}

Mende-laurdena polimeroekin lanean

2000/09/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Datorren hilean 25 urte izango dira Donostiako Kimika Fakultatea ireki zela. Honakoa, atzera begira jarrita, ikastetxe honetako historia jasotzeko aukera paregabea da. Zeregin hori era askotara egin zitekeen, baina oraingoan beste batzuk bezala historia horren partaide diren hiru lagun bildu dira mahaiaren inguruan: Isabel Goñi, Antton Santamaria eta Jon Nazabal. Fakultatearekin batera egin dituzte azken 25 urteak. Grabagailua aurrean dutela, tarte handirik gabe ekin diote hitz egiteari .

Gaur egun Kimika Fakultatea Ibaetako Campusean dago kokatuta, gainerako fakultateekin batera, baina duela 25 urte Altzan zegoen; orduko Donostiako hiri-inguruan, alegia. "Hark ghetto itxura zuen. Orain Altza ezagutzen dugu eta badakigu nolakoa den, baina duela 25 urte oraindik urrunago zegoen. Donostiako kanpoaldea zen hura, jendea lo egitera beste ezertara ez zen joaten auzora. Tontor batean zegoen, aldenduta. Fakultatea jartzeko oso toki arraroa zen hura". Beharbada norbaitek pentsa lezake Donostiako gainerako fakultateen egoera ere antzekoa zela, baina hori ez omen da horrela. "Ez, ez. Zuzenbideko Fakultatea adibidez, eta Ingeniaritza Eskola dagoeneko hemen zeuden. Altzako Lanbide Eskola zaharra zegoen eraikinean izan ginen. Tokia handia zen, baina ez aproposa: euria egiten zuenean ura bulegoetan, laborategietan, gelatan eta abarretan sartzen zen, haizeak ere bereak eta bi egin zituen, laborategien azpian oilategia zegoen... lotsa ematen zigun jendea laborategira eramatea". Jakina, aldi baterako joan omen ziren. "Hiru urterako joan ginela esan ziguten, Martin Guzmanek berak esaten zigun espezialitatea fakultate berrian egingo genuela, baina azkenean dozena bat urte pasa genituen".

Altzako egoitza utzita, Ibaetara 1987. urtean etorri ziren Kimika Fakultateko irakasleak eta ikasleak. "Gauzak asko atzeratu ziren. Azpiegiturak egiteko dirurik ez geneukan garai hartan eta, horregatik, fakultatea berandu eta gaizki egindakoa da, batez ere inguruko beste batzuekin konparatuz gero. Zimenduak jartzea oso garestia izan zen, lur hau guztia padura delako. Gainera, aurrekontua onartu zenetik fakultatea egin zen arte urte asko igaro ziren... horrek dakarren guztiarekin".

Egituraren eta egoitzaren egoera kaskarra izan arren eta hainbat eragozpen sortzen zituen arren, hiru lagun hauen iritziz orduko giroak konpentsatu egiten zuen guztia. "Sekulako oroitzapenak ditut. Irakasleak eta ikasleak elkarrengandik oso gertu geunden, orain baino askoz ere gertuago". Izan ere, duela 25 urte Kimika Fakultatean ez zegoen masifikazio-arazorik, 120 ikasle inguru hasi baitziren lehen promozio hartan. Horientzat 10 bat irakasleren lan-taldea zegoen, Kimika, Fisika, Geologia, Matematika eta Biologia irakasteko, horiek baitziren ikasgaiak. Hortaz, fakultate baino gehiago ikastetxe-itxura zuen Kimika Fakultateak. Hori bai, irakasleak eta ikasleak elkarrengandik gertu egoteak ez zuen -horrela pentsa daitekeen arren- faborezko traturik ekarri ikasleentzat. Pentsa, lehen promozioa hasi zuten 120 lagunetatik 33k soilik amaitu zituzten ikasketak ikasturterik galdu gabe.

Kimika Fakultate honetan polimeroen alorrak garrantzia berezia du. "Ikasturteko hirugarren urtean ginenean, espezializazioaren aurretik, gogoratzen dut nola etortzen zen, batetik, Martin Guzman polimeroen aldeko propaganda egiten, eta, bestetik, Alberto Gonzalez, kimika orokorreko adarraren aldekoa egiten". Antton Santamariak dioenez, fakultatea polimeroekin lan egiteko sortu zen. "Hori zen helburua, polimeroen arloa sustatzea. Ikasketa-plangintza guztia polimeroei begira zegoen, baina gerora kimika orokorraren ikasketa-plangintza ere eratu zen. Katedradunak erakartzea zuen helburu adar berria irekitzeak, kanpotik etortzen zirenek ez zekitelako ezer polimeroei buruz. Horregatik, fakultatea ez zitzaien gehiegi gustatzen". Bistan denez, sasoi hartan borroka handi samarra zegoen polimeroen zaleen eta kimika orokorraren zaleen artean.

Ikuspegi historikoa kontuan hartuta, Isabel, Antton zein Jon guztiz bat datoz esatean polimeroen aldeko apustua egitea apustu bikaina izan zela. "Espainian Kimika Fakultate gehiegi dago, unibertsitate guztietan -pribatuetan barne- dago bakarren bat. Alde horretatik asko daudela nabarmena da, eta polimeroei buruzko ikerketa egiten duen bakarra hauxe da. Gainera, lanpostua lortzeko, polimeroetako adarrak ikasten dituztenek gaur egun askoz ere aukera gehiago dituzte. Industrian eta ikerketa-arloan polimeroek garrantzi handia dute, baita gizartean... eta polimeroak -plastikoak, biopolimeroak, polimero naturalak...- bakarrik hemen ikertzen ari dira. Beste fakultate batzuetan ere sartzen ari dira, baina bere osotasunean hemen baino ez dira eskaintzen. Zientzia mailan polimeroek ere gero eta garrantzi handiagoa dute; adibidez, azken hamar urteetan bi Nobel sari polimeroen inguruko ikerketei eman zaie. Fakultatea aitzindaria izan da, egun eredu da, eta duela 25 urte oso gauza bitxia zen". Euskarak ere betidanik izan du tokia Donostiako Kimika Fakultatean, bigarren urtetik aurrera eskolak euskaraz ematen hasi baitziren. "Hasieran irakasleak euskaraz bazekielako ematen ziren, beste barik. Gero, berriz, euskal adarra eratu zen. Guztion ahalegina izan zen hura: irakasleen ekimena, ikasleen eskakizuna... lehen promozio hartan bazeuden euskarazko eskolen alde jarri ziren ikasleak, oso talde gogotsua zen. Irakasleen artean, Luis Bandresen "azpilana" -zentzu onean esanda- aipatu behar, idazkari izan zen hainbat urtetan, bazekien gauzak nola mugitu...".

Ikasketak alde batera, Kimika Fakultateko 25 urte hauek markatu dituzten hainbat gertakari eta pertsonaia ere izan dira: fakultateko jai entzutetsua, San Alberto adibidez, orain dela gutxitik egiten ez dena "...edan besterik ez zelako egiten, lotsagarria zen. Lehen fakultateko jaia izaten zen, irakasleok ere parte hartzen genuen antzerkia eta abar egiten"; harrera-lekuko Txaro; Etxenikeren goi-mailako ikerketa-zentroa eratzea... 25 urte pasatu dira, ez alferrik, ordea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia