Morse, Samuel
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1791-1872)
Asmatzaile eta pintore estatubatuar honek 1791 n ikusi zuen lehen argia Massachusetts-eko Charleston hirian. Bere aita Jedidiah Morse geografo ospetsua zen eta semea zientzietara bideratzen ahalegindu bazen ere, ez zuen inoiz lortu. Samuel gaztea 1810.ean graduatu zen Yale-ko Unibertsitatean. Boston-go liburutegian aldizkako lanak egin zituen eta 1812an Londresera joan zen pintura ikastera.
EEBBetara itzuli zenean, zeregin askotan aritu zen. Politikan parte hartu zuen alderdi nazionalista batean, baina ez zuen aurrera egiterik lortu. Artean trebatu zen ondoren eta arte-elkarte askotako kide izan zen. 1825. urtearen inguruan EEBBetako Pintura Akademia sortzen lagundu zuen eta 1826-1845 bitartean bertako lehendakari izan zen.
1832on Europatik bueltan zihoan EEBBetara itsasuntziz. Bidaian Ampére-ren aurkikuntzei buruz hitz egiten ari ziren zientzilariak ezagutu zituen eta telegrafo elektrikoa sortzea erabaki zuen. Bidaian bertan hasi zen lanean, telegrafo-sarearen behin-behineko diseinua eginez. Alabaina, Morsek ez zuen oinarri zientifikorik lan horri ekiteko eta zientzilari askoren laguntza behar izan zuen. Henry-ri elektroiman bat oinarri duen telegrafoaren ideia buruan itzulika zebilkion garai horretan eta Morseren asmoa bideratzen ahalegindu zen. 1837an Morsek lehen erakustaldia egin zuen eta EEBBetako Kongresuak emandako diru-laguntzari esker, 1844an Baltimore eta Washington-en arteko telegrafo-sarea osatzea lortu zuen.
Morsek ez zuen inoiz eskertu Henry-k emandako laguntza, ez eta onartu ere. Epaileen aurrean ere, behin eta berriro ukatu egin zuen inoren laguntza izan zuenik bere telegrafo elektrikoa asmatzeko. Musu-truk bere laguntza eskaini zioten laguntzaileek erabat gaitzetsi zuten Morseren harrokeria, baina epaiketak irabaztea lortu zuen. Hori dela eta, telegrafo elektrikoaren aitatzat Morse hartzen dugu gaur egun ere. 1872an zendu zen New York-en.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia