Jaizkibel-Ulia: babesa itsasoratu zain
2011/01/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gabezia hitza behin eta berriz errepikatzen dute EAEko itsasoak ikertzen dituzten zientzialariek. Eta gabezia hori babes ofizialaren gabezia da. Kantauri itsasoko ekialdea oso gune aberatsa da biodibertsitatearen eta, oro har, biologiaren ikuspuntutik, eta ez dago babestuta.
Horregatik, OCEANA --itsasoak babesteko helburua duen nazioarteko erakundea-- eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala (EBEO) korridore ekologiko bat sortzeko proposamena egiten ari dira. Izendapen horrekin, Donostiatik Biarritzerainoko kostan korridore ekologiko babestu bat osatuko lukete, eta Natura 2000 sarean sartuko lukete.
"Berez, korridore ekologiko bat pasabide bat da, pasillo moduko bat; baina kasu honetan bizidunentzat denez, pasillo ekologiko bat da", dio Enara Markos EIBE Euskal Izurde eta Baleen elkarteko biologoak, korridorearen proposamenerako ikerketa egin duen adituetako batek. "Hori da hitzaren zentzua. Eremu babestu bat beste batekin lotuko luke". Eta, eremu babesturik ez dagoen lurraldeetan, babes ofiziala geografikoki zabaltzeko helburua ere izan dezake korridorearen kontzeptuak.
Kosta aurreko korridorea
Donostiatik Biarritzerako kostaren aurreko itsas eremua hartzen duen korridore bat proposatzen dute OCEANAk eta EBEOk. Lapurdiko itsasoa dagoeneko babestuta dagoenez, Jaizkibel eta Ulia aurreko itsas eremua babestu beharko litzateke, eta, horrela osaturiko korridoreak, guztira, ur-azaleko 37.000 hektarea hartuko lituzke.
"Dena den, hau proposamen bat besterik ez da; erakunde publikoei dagokie azterketa gehiago egitea eta eremuaren proposamena egokitzea", dio Jon Ander Etxebarria EBEOko dekanoak. Egokitzapena egiteko, zientzialarien lanean oinarri daitezke. "Hegoaldean AZTI dugu, eta, iparraldean, IFREMER. Itsas ikerketen zentro horien lanaz balia daitezke".
Korridorea 5 edo 6 itsas milia zabal izatea nahi dute, 9 kilometro, gutxi gorabehera. Berez, estatuek 12 miliarainoko eremuan dute eskumena, baina proposamen honek eremu txikiago bat hartzen du. Arrazoia da Lapurdiraino babestua dagoen eremuarekin koherentea izatea. Hendaiaraino iristen den itsas eremu babestua 5 itsas milia zabal da, eta koherentzia biologikoak zabalera bereko eremu bat babestea eskatzen du. Iparraldean babestutako eremua hedatzea da proposamena.
Lapurdi aldean itsasoa babesteko lan handia egin dute, azken hiru urteotan batez ere. Dagoeneko zazpi eremu itsastar babestu dituzte. Alde batetik, Hegaztientzako Babes Bereziko bi eremu daude: Hondarribiako badia eta Biarritzeko arrezifeak. Eta beste bost gune babestu daude Lapurdiko kostan: Txingudiko badia, Abadia-Lohitzune itsas labarrak, Urdazuri ibaiaren estuarioa, Lohitzunetik Biarritzerainoko labarrak eta itsaso zabalerako zabaltze-gune bat. Gune horiek guztiak lotuta, Lapurdiko kosta osoa dago babestuta eta Natura 2000 sarean sartuta.
Hain zuzen ere, korridore ekologikoen sorrera izan zen Natura 2000 sarearen helburua. Europako Batasunak sortu zuen 1992ko maiatzaren 21ean, Habitat Naturalen zuzentarauaren bidez. Han daude zehaztuta eremu natural batek Natura 2000 sarean sartzeko izan behar dituen ezaugarriak eta bete behar dituen baldintzak. Eta indarrean sartu zenetik hasi ziren lehendik babestuta zeuden eremuen arteko korridoreak izendatzen. Baina ez abiadura berean toki guztietan. Lehorreko eremuentzat Natura 2000 sarea azkar garatzen ari da, baina itsas eremuekin askoz mantsoagoa doa.
"Orain indar handia egiten ari da Europar Batasuna itsasoan sarea osatzeko", dio Markosek. "Frantzian dagoeneko sortu dituzte eremu babestuak itsasoan, bai eta elkarrekin lotzen dituzten pasabideak ere, baina Espainian oraindik hutsune handia dago. Horregatik dator orain proposamena; alde batetik, itsas eremu babestu bat sortzeko proposamena da, eta, bestetik, Natura 2000 sare horretan sartzeko helburua du".
Nolanahi ere, Europako kosta atlantikoa osatuta dago neurri handi batean. Baltikotik hasi, eta Hendaiaraino dago babestuta, baina hutsune handia dago Iberiar Penintsulan. Hori da adituek aipatzen duten gabezia. Eta gabezia horretaz ohartzean sortu zen korridorearen proposamenaren ideia.
Jatorria
Hainbat tokitatik etorri zen gabeziari aurre egiteko erantzun bat. Alde batetik, Eusko Jaurlaritza konponbide bat aztertzen hasi zen, AZTIren bitartez. Pauso batzuk ematen hasi ziren. Euskal Autonomia Erkidegoan, lehorreko 52 eremu zeuden sarean sartuta, eta itsasoan, aldiz, bat ere ez. Horregatik, ekialdeko Kantauri itsasoan zer nolako itsas eremuak izendatu zitezkeen zehaztea zen azterketaren helburua.
Bestetik, OCEANA erakundea ere jabetu zen penintsulako gabeziaz, eta A Coru atik Hondarribiarainoko itsasoa monitorizatu zuen 2008an, Ingurumen Ministerioaren diru-laguntzarekin.
Azterketak eta indarrak batuta, proposamen asko sortu ziren; Gij nen ere eremu bat proposatzen dute, Galizian beste hiru, eta Kantabrian beste batzuk sortu ziren.
Euskal Herrian, Jaizkibelgo eta Uliako kosta zen aukera bat, baita Getarikoa eta Ogo o aldekoa (Txingudin) eta Capbretongo arroila ere. Ez ziren aukera bakarrak; guztira, 15 eremu aztertu zituzten, baina lau horiek geratu ziren.
"Hau ez dago itxita", dio Etxebarriak, EBEOko dekanoak. "Itsaso zabalean, zetazeoak direla, espezie pelagikoak direla edo itsas hondoan mila edo bi mila metrora dauden habitat oso mehatxatuak direla, beste eremu asko babestu beharko dira. Orain indarrak Jaizkibel-Ulian ditugu, baina, noski, pixkanaka besteak ere proposatu beharko dira."
Erabakia hartuta, lanean hasi ziren. Bi erakundek hartu dute proposamenaren lidergoa, OCEANAk eta EBEOk, baina modu batera edo bestera, beste erakunde eta zientzialari-talde asko aritu dira lanean. Proiektua definitzeko, itsas ikerketa askotako datuak bildu ziren.
Alde batetik, AZTI eta IFREMER erakunde ofizialek egindako ikerketetako datuak erabili dira proposamen honetarako. Eta, bestetik, erakunde espezializatu askok egin dituzte ekarpenak, bakoitzak bere esparruan. Gipuzkoako INSUB erakundeak itsas hondoa ikertu du, ornogabeak eta algak batez ere. EIBE Euskal Izurde eta Baleen elkartekoek zetazeoen populazioen azterketen datuak eman dituzte. Instituto Espa ol de Oceanografia erakundeak ere egin ditu ikerketak. Beraz, urteetan euskal itsasoan egindako ikerketetako datuak bildu dituzte OCEANAk eta EBEOk.
Irizpidea biodibertsitatearen parametroen azterketa izan da; geologia, sedimentazio eta dinamika litorala, aldagai fisiko-kimikoak, klimatologia eta beste hainbat parametro hartuta, hemen kondizio biologiko berezi batzuk daudela ikusten da. "Horregatik, hemen dagoen biodibertsitate-mailak Europa mailako itsas korridore nagusietako bat izateko aukera ematen du", dio Etxebarriak. "Jaizkibel-Ulia eremua Deba-Zumaiakoa edo Lapurdiko itsas eremua baino askoz ere aberatsagoa da".
Horrez gain, 2008 urtean hasita, proposamenerako berariazko ikerketak egin dira, urpeko roboten eta urpekarien bidez, hainbat espezieren presentzia berresteko; azken ikerketak 2010eko udan egin dituzte. Eta bilaketa bibliografiko handi bat ere egin dute, eta lehendik sakabanatuta zegoen informazioa dokumentu bakarrean bildu dute. Proposamenaren oinarri izateko ahalik eta informazio zientifiko gehiena osatu dute horrela.
Arrazoietako bat eremuaren geologia da; ingurua harearriz osatuta dago, eta higadura eta sedimentazio berezia ditu. Nitxo ekologiko bereziak daude, bai eta higatutako paleokanalak ere, eta hainbat biotopo sortu dira, itsaspeko haitzuloak, esate baterako.
"Horrek algen garapen handiagoa dakar beste inguru batzuetan baino, eta baldintza biologiko batzuk sortzen dira; ornogabeen eta fitoplanktonaren garapena handiagoa da, arrain pelagiko gehiago daude, zetazeo gehiago eta hegazti gehiago", dio Etxebarriak. "Horri gehitu behar zaio Txingudi ondoan duenez paleartikoko itsas hegazti guztiak hemendik pasatzen direla, Eurasia eta Afrikako iparraldekoak, alegia". Horregatik da biodibertsitatearen kontzentrazio-puntu bat Jaizkibel-Uliaren eremua.
Proposamena, berez, lehorrean babestutako eremuen luzapen modura planteatu dute; Ulia eta Jaizkibel mendiak babestuta daude GKL (Garrantzi Komunitarioko Lekua) baten bitartez. "Horrek logika biologiko bat du", dio Markosek. "Badirudi uretako eta lehorreko eremuak banatuta daudela, baina oso erlazionatuta daude. Batean gertatzen diren prozesu biologikoek zuzeneko eragina dute bestean".
Bide administratiboa
Proposamena aurkeztu aurreko ikerketa eginda dago, datuak bilduta daude, korridorearen eremua zehaztuta dago, eta, orain, proposamena administrazioan dago.
Eskumena Madrilen dago, Ingurumen Ministerioan. Begirune administratiboagatik edo politikoagatik, Eusko Jaurlaritzarekin batera prestatu dute, eta bien artean aurkezten dute proiektua.
Ez da kasu bakarra. Adibidez, Natura 2000 lurtarra (Bardeak, Bertiz, Urbasa edo Gorbeia), Eusko Jaurlaritzarekin batera aurkeztu dute; tokian tokiko gobernuak Ministerioari helarazten dio proiektua, eta, gero, elkarrekin aurkezten dute Bruselan. Baina berezko eskumen administratiboa estatuek dute; hau da, Espainiako Ingurumen Ministerioak du. Are gehiago itsasoan; itsasoko eskumenak estatuarenak dira.
Korridorearen proposamena bide administratiboa egiten ari den bitartean, "gu ez gara gelditu", dio Etxebarriak. "Bruselan, Madrilen eta Gasteizen ari gara lan egiten. Baita OCEANAren bitartez ere, OSPAR-en (ipar-ekialdeko Atlantikoa kudeatzen duen Oslo-Paris hitzarmeneko kideekin). Estrategikoki, orain da Pasaiako kanpo-kaiaren gida-planerako une garrantzitsuena, baina horrekin ez ezik, proposamenaren bide administratiboarekin ere ari gara lan egiten. Une honetan, Lapurdiko agintari administratiboekin eta eragileekin ere ari gara bilerak egiten, proposamena ezagutarazteko".
Pasaiako kanpoko portua
Ezin da ahaztu korridorearen proposamenak gainditu behar duen arazo handienetako bat: Pasaiako kanpoko portuaren proposamena.
"Kanpoko portua egingo balute, gure proposamena bazterrean geratuko litzateke, eta ez luke zentzurik izango", dio Etxebarriak. Haientzat, korridore ekologikoa eta kanpoko portua bateraezinak dira. Etxebarriak indarra ematen dio hitz horri. "Gure alegazioetan bateraezintasunaren kontzeptua erabiltzen dugu. Arrazonamendu biologiko, legal eta prozedurazkoan oinarrituta, gure ondorioa da bien arteko bateraezintasuna dagoela".
Korridorearen proposamenean lan egin duten erakunde guztiek abenduaren hasieran aurkeztu zituzten portuaren proiektuaren kontrako alegazioak. "Guk (EBEO) alegazioak aurkeztu berri ditugu. OCEANAk ere bai. Eta EIBEk eta beste hainbat elkartek, talde politikok, sindikatuk, ekologistek, mendizale-taldek eta abarrek. Gure esparrua zientzia da, baina gure proposamen zientifikoarentzat mehatxu bat denez [kanpoko portuaren] proposamen hau, alegazioak eta gure alternatiba aurkeztu ditugu", dio Etxebarriak.
Alegazioak eskatzen duena da atmosferarako isurketak, hautsa, deskargak, bibrazioak, trafikoa eta abarrerako neurri zuzentzaileak hartzea, ingurumenean oinarrituta.
OCEANA, EBEO eta beste erakundeak horren zain daude. Alegazioak erantzun behar dituzte. Gero, alegazioen erantzunekin, Ingurumen Ministerioak agindutakoarekin eta Sustapen Ministerioak egiten dituen ekarpenekin ingurumen-memoria bat egin behar dute. Eta, gero, Ingurumen Ministerioak ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen bat aterako du, DIAS izenekoa. Balorazio horrekin, erabakita geratuko da Pasaiako Kanpo Portuaren proiektuari helduko zaion ala ez. "Han ebatziko da baiezkoa edo ezezkoa", dio Etxebarriak.
Eta horrek irekiko edo itxiko dio bidea korridoreari, bai eta, oraingoz behintzat, Natura 2000 sarearen garapenari ere Gipuzkoako kostaldean .
Artikulu honetako argazkiak (zetazeoenak izan ezik), OCEANA elkarteak egindako urperaketetan lortutako irudiak dira. Haien baimenarekin argitaratu ditugu, artikulu hau ilustratzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia