}

Mendietako sustraiak, gero eta trinkoagoak

2002/07/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Lurrazalari eusten dion mantua denborarekin trinkotu egiten da.

Lurrazala mantu likidoan flotatzen ari da, izotza ur gainean bezala. Izan ere, mantua urtutako harriz eginda dago, eta lurrazala baino dentsoagoa da. Baina 'flotatze' hori uretakoa bezain sinplea ez dela badakite geologoek, eta hori ulertu nahian ari dira mendien dinamika aztertzen. Izan ere, mendiak flotatzen ari den geruza solidoaren zabalguneak besterik ez dira.

Guk goialdea soilik ikusten badugu ere, zabalgune horiek nahiko simetrikoak dira, hau da, mendi bakoitzeko, mantuan 'ahuspez' dagoen beste bat dago murgilduta. Simetria hori lurrazaleko higadurak desorekatzen du, eta, hori gertatzen denean, mantuak gorantz bultzatzen du lurrazala; baina kalkuluek iragartzen dutena baino askoz gutxiago altxatzen da lurrazala. Zergatik?

Galdera horri erantzuteko, Estatu Batuetako Brown Unibertsitateko Karen Fisher geologoak grabitate-azterketak eta islatze sismikoa neurtzeko esperimentuak egin ditu mendikate zaharretan zein berrietan. Ikerketa horien bitartez, lurrazalaren eta mantuaren arteko muga zein sakoneratan dagoen jakin daiteke, eta, beraz, geruza horien mugimendua aztertu.

Mugaren gorabeherak metamorfosi izeneko prozesu batek azaltzen ditu. Milioika urtetan, eta presioaren eragina dela eta, mantuaren materiala trinkotu egiten da metamorfosi horretan, eta, ondorioz, 'flotatze-parametroak' egokitu egiten dira, bi geruzen arteko mugaren kokapena, besteak beste.

Mendiek material urtuan flotatzen duten arren, ez diote ohiko fluidoen dinamikari jarraitzen, mantua denborarekin konprimitu egiten delako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia