}

Miriam Rothschild, zoologoa jaiotzez

2011/05/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

miriam-rothschild-zoologoa-jaiotzez
Arg. Manu Ortega

"Ez dago arkakusoenganako maitasuna sentitzen duen jende askorik, baina nik maite ditut", zioen Miriam Rothschild-ek, esku-ahurrean dozena-erdi bat arkakuso erakutsiz. "Kloroformo-dosi egokiarekin, maitagarriak dira".

Rothschild bankari judutarren familia entzutetsuan jaio zen Miriam 1908an. Eta esan liteke ia familiako kide izan zituela arkakusoak txikitatik. Izan ere, Charles aitak sekulako arkakuso-bilduma zuen; mundu osoan bildutako milaka arkakuso (gaur egun British Natural History Museumen daude). 500 espezie inguru deskribatu zituen.

Miriamen aita eta osaba zoologo amateur amorratuak ziren. Osaba, Lionel Walter, 2. Rothschild Baroia, pertsona batek inoiz bildutako animalia-bilduma handienaren jabe zen. Etxeko museoan zituen 2 milioitik gora tximeleta eta sits, anaiaren arkakuso-bilduma, 300.000 hegazti disekatu, 200.000 hegazti-arrautza, 30.000 kakalardo, ehunka dortoka erraldoi, eta abar luze bat. Zebrek tiratutako gurdian ibiltzea gustuko zuen, eta inoiz dortoka erraldoi baten gainean jarrita paseatzen ere ikusi zuten.

Giro horretan hazi zen Miriam Rothschild. Ez zen eskolara joan, aitak pentsatzen baitzuen hezkuntza formalak ez ziola batere mesederik egiten sormen intelektualari. Etxean hezi zuten, eta osabaren museoan.

Lehen ikerketa-lanak itsasoko ornogabeekin egin zituen. Eta 40 bat urterekin heldu zien aitaren arkakusoei. Sei liburukitan argitaratu zuen arkakuso haien azterketa taxonomiko eta morfologikoa.

Garaitsu hartan, gobernu britainiarrak laguntza eskatu zion. Untxi britainiarrak akabatzen ari zen gaixotasun batean, mixomatosian, arkakusoek zuten eragina ikertu nahi zuten, haiek baitziren gaixotasunaren bektorea. Baina ez zuten lortzen untxien arkakusoak laborategian haztea. Rothschildek aurkitu zuen ernaldutako untxi emearen odolaz elikatzean soilik ugaltzen zirela arkakuso emeak; untxiaren hormonek eragiten zuten arkakusoen obarioak heltzea.

Aurkikuntza horrek balio izan zion Australiako untxi-izurriaren aurkako borrokan laguntzeko ere. Hango untxiek ez zuten mixomatosirik, eta gaixotasuna sartzea izan zitekeen izurria murrizteko modu bat. Horretarako, arkakusoak hazi zituen Rothschildek. Baina konturatu zen untxi-arkakuso britainiarrek ez zutela gogoko Australiako beroa, eta ez zutela aurrera egiten. Hala, Espainiako hegoaldeko untxietatik hartu zituen arkakusoak.

Arkakuso espainiarrez betetako untxi-mordo bat eraman zien ikertzaile australiarrei. Bidean, sekulako arazoak izan zituen. Indian ez zioten kargamentu harekin pasatzen utzi nahi, eta buelta eman behar izan zuen ia. Azkenik, iritsi zen Australiara, arkakuso eta guzti. Eta han, teknikari batek, izurri-kontrolerako prozedurari jarraituz, DDTz blaitu zituen untxiak. Ez zen arkakuso bakar bat ere bizirik gelditu. Espainiara bueltatu, eta hasieratik hasi behar izan zuen.

Arkakusoen beste alderdi bat ikertzen ere buru-belarri ibili zen beranduago: saltoa. Danbor antzeko batean jartzen zituen, eta salto egitean danborrean egindako hotsak anplifikatuz eta grabatuz ikusi zuen 30.000 salto egin zitzaketela gelditu gabe. "Arkakusoak presaka dabiltza beti", idatzi zuen behin.

Salto nola egiten zuten ikusteko, abiadura handiko kamerarekin filmatu zituen. Piramide-antzeko bat jarri zien, eta arkakusoak piramidearen muturreraino igotzen ziren. Horri esker, ongi enfokatu zitzakeen. Eta behin piramidearen tontorrean zeudela, atzetik beste arkakuso bat etortzean, salto egiten zuten. "Desagertu egiten ziren", azaltzen zuen Rothschildek. "Azelerazioa ikaragarria zen, 140 G-koa, kohete batek atmosferan birsartzean duen azelerazioa baino 20 aldiz gehiago!"

"Hankekin hegan egiten duten intsektu" bezala deskribatu zituen arkakusoak. Izan ere, intsektu hegodunetatik eboluzionatu zutela proposatu zuen. Eta hegoetatik eratorritako egiturak erabiltzen zituztela salto harrigarri haiek egiteko. Saltoaren mekanismoa argitzeko, muskuluen ebaketa-serieak aztertu zituen. "6.000 bat ebaketa egingo nituen, muskulu haiek nolakoak ziren jakiteko; lan handia izan zen", gogoratuko zuen.

Bere logelan zuen mikroskopioarekin egiten zituen behaketak, eta arkakusoak ere logelan gordetzen zituen, plastikozko poltsatan sartuta, bere sei seme-alabek aztora ez zitzaten. Etxean lan egiteari abantaila argia ikusten zion: egunez seme-alabez ardura zitekeen, eta gauak ikerketarako gelditzen zitzaizkion. Insomnio kronikoa izaki.

Arkakusoak bezala, Rothschild ez zen geldirik egoteko jaioa. Beste ikerketa asko egin zituen. Besteak beste, aurkitu zuen monarka tximeletak txorientzat pozoitsu direla landareetatik hartzen dituzten substantziei esker; sitsen belarriak parasitatzen dituzten akaroek beti belarri bakarra parasitatzen dutela, inoiz ez bi (ostalariaren heriotza eragingo luke horrek); eta tximeleta batzuek, arrautzak jartzean, "kontatu" egiten dituztela, landare berean arrautza gehiegi ez jartzeko (larbek ez lukete nahikoa elikagai izango).

Horrez gain, II. Mundu Gerran, gobernuarentzat lanean aritu zen kripografian, Enigma proiektuan, kode alemaniarrak deszifratzen. Eskizofrenia ikertzeko fundazio bat ere sortu zuen, eta homosexualitatea legitimatzeko borrokatu zuen. Juduei babesa ematen bazien ere, judaismoa ez zuen onartzen; ateoa izan zen. Eta begetarianoa, abstemioa, eta makillajearen eta emakumeei inposatutako murrizketen kontrakoa.

Baita kontserbazionista kartsua ere. Eta ahal zen lorategi gehienetan lore eta landare autoktonoak erabiltzea proposatzen zuen. Bere etxean ere, lorezainak bidali eta bertako landarediari bidea libre utzi zion. Azkenerako, igerilekua izandakoaren pitzaduretatik zuhaixkak ateratzen ziren, eta etxeak ere sasiz eta huntzez estalita bukatu zuen. "Belar txarren kontrako guda, naturaren konkista, iraganeko kontua da", zioen.

Inoiz ikasketarik eta titulurik izan ez bazuen ere, azkenerako, bere jakintza zabalagatik, sei ohorezko doktorego eman zizkioten. Eta ia 300 lan zientifiko argitaratu bazituen ere, bere burua ez zuen zientzialaritzat. "Zoologo amateurra naiz, ez profesionala", esan zuen behin. "Izan ere, profesionala izan banintz, askoz ere gehiago espezializatu beharko nukeen". Eta Rothschildek espezializazioa ez zuen gogoko: "Esan behar dut dena egiten zaidala interesgarri".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia