}

Munduko urrerik finena sortu dute

2019/08/06 Elhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria

munduko-urrerik-finena-sortu-dute
Bi atomoko lodierako urrezko nanoxafla. Artifizialki koloreztatua. Arg. Leeds-eko Unibertsitatea

Bi atomoko lodiera baino ez duten urrezko nanoxaflak sortu dituzte Leeds Unibertsitateko ikertzaileek. Hain dira finak, ezen bi dimentsioko materialtzat hartzen baitira. Iragarri dutenez, hamaika aplikazio izan ditzakete, bai medikuntzan, bai elektronikan, baita hainbat prozesu industrialetako erreakzio kimikoen katalizatzaile gisa ere.

Dagoeneko laborategian ikusi dute katalizatzaile gisa hamar aldiz eraginkorragoak direla gaur egun industrian erabiltzen diren nanopartikulak baino. Izan ere, urrezko nanopartikulatan atomo gehienak partikularen barrualdean gelditzen dira, eta, nanoxaflatan, berriz, partikula guztiak gainazalean daude, eta denek parte hartu dezakete katalisian.

Ikertzaileek azpimarratu dute urrea modu eraginkorragoan erabiltzeko bidea eman dezakeela lorpen honek, eta, aldi berean, bi dimentsioko metal gehiago sortzeko bidea ere ireki dezakeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia