Elhuyar zientziaren komunikazioa

Metal astunak Lur planetan

2007/06/01 Txintxurreta Agirre, Arantxa - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Espaziotik ez da ikusten, baina Lurrak geruza bat baino gehiago ditu. Eta, geruza horietan, metal astunak ez daude beti berdin banatuta: nukleoan nagusi dira, baina lurrazalean oso gutxi azaltzen dira, beste elementu kimiko batzuekin alderatuz gero. Hala ere, gutxi izan arren, garrantzitsuak dira, eta, gainera, gizakiak ustiatzeko moduko proportzioetan daude.

Metal astunak Lur planetan
2007/06/01 | Txintxurreta Agirre, Arantxa | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: ESA/SIRA Technology LTD.)
Metal astunen banaketa ulertzeko, Lurraren sorrerara jo behar da; berriz ere espaziora. Gas-egoeran zegoen materia --elementu kimikoak-- kondentsatu zenean sortu zen Lurra, eguzki primitibo baten inguruan. Planeta haren ondorengo garapenean, meteoritoek talka egiten zuten etengabe, eta adituek uste dute meteorito baten inpaktuaren ondorioz berriz urtu zela planeta (Marteren tamainakoa omen zen meteoritoa!). Urtze berri hark ekarri zuen elementuak dentsitatearen arabera bereiztea. Elementurik astunenak Lurraren erdirantz hondoratu ziren, eta arinenak azalean geratu.

Lurraren erdian, hortaz, azaletik 3.000 km-ra, nukleoa dago. 3.485 km-ko erradioa duen gune bero eta dentsoa da nukleoa, eta metal astunez dago osatuta: burdinaz eta nikelez bereziki, nahiz eta beste metal batzuen aztarnak ere badituen (kobrearen aztarnak, adibidez).

Lurraren azalean, aldiz, metal astun gutxi dago. Elementu kimiko ugarienak oxigenoa eta silizioa dira, askogatik, eta metal astun ugariena burdina da; gainerako metal astunak oso proportzio txikietan azaltzen dira lurrazalean. Gizakia aspaldi jabetu zen burdinaren propietateez, eta burdina ustiatu egiten du. Hala ere, nekez agertzen da burdina egoera naturalean elementu aske gisa, eta, gehienetan, beste elementuekin konposatuak eratzen ditu. Eta mineraletan konposatuak osatzea da, hain zuzen, metal astunak azaltzeko modurik arruntena. Hala, besteak beste, kobrea egoten da malakitan, beruna galenan, banadioa patronitan eta kromoa kromitan. Baina, era berean, mineralek arrokak osatzen dituzte, eta, gehiago edo gutxiago, metal astunak arroka-mota guztietan azaltzen dira.

Arroka igneoetan (magma solidotzearen ondorioz sortutakoak) arrunta da metal-kontzentrazioak egotea, hala nola urrearenak, platinoarenak, uranioarenak, kobrearenak, kromo eta banadioarenak, selenioarenak eta beste zenbait. Urrea arroka metamorfikoetan egotea ere ez da arraroa (presio eta tenperatura altuek sortutako arrokak dira horiek), baina arroka

sedimentarioetan ere kantitate handietan agertzen da (sedimentazioaren ostean sortutakoak dira arroka horiek). Arroka-mota horretan egoten dira, halaber, aluminioa, platinoa eta burdina, besteak beste.

Horrelako arrokak mundu osoan daude, eta, metal astunen kontzentrazio handia dutenean, gizakiak ustiatu egiten ditu, meatzeak sortuta.

Euskal Herrian

Euskal Herrian, metal ugariena eta gehien ustiatu dena burdina da, zalantzarik gabe. Kristo aurreko I. menderako ohartu zen horrekin Plinio zaharra, eta "Bizkaiko itsasoaren ondoan burdinazko mendi bat" zegoela esan zuen. Eta hala zen, bai. Trianoko eta Galdamesko mendietan burdina ugari ateratzen zen, eta haren inguruan duela gutxira arte bizirik iraun duen industria-kate indartsua sortu zuen. Euskal Herrian beste inon ez bezalako garrantzia izan zuen meatzaritzak Nerbioi ibaiaren ezkerreko alde horretan.

Metal astunak azaltzeko modurik arruntena da mineraletan konposatuak osatzea.
Urretxuko Fosil eta Mineralen Museoa
Baina mineralak ez dira Bizkaia aldean soilik ustiatu. Material metalikoak Paleozoikoan (duela 570 milioi urtetik 349 milioi urtera) eta Behe Kretazeoan (duela 146.000 urtetik 65.000 urtera) pilatu ziren bereziki eta, esaterako, magnesioa, beruna, zinka eta burdina daude Aiako Harrian, Alduden eta Bortzirietan. Aipamen berezia merezi dute Aiako Harriaren inguruko Arditurriko meatzeek. Euskal Herriko arrokarik zaharrenak dira, eta, haietan, zilarra eta beruna ere ustiatu ziren garai batean. Irungo portutik mundu osora zabaltzen ziren mineral haiek.

Zilarra eta burdina Iratin ere ateratzen ziren, eta Orbaitzetako arma-ola hornitzeko erabiltzen ziren maiz. Aralarren kobrea atera zen; baita Eibar inguruan ere --han beruna ere bai--. Kobre gehiago ere bazen, Atxondo eta Axpe inguruetan. Beruna eta zinka Kretazeo garaiko arroketatik erauzi izan dira Euskal Herriko hamaika txokotan, hala nola Karrantza inguruan, Mañarian, Atxondon, Aulestin, Berriatuan, Itziarren, Aizkorrin, Legorretan, Barandion, Araitzen eta beste hainbat herritan.

Ezin aipatu gabe utzi, ordea, industriak ustiatu ez duen metal astun berezi bat, inguruan duguna: iridioa. Kostaldean ikus daiteke. Mundu osoan dago geruza hori, baina toki gutxitan ageri da Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostan agertzen den gisara. Mundu osoko geologoak etorri ohi dira marra fin eta zurixka hori ikusteagatik.

Iridioa I ikurra duen metal astuna da. Kosmosean ugaria izan arren, Lurrean metal oso eskasa da. Kretazeo eta Tertziario garaien arteko arroketan, ordea, iridio-kontzentrazio handia duen geruza fin bat azaltzen da. Teoria baten arabera, iridio hori espaziotik dator, meteorito batek ekarria da. Ideia horren arabera, garai hartan, duela 65 milioi urte, meteorito handi batek Lurra jo zuen, eta, talkaren ondorioz, hauts ugari askatu zen atmosferara. Poliki-poliki, airean esekiduran zeuden partikulak --iridiotan aberatsak-- Lurrera jalkitzen joan ziren, eta guztia estali zuten. Estalki horixe da gaur egun kostan ikusten duguna: Sopelan, Zumaian, Bidarten... Dinosauroen desagertzea azaltzeko erabiltzen da teoria hori.

Burdingintzak garrantzia izan du euskaldunen industriaren garapenean.
Artxibokoa

Munduko meategietan

Euskal Herrian ohikoa da burdina, baina munduan zehar ere arrunta da. Metal astunetan ugariena da, arestian esan bezala. Hala ere, Euskal Herrian konposatuak osatuz agertzen da; Groenlandiaren mendebaldean, berriz, burdina aske dago. Meteoritoetan ere, burdina aske egoten da, nikelarekin aleatuta batzuetan. Burdin mineral arruntenak hematiteak dira, baina beste batzuk ere ustiatzen dira: goethita, magnetita, siderita eta limonita. Ezagutzen den meatzerik zaharrena duela 50.000 urte ingurukoa da, karbono 14aren arabera, eta Swazilandian dago, Afrikan. Paleolitoko gizakiak handik hematitea ateratzen zuela uste da, burdinarekin pigmentuak sortzeko.

Herrialde askoren ekonomia-zutabe garrantzitsua da meatzegintza. Argazkikoa Boliviako meatze bat da.
A. Jonquières/Unesco Photobank
Hegoafrikatik elementu gehiago ere erauzten da. Munduan ateratzen den kromitaren erdia, esaterako, Hegoafrikako meatzeetatik ateratzen da (kromita mineraletik kromoa lortzen da). Indian, Turkian eta Kazakhstanen ere kromo-kantitate handiak ateratzen dira. Kongon, berriz, tantalioa ustiatzen da, normalean aztarnatan bakarrik azaldu ohi den elementua.

Ugariagoa da titanioa; bederatzigarrena da elementu kimiko ugarienen artean, lurrazalean. Metal astuna da, batzuentzat. Elementu horixe aukeratu zuen Frank Gehryk Bilboko Guggenheim egiteko. Arroka igneo gehienetan dago, baina inoiz ez dago aske. Anatasa, brookita, ilmenita, leukoxenoa, titanita... mineraletan ageri da gehienetan. Titanio-biltegi garrantzitsuak daude Australian, Eskandinavian, Estatu Batuetan eta Malaysian.

Hego Ameriketan mineral ugari ustiatzen da. Mexikok, Peruk, Txilek eta Brasilek dute produkziorik handiena. Mexikon dago zilarretan munduko aberatsena den meatzea. Mexikon, baita ere, beruna, zinka eta urrea ateratzeko meatze garrantzitsuak daude. Bestalde, Txilek du munduko kobre-ustiategirik handiena, eta Perun dago Hegoamerikako urre-meatzerik handiena...

Sierra Leonako Bed ibaian urre bila.
Deloche P./Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Fototeka

Elementu gehienak konposatu kimikoak osatuz agertzen badira ere, aske azaltzen diren elementu astun bakanek balio berezia dute gizakiarentzat. Horien artean nagusiak urrea, zilarra eta kobrea dira (platinoa, merkurioa eta beruna ere badaude, baina eskas).

Metal askeak aurkitu zituen gizakiak lehenik, noski. Aske zeuden, adibidez, urrezko pipitak erreketan, urrearen sukarra eragin zuten haiexek. Baina aurkitzeko erraza dena, galtzeko ere bai; elementu askeak topatzea, beraz, arraroa da.

Ikuspegi biozentrikoa

Lurrean metal astunen proportzioa handia ez bada ere, gizakiak gogoko dituela argi dago, eta ustiatu egiten ditu. Baina ez da gogo hutsean gelditzen. Lurraren nukleo metalikoak bizitza ahalbidetzen duen eremu magnetikoa sortzen du: magnetosfera deiturikoak Lurra inguratzen du, eta eguzki-ekaitzetatik babesten. Baina, gainera, gizakiak eta gainerako bizidunek behar-beharrezkoak dituzte metal astunak bizitzeko, haien oinarrizko funtzioetan parte hartzen dutelako.

Arrarotasuna metal astunetan
Lur arraroak metal astunak dira. Lur arraroak ez dira ez lurra, ez eta arraroak ere. Lur hitzak oxido esan nahi omen zuen XVIII. mendeko frantsesean. Garai hartan, lur arraroak aurkitu zituztenean, frantsesa zen lingua franca eta terre hitza erabili zuten elementu haiek deskribatzeko. Ikusi zuten mineraletan oso-oso proportzio txikian agertzen zirela, eta ondorioztatu zuten lurrean arraroak zirela. Geroago jakin da uste baino arruntagoak direla. Ez daude ustiatuak izateko moduko kontzentrazioetan, hori egia da, baina lur arraroetan arraroena ere, lutezioa, urrea baino 200 aldiz ugariagoa da lurrazalean.
Lur arraro deritze lantanotik luteziora doazen elementuei, itrioari eta eskandioari; baita elementu horiek sortzen dituzten konposatuei ere. Definizio batzuek aktinidoak sartzen dituzte lur arraroetan.
Aktinidoak dira aktiniotik lawrentzioraino doazen 15 elementu kimikoak. Isotopo egonkorrik ez dute: guztiak dira erradioaktiboak. Lurrazalean, uranioa eta torioa dira naturalki azaltzen diren bakarrak, aztarnak baino kantitate handixeagoan. Neptunio- eta plutonio-aztarna batzuk ere aurkitu izan dira uranio-meatan, azken horren desintegrazioaren ondorioz sortuta. Gainerako aktinidoak jalkin nuklearretan aurkitu izan dira; edo sintetizatuak izan dira, alegia, gizakiak sortuak. Oso bizitza laburra dute guztiek.
Metal astun benetan arraroak
Teknezioa eta prometioa. Oso elementu ezegonkorrak eta oso arraroak dira. Izarren atmosferatan aurkitu izan badira ere, Lurrean elementu erradioaktibo astunen fisioz soilik sortzen dira (uranioaren eta torioaren fisioaren ondorioz, besteak beste). Teknezioa izan zen gizakiak sortutako lehen elementua. Sintetizatu eta handik gutxira, 1952an, P.W. Merril astronomoak R Andromeda izarrean aurkitu zuen, lehenengoz.
Renioa eta osmioa. Planetan dagoen renio eta osmio gehiena nukleoan bertan dago, burdinarekin eta nikelarekin nukleoa osatuz. Lurra sortu zenean, urtutako burdinetan disolbatu ziren, nonbait. Lurrazalean oso arraroak dira, eta kalkulatzen da bilioiko parte bakar bat hartzen dutela bi elementu horiek. Osmioa da elementu kimikoetan dentsoena (iridioarekin batera).
Txintxurreta Agirre, Arantxa
3
232
2007
6
041
Geologia; Kimika
Dosierra
30

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia