ia egunero frogatzen digun gauza dugu, kanpo aldeko planetei buruz bidaltzen digun informazioa dela bide. Dena dela, hori jakina genuen lehendik ere; baina ezjakintasun horren funtsa Eguzki-sistemaren osagaiek zeintzu ziren ez ezagutzea izango zenik askok ez genuen espero.

Mendearen bigarren laurdenean, nahiko eztabaida bizia izan zen hamargarren planeta post-plutonikoa zela eta ez zela. Planeta honen beharra beste planeta batzuren eta Halley kometaren orbitan ikusitako anomalia batzuk argitzekotan aipatu zen. Dena dela, 1930.etik 1945. urterarte kalkulatutako orbitaren inguruan eginiko behaketen emaitzak negatiboak izan zirenez, hipotesia baztertu egin zen.

Eguzkiaren Handitasuna.

Georago, Eguzki-sistemaren osagaien zerrenda, Jaan Oort-ek kometen jatorria azaltzeko aurresandako hodeian diren milioika kometez luzatu zen. Jakina denez, hodei hau Eguzkitik argi-urte bat edo bitara egongo litzateke eta kometak bertatik etorriko lirateke, han jasandako perturbazioren baten ondorioz orbita aldatu eta gero. Hipotesi hau, aurreko alean Halley kometari buruz hitz egitean aipatzen genuen. Oraingo honetan forma konkretuagoa emango diogu, perturbazioaren jatorria mugatuz eta aldi berean Eguzki-sistemaren beste osagai posible baten existentzia komentatuz.

Protagonista hau, harrigarri gerta badaiteke ere, beste izar bat izango litzateke; Eguzkiarekin batera sistema bitarra osatuko lukeen eta Nemesis izenez ezagutzen den izarra. Baina goazen hipotesi hau plazaratzeko zein arrazoi izan diren ikustera.

Historia, aurreko hamarkadaren azkenaldera hasi zen, Walter eta Louis Alvarez, Frank Asaro eta Hellen Michell-ek Lurraren gainazaleko iridioaren banaketaz eginiko neurketekin. Neurketa hauen ondorioz, aipaturiko zientzilariek zera baieztatzeko aukera izan bait zuten: tarteka oso iridio kontzentrazio haundiko –bere jatorria lurtarra ezin izateko modukoa– estratuak zeudela.

Estratu hauetako batzuren adina oso ondu mugatzeko aukera izan zuten. Batena 65 milioi urte zen. Datu hau izan zen iridioaren ugaritasun anomaloa paleontologiak argitu gabe zuen beste fenomeno batekin erlazionatzeko aukera eman zuena: tiranosaurioen eta beste bizidunen %70-aren desagerpenari buruz ari gara, hain zuzen ere. Zein izan daiteke ordea, hain fenomeno ezberdinen arteko lotura?

Ideia, hauxe dugu. Lehen esan dugunez, estratuen iridio-portzentaiaren jatorria ezin daiteke Lurrean aurkitu. Hau honela izanik, estratu berezi hauek agertzen diren garaietan Lurrak beste objektu batzurekin izandako talken ondorioz hauspeatu zela onartu behar dugu. Talka hauek hainbat hauts eta ondakin-mota harrotu zutenez, eguratsean urte luzez egon ziren berriz lurreratu baino lehen, bitartean Lurra guztiz ilundu zutelarik. Fotosintesiaren erreakzioak eragotzi zituzten, eta, beraz, landare eta animalia askoren heriotza eragin zuten. Efektu hau, azken urteetan gerra nuklear baten ondorioak aztertzerakoan agertu den berbera dugu, eta "negu nuklearra" deitu ohi zaio.

Aipaturiko zientzilariek sortutako hipotesi hau, koherentea da dudarik: gabe. Baina, bere alde nolabaiteko frogaren batzuk ez balitu, onartzea ez litzateke erraza izango. Goazen segidan teoriaren aldeko arrastoak ikustera. Arazoa gorago ikusi dugun moduan planteiatu ondoren, Walter Alvarez, Richard A. Muller, Mark Davis eta Piet Hut aipaturiko talkek sortuko zituzketen kraterrak aurkitzen saiatu ziren.

Analisatutakoen artean, batzuk bi berezitasun nabari agertzen zituzten: batetik, oso zaharrak ziren eta bestetik, haundiegiak ziren sumendiek sortuak izateko. Beraz, krater hauek teoriak aipatzen zituen talken ondoriotzat jo ziren.

Baina, oraindik oso arazo garrantzitsua dugu argitu beharrean: nola edo zein gorputzekin izan zituen talkak Lurrak? Nola azal daiteke iridio-portzentai haundiko geruzen errepikapen periodikoa? Azalpena emateko, ezin dugu asteroide edo meteoritoekin izandako talkez pentsa: talka hauek kasualitate hutsez gertatzen bait dira eta inoiz ez periodikoki, noski. Non aurkitu orduan, Eguzki-sisteman gure teoriak eskatzen duen fenomeno periodiko hori?. Erantzuna R. A. Muller eta W. Alvarez-ek Eguzkiaren antzeko izarrei buruz egin zituzten ikerketek eman zuten.

Zientzilari hauen behaketen arabera, Eguzkiaren antzeko izar asko, erdiak baino gehiago agian, sistema bitarretan agertzen dira; hau da, bata bestearen inguruan higitzen diren bi izarreko sistematan. Beraz, ez da zentzugabekeria Eguzkiak ere orain arte ikusteko aukerarik ez dugun izar lagunaz pentsatzea. Posibilitate hau onartzen badugu, talkentzat jatorri naturala inposatzen da: izarra bere orbitan higitzen ari zen une konkretu batean, kometek osatzen duten Oort-en hodeiaren ingurutik igaroko zen eta bere grabitate-eremuak milaka kometen orbitak alda araziko zituen Eguzki-sistemaren barneko alderantz desbideratuz. Norma izango zitekeen kometa hauetako batzuk Lurraren kontra talka egitea, gorago deskribatu ditugun ondorio guztiak sortuz.

Hauxe dugu bada, oro har, Nemesis deitzen den Eguzkiaren lagun berri honen historia. Iridio-aberastasuna agertzen duten geruzen periodikotasunaren arabera, Nemesis-ek, gutxi gorabehera, 28 milioi urte oro beteko luke bira bat. Azterketa geologikoen arabera, azkeneko aldiz orain dela 14 milioi urte pasa zen Oort-en hodei ingurutik eta, beraz, beste 14 milioi urte barru antzeko katastrofe bat sortuko du, zerua hautsez estaliz eta bizidun espezie asko desagerteraziz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia