}

Mario Sáenz de Buruaga: “Animaliak ehiza baino lehen fauna dira”

2003/11/07 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ehiza-garaian gaude bete-betean. Ez gara ehizaren eztabaidan sartuko, kudeaketari heldu nahi izan baitiogu. Horregatik jo dugu horretan urteak daramatzan M. Sáenz de Buruaga biologoarengana. Consultora de Recursos Naturales, S.L. enpresako zuzendaria da eta Gasteizen duten bulegoan hartu gaitu.

Jada ehiza-garaia ondo aurreratuta daukagu, eta, Euskal Herrian, ehizaren kontrakoez gain, ehiztari asko dago. Zenbat ehiztari edo lizentzia dago?

Aldatu egiten da urtez urte; ez dakit zehazki zenbat diren, baina uste dut 40.000 inguru direla. Euskal Herrian munduko bigarren ehiztari-dentsitate altuena dago; Maltan dago altuena.

Baina ba al dago guztientzat ehizarik? Zer ehizatzen dute?

(Argazkia: E. Imaz).

Euskal Herrian, beste toki askotan bezala, ahal dena ehizatzen da. Baina bi gune bereizi behar dira: Bizkaian, Gipuzkoan eta Iparraldean, nagusiki migratzaileak ehizatzen dituzte. Araba eta Nafarroako hegoaldean, berriz, migratzaileak intentsitate txikiagoz ehizatzen dira, eta espezie sedentarioak ere ehizatzen dira, nagusiki eperra, erbia eta untxia. Ehiza xeheaz ari naiz, betiere. Ehiza larriari dagokionez, Euskal Herri osoan ehizatzen da, basurdea, orkatza eta oreina kasu. Ehiza larriarentzat garai onak direla esan daiteke, eta txarrak ehiza xehearentzat.

Jende gutxiago aritzen da ehiza larrian?

Beti egon da jende gutxiago, nahiz eta xehetik larrirako aldaketa sumatzen ari den, nagusiki basurdea eta orkatza ehizatze aldera. Era berean, ehiza sedentarioan aritzen ziren batzuk oilagorraren ehizara pasa dira, azken hau betidanik askoz ere minoritarioagoa izan den arren. Horregatik, hainbat oilagor-ehiztari peto-peto kexu da azken hamar urteotan; masifikatzen ari dela diote.

Ehiza egiteko hainbat modu daude. Zein dira ohikoenak gure inguruan?

Ohikoenak, ehiza xehearen eta migratzaileen barruan, zalantzarik gabe, hauek dira: uso-postuetatik egiten den usoaren ehiza; baita ehiza-zakurrarekin egiten den oilagorraren ehiza ere. Araban, zakurrarekin egiten den eperraren eta galeperraren ehiza ere bai. Eta, ehiza larrian, uxaldiak basurdeetara eta, azken urteetan, orkatzaren zelatako ehiza. Gorbeian (Araba eta Bizkaian) oreinetarako uxaldiak ere egiten dira.

Orkatza asko ugaritu da, ezta?

Orkatza, Euskal Herrian gero eta gehiago ehizatzen den espeziea. (Argazkia: E. Imaz).

Bai, Euskal Herri osoan. EAEn Arabako Kuartangoko kotoa izan zen orkatzaren ehiza baimendu zuen lehena eta, gaur egun, urtean 100 baimen ematen dira orkatzetarako; eta esango nuke isileko ehizean beste horrenbeste ehizatzen direla, gutxienez.

Bestalde, Bizkaian eta Gipuzkoan sartzapenak ere egin ziren, baina, nire ustez, gaur egun ehiza larrian sartzapenak egiteak ez du zentzu handirik, ez da behar; bueno, agian puntualki hobetze genetikoak eta egiteko bai, baina bestela ez. Beren kasa ari dira ugaritzen, Europa osoan bezalaxe, aldaketa sozioekonomikoek eraginda.

Babesguneak izendatzean edo espezieren bat ehizatzea debekatzean, kexu izaten dira ehiztariak, ez zaie gustatzen, baina neurri hori bera beste lurraldeetan hartzea mesedegarria da hemengo ehiztarientzat.

Migratzaileen ehizean bada printzipio bat, solidaritate printzipioa, baina ez da kontuan hartzen. Horregatik inoiz ez zait gustatu kontrapasa. Ez ehizatzen den uso-kopuruagatik, ez baita handia, baizik eta itzuleran datozen uso horiek joaneko bidaia luze batean bizirik iraun duten eta ugaltzera itzultzen diren usoak direlako. Eta ez dut daturik hori baieztatzeko, baina pentsatu behar dugu hori lortu dutenak indartsuenak direla, noski, edo gene egokienak dituztela. Ez zait txukuna iruditzen Finlandiatik, Alemaniatik edo Danimarkatik abiatu, joaneko bidaia luzean tirokatu, Extremadura eta Alentejoko negupasan ere tirokatu eta kumatzera itzultzen direnean berriz ere ehizatzea. Eta, gainera, espezie asko kumatzen ari den garaian. Hori guztia esatean, beti erantzuten dute 3.000 uso besterik ez dituztela hiltzen; berdin dit, gehiago hil zitezkeen, kontua ez da hori.

Baina aipatu duzuna oso garrantzitsua da; izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan ehiza migratzailea dago, eta, beraz, pasako baliabide bat ustiatzen dugu, produzitzen ez duguna, eta ez dago plataformarik Europa mailan lan egiten duenik nazioarteko ehiza-planak egiteko. Hori benetan interesgarria litzateke: Bizkaiko Foru Aldunditik Danimarkako, Alemaniako, Finlandiako eta Errusiako erakundeetara deitu, eta, adibidez, oilagorraren zentsoetan oinarrituta, esan dezatela, "aurten oso gaizki kumatu du, eta ezin da ohi bezala ehizatu". Baina horrelakorik ez dugu; beti esaten dut Bonn-go hitzarmena (hegazti migratzaileak eta abar biltzen dituena) ez dela aplikatzen, eta estatu bakoitzak ahal duen moduan egiten edo desegiten dituela gauzak. Eta hori da gure arazo larrienetakoa.

Bai, baina alde atlantikoan, hots, terreno libreetan, lurralde osoan libre ehiza daiteke eta babestutako edo kontserbaziorako guneak dira isolatu behar izaten direnak, ez ehizakoak.

Bai, bueno, ni irizpide horretan ez naiz horrenbeste sartzen. Niri ez zait gustatzen kontserbazioa ehizetik bereiztea. Inozoa izatea bada ere, pentsatu nahi dut ehizak inoiz ez duela arazo izan behar kontserbaziorako; hori horrela balitz, nire ustez, ehiza debekatu egin beharko litzateke. Nik oso argi dut hori.

Lehen ehiza egiteko moduak aipatu ditugu; bakoitza desberdin kudeatu beharko da, ezta?

Bai, noski. Migraziokoan, adibidez, nik kupuekin kontuz ibiltzea aldarrikatzen dut. Horrekin, gutxienez, batzuetan, ehiza migratzaileak EHan izaten dituen sedentarismo gogorreko egun horietan —hotzaldiak direla, eguraldi txarra…— izugarrizko harrapaketak egitea eragozten da. Oilagorretan gertatzen dira halakoak, adibidez; gaur egun, ehiztariko eta eguneko 2-3 oilagor nahikoa iruditzen zait.

Sedentarioetan kasuan-kasuan aztertu beharko litzateke. Batetik, eskura dagoen populazioa aztertu behar da; bestetik, habitataren oinarrizko azterketa egin behar da. Hori guztia kupo batean islatu behar da eta, azkenik, jarraipena egin.

Jarraipenik egiten al da?

Kezkagarria da, baina zati hori ia erabat albo batera utzita dago. Oso plan ona egin genezake, bost urtera eredu demografikoak finkatuz, baina bigarren urtean kotoa erre egin bada, plana berraztertu beharra dago; edo bi urtez izugarrizko lehortea izan badugu, berdin. Jarraipenaren-fase hori araudian nola artikulatu zen ez zait asko gustatzen. Teknikariak plana egiten du, eta ehiztarien eta abarren fede onean sinetsi behar da.

Kontuz, hala ere. Normalean, kupo eta planekin ehiza gehiago mugatzea izaten dugu gogoan. Baina kontrakoa ere gerta daiteke. Nafarroan, esaterako, azken bi urteotan, untxi-populazioa asko hazi da; hori zoragarria da ikuspuntu ekologikoaren aldetik; berriz ere untxiak barra-barra. Oso ondo, baina lehengo planean eguneko 2 untxi ehiza bazitezkeen, orain, agian, 10era igo daiteke kupoa, akaso nekazaritzan kalte asko egiten ari delako; edo, agian, untxiaren kupoa igota eperren zein beste espezieen kupoa jaitsi ahal izango da horiekiko presioa gutxitzeko. Planak erreminta dinamikoa izan behar du.

Kudeaketan zein da helburua? Ehiza-etekina soilik, kontserbazio irizpideak hartzen dira kontuan?

Teorian, ordenazio plan batean predatzaileak, fauna nola dagoen, harrapariak… kontuan izan beharko lirateke, niri oraindik ere horrela egitea gustatzen zait.

Baina bada esatea asko gustatzen zaidan gauza bat: nire ustez ehizatzen diren espezieak, ehizaki izan aurretik, basa-fauna dira, ekosistema baten baitan daude, eta batzuk harrapari dira eta beste batzuk harrapakin. Hau da, niri, kudeatzaile naizen aldetik, ez dit balio esateak "arranoak eper bat jan dit". Arranoek eperrak jaten zituzten lurralde bat kotoa izan aurretik, eskopetak asmatu aurretik, eta abar. Eta, bestetik, nik, noski, planifikazio zinegetikoa bultzatzen dut urte askotatik hona, erreminta bat delako, nahiz eta toki askotan, zoritxarrez, tramite hutsa izan oraindik ere.

Bai, baina, akaso lehengo untxi-kopuruarekin eta kupoekin arrano bakarra elika zitekeen ozta-ozta. Untxia gehitzean, ordea, kupoa igo eta arranoak lehengoan jarrai dezala? Edo horien egoera hobetzeko aukera ere aztertzen da?

Bai, hori litzateke egokiena, baina ezin dugu inor engainatu; normalean, plan nahiko handia eta bezero on bat ez badaukazu, ehiza bera da planaren muina. Teknikari batek animaliak ehiza baino lehen fauna diren printzipioa erabili eta ekosistema osoa ikusi behar luke. Baina zentsoetan ez dugu horrenbeste lan egiten harraparien dentsitateekin. Zergatik?

Ehiztariak ezin du doktore-tesi bat ordaindu plan bakoitzean. Galdera honetan teknikarien erabateko etika aldarrikatzen duzu eta horrek kezkatu egiten nau, badakidalako planak mahaitik altxa gabe egin dituzten teknikariak badirela.

Historikoki ‘piztiak’ hil egin izan dira kotoetan. Oraindik egiten da horrelakorik?

Bueno, hitz herrikoiak gustatzen zaizkit eta ez zait gustatzen gal daitezen, beste edozein hitz bezala, baina, tira…, bai harrapariak, hori baitira azken finean piztiak, eta arazoa sortzen dituzte zenbait tokitan; hori argi esan behar da. Hori bai, harrapariek izen-abizenak dituzte; izan ere, ehiztari batek esaten badit halako toki arranoz josia dagoela, erakusteko esan eta miru gorrien pasa bat erakusten badit…, tira, ehiztaria den aldetik jakin beharra du miruak direla, miruak migratzaileak direla, erakusten ari dena migrazioa dela, nagusiki sarraskijaleak direla, eta, azken finean, ehizari batere kalterik ez diotela egiten.

Ekologian harrapari generalista izendatzen ditugun horiek toki askotan arazoa dira; eta, izen-abizenak? Nagusiki azeria eta korbido batzuk, batez ere belea, eta koto batzuetan belabeltza. Gainerakoan, benetan erbi, untxi eta eperrak hil ditzaketenak, arrano beltza, eguzki-arranoa, hontz handia, aztore-arranoa eta abar, zoritxarrez, oso gutxi dira. Eta, bestetik, karniboroak daude; nik uste dut, oro har, inon ez direla arazo.

Bestetik, generalistei aurre egiteko arazo asko ditu ehiztariak. Ez dago tranpa-sistema homologaturik eta, gainera, horien kontrola oso tradizio gutxikoa da, interes gutxikoa, neke handikoa, eta, gainera, ez dute batere interes gastronomikorik. Ehiza-garaia bukatzean, ehiztariak ahaztu egiten dira; ondo legoke baimenak eska zitzen korbidoak gutxitzeko, adibidez. Garai batean astakeria bat egiten zen: pozoia erabili. Gaur egun, ordea, beste teknika batzuetara jo behar da: tranpa-sistema bat homologatu, bizirik edo hilda jasotako animaliak norabait eraman… Baina gure araudietan hori ez dago finkatuta. Horrelakoetan, iparramerikarrak ez dira epelkerietan ibiltzen. Koto bat azeriz edo beteta baldin badago, hil egiten dituzte; baina hil behar badira furtibismorik gabe egin dadila.

Bai, baina nor gara horien kontrolaz erabakitzeko? Demagun azeriak harrapakinen lepotik ugaritu direla; zenbateraino sar genezake eskua?

Jabeen, titularren eta administrazioaren arteko marko komertzial bat finkatuta dagoen unetik beretik joko-arau batzuk daude. Ez du balio esateak hemen kobratu egiten dugula, kudeaketa egiten dugula…, baina eperren kapitalarekin amaituko duen azeri-ugaritze handia badago, ezin dela azeririk ukitu. Ez litzaidake ondo irudituko. Azkenean, ehizak, jarduera gisa, desagertu egin behar duela esan beharko genuke, eta ekosistemak bere kasa jarrai dezala. Baina, logikoki, bere kasa hori ez da era naturalean jarraitzea; administrazioak, adibidez, asko ordaindu beharko lieke basozain edo kontratatuei azeriak akaba zitzaten, gaixotasun-arriskua dela eta, edo kumatzen ariko liratekeen espezie babestuak (atalarrak, basoiloak… adibidez) kaltetuko lituzketelako.

Bestalde, ez dut ehizaren errentagarritasun ekonomiko hutsa aldarrikatuko, baina ez dut alde batera utziko. Izan ere, landa-populazioa gutxitzen ari den tokietan, ehizak, gutxienez, mugimendu ekonomiko garrantzitsua sortzen du (Estatu espainiarrean 400.000 milioi pezeta mugi ditzakeela kalkulatu da. Gainera, mendi guztiak erabat ixten ari dira; zoragarria orkatz eta basurdeentzat. Eta zer? Ehiztarientzat ere oso ondo! Ez, ez, mosaiko guztiak, ekotono guztiak, landaketa tradizionalen kultura… hori guztia galdu egin da. Gaiak askorako emango luke, paisaiaren ekologiaz eta ari baikara hizketan…

Baina analisi hori erabat humanizatutako egoera batetik abiatzen da; ekotonoak, mosaikoa eta dibertsitatea sortu dituena, baina betiere humanizazioaren ondorioz. Iberiar Penintsula ‘natural’ batean ez litzateke basoilo askorik egongo. Eta baten batek hori aldarrika lezake, hain zuzen.

Erabat ados, basoilorik ez luke egon behar. Agian hau guztia beste zerbaiterako eboluzioa da eta horrela izan behar du. Baina bakoitzak tokatu zaion garaian bizi behar du. Nik inoiz esan izan dut, agian, basoiloen iraungitzearen hasiera iritsi dela; oso gogorra da, baina… ulertzekoa da. 2003ko kudeatzaileak basoiloak babesten saiatu behar du, baina nekazaritzako politika komunitario berriak, ureztatzeak direla… horrek guztiak basoiloa desagerrarazten badu, tira, hori erabat boluntarioki egiten bada, oso eztabaidagarria izango da, baina hala erabaki da.

Ehiza-kantitatean alderik badago kotoen eta koto ez diren lurraldeen artean?

Kotorik ez dagoen tokietan, hau da, ehizatzea librea den lurraldeetan, ez dago ehizarik. Eta, beraz, frogatuta dago gutxieneko kudeaketa bat duen lurraldea, faunari dagokionez, beti hobea izaten dela lur libreekin alderatuta. Horregatik ari dira lurralde libreak desagertzen. Gaur egun, esan liteke koto pribatuak nagusitu direla elkarte autonomo guztietan. Hemen, Araban, badira koto pribatuak eta badira koto sozial batzuk ere, administrazioak kudeatzen dituenak.

Kotoetako fauna hori erabat ehizatzeko espezieek osatzen dute; espezie horiek egiten den kudeaketaren eraginez dira nagusi?

Ez, ez dira nagusi, zoritxarrez (irribarrez). Azken finean, biologo edo teknikari batentzat ez da hain erraza horrelako esku-hartzeak egitea eta asmatzea. Dena den, nire ustez, koto pribatu batek ehiza-plan ona badu, ehiza-planik ez duen edo oso txarra duen lurraldeak baino animalia-dentsitate hobea izaten du, normalean. Eta ondo landutako planek epe jakin batean eper, orkatz eta abarren dentsiate jakin batzuk lortzeko helburua dute, ustez.

Ehizarako espezieak edukitzeak eta kudeatzeak beste espezieei ere mesede egiten die, espezie enblematikoekin gertatzen den eran?

Hartza eta horrelakoak aterki-espezie deitzen ditugunetakoak dira. Hartzaren kudeaketa ona egitean, ustez basoaren kudeaketa ona egiten da eta hori beste hainbaten mesederako da. Ehizaren kasuan, ehizakiak espezie harrapakinak izan ohi dira, piramide trofikoan behean daudenak, eta ez dut ikusten aurrekoek bezala jokatzen dutenik. Noski, planifikazioaren ondorioz kupoak errespetau egiten dira eta habitatak hobetu... eta, printzipioz habitat-hobetze horiek ekosistema guztiarentzat ere mesedegarri izan daitezke; ikuspuntu horretatik begiratuta bai, mesedegarri dira.

Inork lortuko balu untxiak dituen bi gaixotasunak sendatzea –lortuko ahal da!–, ona izango litzateke ehiztarientzat, noski, baina mesedegarri litzateke eperrarentzat ere, ehiza-presio gutxiago izango lukeelako; eta ona litzateke arranoentzat, katamotzentzat eta beste hainbatentzat ere.

Habitat-hobetzeak aipatu dituzu. Bazkarik ematen zaie ehizakiei edo babeslekurik egiten zaie?

A. Elosegi

Bueno, badira hobetze pasiboak, babeslekuak, erreserbak eta horrelakoak, baina ez dago batere argi funtzionatzen duten edo ez, diseinuaren, kokapenaren eta horrelakoen arabera aldatu egiten baita emaitza; eta, nik dakidala, ez dago ikerketarik erreserba horien onura edo eraginkortasuna frogatzen duenik. Inpresioak eta usteak eta badaude, baina zientifikoki aztertuta eta…, nik ez dut daturik.

Eta esku-hartze aktiboei dagokienez, hau da, habitat-hobetzeei dagokienez, ni aldeko sutsua naiz. Gainera, gure taldean ditugun esperientziak oso positiboak dira. Baditugu erabateko esker ona adierazi duten ehiztariak oso ekintza xumeak eginda. Esaterako, erbiek jateko partzela batzuk ereitea; mendiko hainbat tokitan, halako laborearekin eta hazi-kopuru jakin batekin hainbat partzela ereinteko esan, eta hurrengo urtean kotoak beste bat zirudien. Erbiek jatekorik ere ez zuten. Beste batean, urtean bi hilabetez edalekuak jarri genituen, izugarrizko txita-piloa hiltzen zen egarriak jota eta.

Bazka asko ematen da?

Ez, asko ez, baina kudeaketa desberdina da toki batetik bestera. Esaterako, iaz, Cadiz-ko orkatz-koto batean izan nintzen; orkatzak ikusteko zoragarria zen, baina niri ez zitzaidan gustatu: guztia askaz betea zegoen. Ez diot gaizki dagoenik, baina hori ez da nik oro har lortu nahi dudan kudeaketa, ekosistemaren funtzionamendu naturalaren ahalik eta antzekoena den kudeaketa nahi izaten dugulako. Une jakinetan elikagaiak emateari oso ondo deritzot –neguan…–, baina bazka emateak baditu bere arazoak, bereziki ehiza larrian, animaliak otzandu egiten baitira.

Oilategi batean sartu eta ehizean aritzea bezala litzateke.

Ez da horrenbesterako. Bueno, izan badira kasuak. Hemen ez da horrelakorik gertatzen ehizaldietarako finka handiak eta ez dauzkagulako, baina hegoalderago bai; haietan ehiza-egun batek bere prezioa du, eta horrenbeste orein, mufloi, adarzabal… ziurtatu behar dituzte. Erabateko askatasunean ehizatzen dutelako ustea dute kotoek 15.000 hektarea dituztelako, baina erabat hesituta daude, kontzentrazio-esparruak dira. Eta kontzentrazio-esparru horietan 50 edo 200 aska baldin badaude, goizean ehiztaria iristean oreinak hurbildu egiten zaizkio, batzuk, nik ikusia, eskuraino. Horrek, nire ustez, ikuspuntu zinegetikotik ez du batere baliorik. Batere ez. Baina badago tiro egitea besterik nahi ez duen jendea. Hori niretzat haztegi bat, granja bat besterik ez da. Ez diot gaizki dagoenik, pentsa zer diodan, baina niretzat oiloak bezalakoxeak dira. Olioak oilategian hil ordez, kanpora askatu eta bertan hiltzea bezala da. Hori ez da ehiza kudeatzea. Dena den, oro har, ehizarako hobekuntzak oso emaitza onak ematen ari dira eta bereziki ehiza xehean, horretan ez baitago otzantze-arazorik.

Eta birpopulaketak, asko egiten dira?

Ni ez nago birpopulaketen aurka, baina bai aurretik beste lanik egin gabeko birpopulaketen aurka. Hori argi eta garbi. Ez dut sinesten koto batean askatutako haztegiko eperrik onena –genetikoki ona, osasun ezin hobekoa, trebatzegune ona duen haztegikoa…– kotoan bertan jaiotako edozein eper baino hobeto prestatuta dagoenik; ez dut sinesten. Eta, noski, kotoan jaiotako eper guztiak zerbaitegatik hil badira, kanpotik ekarritako horiek guztiak ere hil egingo dira.

Batzuetan, kudeaketa-neurri gisako birpopulaketa horiek igandean askatu eta ostegunean ehizatzea besterik ez dira, ia-ia; ehiztarien dirua da eta hor konpon, baina ez diezadatela hori kudeaketa-plan batean sartu. Nik epe motzera baldin bada ez dut kudeaketa-neurritzat hartzen; hori, izatekotan, ehiza intentsiboa da. Gure plan batean birpopulatu egingo dela esaten badugu, lehenengo kotoa aztertzen dugu, eperrak edo dena delakoa ez egotea eragiten duten faktoreen aurka egiten saiatzen gara, eta, orduan, birpopulaketari ekiten diogu, populazioa indartzeko, oso baxu dagoelako eta artifizialki laguntzea behar duelako. Eta birpopulaketa batean egiten den lehenengo gauza hainbat hilabetean ehiza debekatzea da, badakidalako askatutako 100 eperretatik 70 hil egingo direla, eta gainerako 30ek kumatzea nahi dudalako. Utz dezagun kuma dezaten.

Horregatik gustatzen zait animaliak askatzea eta birpopulaketa bereiztea. Askatzeak egun batetik besterako egiten diren horiek guztiak dira, engainu modukoak direnak; horietan kalitate genetikoa eskatu besterik ez dago. Bestetik, birpopulaketak daude: horietan, aurrekoetan adinako kaliateaz gain, plan bat landu izana eskatu behar da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia