}

Malariaren kontrako tratamendu berritzailea

2002/02/15 Elhuyar Zientzia

Plasmodiun bizkarroiak kutsatutako globulu gorriak.
Science

Malaria-kasu gehienak Saharaz hegoaldeko Afrikan izaten direla eta botika merke eta eraginkorrak behar dituztela ezagun da. Montpellier II Unibertsitateko eta Frantziako CNRS erakundeko ikertzaileek garatutako estrategiak eskakizun horiek beteko dituela ematen du. Plasmodium bizkarroiak gorputzean zabaltzeko erabiltzen duen estrategiatik abiatuta, saguak eta tximinoak sendatzea lortu dute.

Plasmodiun bizkarroia odoleko globulu gorrietan sartu eta ugaltzen da. Barruan dela, bizkarroi bakoitzak 20 bat ondorengo sortzen ditu, gero irten eta globulu gorri osasuntsuak kolonizatuko dituztenak. Bizkarroia gai da odoleko globulu gorrien % 70 kolonizatu eta suntsitzeko. Malariak jotako pertsonek anemia bortitza, sukarra eta konbultsioak pairatzen dituzte, eta gehienak hil egiten dira.

Baina ikertzaile frantsesek bizkarroiaren ugalketa-prozesuaren oinarrizko pauso bat inhibitzea lortu dute. Plasmodium bizkarroiak lipido-mintz baten bidez babesten ditu bere ondorengoak. Mintzik gabe, ondorengoak hil egiten dira. Mintza eraikitzeko odoleko plasman dagoen kolinaz baliatzen da, eta, hain juxtu, bizkarroiari kolinaz baliatzeko gaitasuna kentzea lortu dute ikertzaileek. G25 deritzon botika malariak jotako saguei eta tximinoei injektatuz, animaliak azkar eta erabat sendatu ziren. G25 botikak bizkarroiak kutsatutako zelula gorriei bakarrik eragiten die, osasuntsuek ez baitute lipidorik sintetizatzen.

Probak Plasmodiun falciparum barietatearekin egin dituzte, hori baita guztietan oldarkorrena. G25 botika ohiko botikei erresistenteak diren bizkarroiak hiltzeko gai denez, eta erraz eta merke sintetiza daitekeenez, Afrikan erabiltzeko oso aproposa izango dela dirudi. Ikertzaileek iragarri dute bi urte barru saio klinikoen aurretikoak hasteko gai izango direla.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia