}

Mendeleiev, Dmitri Ivanovitx

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1834-1907)

Kimikari errusiar hau Tobolsk-en (Siberian) jaio zen 1834ko otsailaren 7an. Bere familian anai-arreba asko ziren (14 edo 17 zirela esaten da, artxiboetan gauzak garbi agertzen ez direnez), Dmitri gazteena zelarik. Ama mongoliarra zuen eta aita bertako Institutuko zuzendari. Aitonak berriz, Siberiako lehen inprenta eduki zuen eta lehen aldizkaria ere berak argitaratua zen.

Mendeleiev oso gaztea zenean, aita itsutu egin zitzaien eta Institutuko lanbidea utzi egin behar izan zuen. Familiako diru-sarrerak oso urri zinela eta, amak kristal-fabrika bat antolatu zuen.

Mendeleievek aldi hartan, Siberiara erbesteratutako politikari baten eskutik kimikazko lehen hitzaldia entzun zuen. Batxilergoa bukatzen ari zela, 1849an aita hil egin zitzaion eta amaren fabrika berriz, erre egin zen.

Ordurako Mendeleieven anai-arreba guztiak hazi eta etxetik joanak ziren. Horregatik, harez gero ama bere seme gazteenaren hezkuntzaz arduratu zen. Moskura joan ziren, baina han ez zuten inolako arrakastarik lortu, unibertsitatera sartzerik izan ez zuelako. Handik San Petersburg-era aldatu ziren eta han aitaren lagun baten laguntzari esker, Mendeleievek unibertsitatera sartzea lortu zuen. Ama ikasten hasi eta laster hil zitzaion.

Mendeleiev unibertsitateko ikaslerik onena izan zen. Karrera amaitu zuenean, Frantzian eta Alemanian osatu zituen bere ikasketak.

Heidelberg-en aritu zen praktikak egiten, Bunsen-ekin lan egitea tokatu zitzaion eta Karlsruheko Kongresu nagusian parte hartu zuen. Han Cannizzaro-ri elementu kimikoen pisu atomikoari buruzko ideiak entzun zizkion eta txundituta geratu zen.

San Petersburgera itzuli eta kimika-irakasle izan zen 1866. urteaz gero. Errusiako hizlaririk jakintsuena eta interesgarriena izan zen, baita Europako onenetakoa ere. 1868 eta 1870. urte bitartean Kimikaren printzipioak izeneko testu-liburua idatzi zuen; errusieraz idatzitako orduko onena ezezik, inoiz idatzi den onenetakoa, hain zuzen.

Mendeleiev zientzia eta teknikaren atal desberdinez arduratu zen. Isomorfismoaz, gasen konpresioaz eta airearen ezaugarriez gain, besteak beste nekazaritzaz, industria kimikoaz eta aeronautikaz egin zituen lanak. Politikan ere gobernuarekin izan zituen bere gorabeherak. Ikasleek jasandako zanpaketaren kontra mintzatzen zelako, agintariek behin baino gehiagotan mehatxatu egin zuten.

Dena dela, Mendeleievek kimikari egindako ekarpen ezagunena eta bikainena bere Elementu Kimikoen Taula Periodikoa da. Mendeleiev elementu kimikoak pisu atomikoa kontutan hartuta ordenatzen hasi zen, txikitik handira. Berehala gauza interesgarri bat aurkitu zuen Frankland-ek hamabost urte lehenago esplikatutako balentziaren propietateei buruz. Mendeleieven taulan bigarren elementua litioa zen eta bat balentzia zuen, hau da, atomo bakar batekin konbina zitekeen. Zerrendako hurrengo elementua, berilioa, bi balentzia zituelako, bi atomo desberdinekin konbina zitekeen. Hurrengoak, boroak hiru balentzia zituen, eta gero karbonoak lau. Ordena hain zuzen 1, 2, 3, 4, 3, 2, 1 zen.

Mendeleievek bere garaian ezagutzen ziren elementu kimiko guztiak (63 ziren orduan) pisu atomikoen arabera ordenatu ahal izan zituen, balentziaren gorakada eta beherakada periodikoak lortu zituelarik.

Elementuak lerroka ordenatu zituen, lerroak elkarren azpian eta balentzia berdineko elementuak zutabe berean ipiniz. Zutabe edo lerro bereko elementuek gainera, beste zenbait propietate kimikotan antz handia zuten.

Propietateak eta balentziak gora eta behera aldika egiten zutelako, "Elementu Kimikoen Taula Periodiko" deitu zioten 1869an lehen aldiz Mendeleievek argitaratutakoari.

Mendeleieven taulak zabalkunde izugarria izan zuen. Lehen aldiz zientzilari errusiar baten lanari berehala jaramon egin zioten, ordurarte ez bezala. Errusieraz egindako taula laster itzuli zuten alemanerara, zientzilari gehienen esku utziz. Egia esan, zientzilariek ez zuten Mendeleieven lana berehala onartu, ordurarte elementuak ordenatzeko saioek porrot egin zutelako.

Mendeleievek ez zuen etsi eta bere taula hobetuz joan zen. 1871.eko urtarrilaren lan Journal of the Russian Chemical Society aldizkarian argitaratu zuen eta bertan hutsuneak utzi zituen artean ezagutzen ez ziren elementu kimikoentzat, elementu ezezagun horien ezaugarri kimikoak aurresanez. 1875ean Lecoq de Boisbaudran-ek aurkitu zuen Mendeleievek iragarritako lehen elementua, Nilson eta Cleve-k 1879an bigarrena eta 1885ean Winkler-ek hirugarrena.

Mendeleievek 1905ean testu-liburu bat argitaratu zuen, ordurarte kimikan egindako aurrerapenak adieraziz. Berehala itzuli zuten ingelesera, ordurako oso kimikari ospetsu baitzen. Sari asko irabazia zen eta 1906an ia Nobel Saria ere eman zioten; boto bateko aldeaz lortu baitzuen Moissan-ek.

San Petersburgen hil zen 1907ko otsailaren tan eta urte batzuk geroago (1955ean) aurkitutako 101. elementu kimikoari mendelevio izena eman zitzaion bere ohorez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia