}

Milurteko azken eguzki-eklipsea

1999/08/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eguzki-eklipseak, mundu osoan hainbat izaten dira (osoa izan den azkena iazko otsailaren 26an), baina norbera bizi den lurraldean gertatzea zailagoa da. Datorren abuztuaren 11n, esaterako, milurteko azken eguzki-eklipsea izango da eta Europan eta Asiako hego-ekialdean ikusiko den arren, eklipse osoak gerri estu bat baino ez du estaliko. Hala ere, ikusmin handia sortu ohi dute horrelako fenomenoek.

Badira lau hamarkada Europan eguzki-eklipse osorik ikusten ez dela eta hurrengoa 2026. urteko abuztuaren 12an izango da, Euskal Herritik ere ikusi ahal izango dena. Dena den, eklipse osoa irudian ageri den zirrindola estuan, 110 km inguruko zabalerakoan, soilik ikusi ahal izango da. Zirrindola horretatik at eklipsea ez da erabatekoa izango eta Euskal Herriari dagokionez % 80 ingurukoa izanen da. Beraz, gurean zerua ilundu ilunduko da, baina kontuan izan urte-garai honetan eguzkiak indar handia duela eta, horrek ikusgarritasuna kenduko dio eklipseari. Hala ere, gertaerak jakinmina sortu du, zalantzarik gabe.

NewScientist

Eklipseak guztira 13.000 km-tik gora egingo baditu ere, Europa eta Asian zehar egingo duen ibilbidea Erresuma Batuan abiatuko du, Cornwall-en. Bertan, ikuskizuna goizeko 11:00 (hemengo ordu ofiziala) pasatxo hasiko da, baina erabateko eklipsea 12:10ean izango dute, 2'01" iraupenekoa. Maiatzean jendea erreserbak egiten hasia zen bertara trenez hurbiltzeko (astebete lehenagoko Londrestik Cornwallerako txartelak 129 libra/163,9 euro balio du) eta egun horretan zirkulazio-arazoak izatea espero dute. Kontinentera Bretainia parean sartuko da eklipsea. Gertaera 11:12an hasi eta 13:51tan amaituko da; erabateko eklipsea 12:27an hasiko da eta 2'18"ko iraupena izango du. Hala ere, datu estatistikoak erabiliz bertan eguraldi ona izan eta eklipsea ikusteko % 50eko aukera baino gutxiago izango dela iragarri dute. Hortik aurrera, Luxenburgotik barrena, duela 120 urte Albert Einstein jaio zen Ulm herritik pasa eta Munich-erako bidea hartuko du. 12:40 inguruan iritsiko da. Jarraian Austria eta Hungarian zehar ibili ondoren Errumaniako Bukarest inguruan izango du iraupen luzeena, 2'23"koa, hain zuzen ere, bertan izango baitu erdi-bidea egina. Hori 13:10ean izango da. Bertan, eguraldiak fenomenoa ikusten uzteko aukera % 65ekoa izango da.


Itsaso Beltzean gertakizuna luxuzko itsasontzietatik ikusteko aukera izango da eta ondoren eklipseak Asian egingo duen ibilbiderai ekingo dio. Turkian, besteak beste, Sivas eta Diyarbakir hirietatik eta Batman deritzon herriskatik pasako da. Turkia ondoren bisitatuko dituen Irakeko iparraldea eta Iran izango dira eguraldiak aukera gehien eskainiko dituen lurraldeak.Diyarbakir-era 13:40 inguruan iritxiko da eta eguraldi ona izateko aukera % 80koa da eta Iraneko Esfahan-en % 90etik gorakoa. Azkenik Pakistango Karatxi zeharkatu ondoren Indiara sartuko da (bertan, ia seguru, eguraldi lainotua izango omen da) eta Indiako golkoan amaituko du bere ibilbidea.

Science&Vie

Hori bai, teknologiaren garaia dei dakiokegun honetan, ikuskizuna internet-bidez ere jarraitu ahal izango dugu goian aipatutako herrialdeetara joan beharrik gabe. Hemen dituzue horretan lagungarri izan ditzakezuen helbide pare bat: http:www.solar-eclipse.org. http://eclipse.span.ch/liveshow.htm. http://eclipse.span.ch/europe.htm. Baita NASAko orrialdeetan ere. Elhuyar. Zientzia eta Teknika 53., 127. eta 131. zenbakietan ere aurkituko duzue eguzki-eklipseei buruzko informazio gehiago.

EKLIPSEARI BEGIRA

Eguzki-eklipseari behatzeko babes-neurri egokiak behar dira.Hau da, oso iragazki dentsoak erabili behar dira, bai begietan eta bai tresnerian.Erabateko eklipsea dagoen une laburrean soilik ken daitezke. Erabili ezazu soldadura autogenoz egindako 14. zk.-ko beira edo enpresa zein aldizkari espezializatuek banatzen dituzten "eguzki-betaurrekoak". Tresneria (prismatikoak edo teleskopioa) erabiliko baduzu, proiekzioaz balia zaitez. Proiekzioa tresnaz lortutako eguzkiaren irudia gainazal zurira eguzki-diskoa ikusteko moduan bideratzean datza.


Eklipsearen argazki txukun samarrak lortu nahi izanez gero, gutxienez 300 mm dituen teleobjektiboa (edo bideokamerentzako 8 aldiz handiagotzekoa) behar duzu, nahiz eta anplifikazio handiagoarekin emaitza hobea lortuko duzun. Kasu horietan ere objektiboetarako eguzki-iragazki bereziak erabili.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia