Materia-antimateria asimetria barioietan behatu dute lehenengoz
2025/07/16 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Materiaren eta antimateriaren arteko asimetria barioietan behatu dute lehenengoz, CERNeko LHCb esperimentuan. Karga-parietate urratzea edo CP urratzea deitzen zaion efektu hori Fisikaren Eredu Estandarrak iragartzen du, eta duela 60 urte baino gehiago behatu zen mesoietan; baina orain arte ez da behatu barioietan, unibertsoko materia gehiena osatzen duten partikuletan. Nature aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.
Eredu kosmologikoen arabera, materia eta antimateria kantitate berean sortu ziren Big Bangean. Ondoren materia eta antimateria elkar deuseztatu zuten, eta erradiazioa sortu, antimateria agortu zen arte. Arrazoiren batengatik, materia apur bat (eta erradiazio asko) gelditu zen, eta materia horrek osatzen ditu, galaxiak, izarrak, planetak eta gu geu. Desoreka hori materiaren eta antimateriaren portaera desberdintasunen bat dagoelako gertatu zela uste da: CP urratzea, hain zuzen ere.
Laborategian neurtu izan diren CP urratzeak bat datoz Eredu Estandarraren iragarpenekin, baina, orain arte, mesoien desintegrazioetan baino ez ziren ikusi, quark eta antiquark batez osatutako partikuletan. Materia arrunta, ordea, hiru quarkez osatutako partikulez (protoiak eta neutroiak) eta elektroiz osatuta dago. LHCn protoien arteko talketatik jasotako datuak aztertuz, atzeman dute barioiek eta antibarioiek desintegratzean portaera desberdina dutela; alegia, CP urratzea gertatzen dela. Zehazki, ikusi dute Lambda_b barioiaren eta haren antibarioiaren desintegrazioan desberdintasun nabarmena dagoela.
CP urratze hori teorikoki iragarrita zegoen, baina ez da nahikoa Big Bangeko materia-antimateria asimetria azaltzeko. Edonola ere, ikertzaileek azpimarratu dutenez, urratze horren xehetasunak esperimentalki aurkitzeak pista garrantzitsuak eskain ditzake CP urratzearen izaera ulertzeko esperimentu eta azterketa teoriko berriak egiteko; baita Eredu Estandarretik harago bilatzeko ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia