}

Lurra, gero eta 'lodiagoa'

2002/08/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Gure planeta ekuatorean ari da materia pilatzen.


Laser bidezko neurketen arabera, Lurrak oso era bitxian aldatu du itxura azken urteotan. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ekuatorearen perimetroa txikitzen ari zen. Baina 1998tik aurrera, joera erabat aldatuta, perimetro hori handitzen ari da. Aldaketa txikiak dira, baina zientzialariek ez dute guztiz azaltzea lortzen.


Lurra 'argaltzea' poloetako izotza urtzearen ondorioa izan daiteke. Denborarekin, izotz hori urtu ahala, poloetako masa txikitu egin zen itsasoak ura planeta osoan banatzen duelako. Baina, bestalde, poloek materia galtzearen ondorioz, pisua ere galdu zuten, eta horregatik, Lurra poloetatik luzatu egin zen pixka bat. Deformazio horrek ekuatorearen perimetroa txikitzea eragin zuen.


Azken lau urteetan, ordea, kontrako joera izan da, baina ez da itsas mailaren igoerarengatik. Aitzitik, beste azalpenik badute adituek. Lurraren nukleoko burdina likidoak astindu handiak izaten ditu noizean behin. Azkena 1999an gertatu zen. Zientzialarien ustez, astindu horretan poloen azpitik ekuatore azpira bideratu zen materia asko, eta, ondorioz, planeta 'loditu' egin zen. Baina zalantza handiak daude hori azalpen egokia den ala ez.


Planeten legeak


Sateliteetatik aspaldi ikusi zen Lurra ez dela esfera perfektua. Erradio handiagoa du ekuatorean poloetan baino. Diferentzia ez da handia, % 0,3 ingurukoa, gutxi gorabehera. Gainera, efektu hori planeta guztietan gertatzen da.


Planeta baten biratzeak efektu zentrifugoa sortzen du; pixkanaka, materia ekuatore-ingururantz mugitu eta ahal duen gertuen kokatzen da. Oro har, horregatik dira zapalagoak planetak poloetan.


Planeta bakoitzaren ezaugarrien arabera, deformazioa handiagoa edo txikiagoa izango da, noski. Handiek materia gehiago dute txikiek baino, eta, gainera, Eguzki-sisteman handienak planeta gaseosoak dira. Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno gasezko bola erraldoiak dira.


Horrez gain, biratze-abiadurak badu eragina: zenbat eta azkarrago biratu, orduan eta efektu zentrifugo handiagoa sortzen da. Saturnoren kasua nabarmena da. Masa oso handia du eta oso errotazio azkarra egiten du; egia esan, Jupiterrek masa handiagoa du, eta errotazio azkarragoa Saturnorena baino, baina azken horren gasa ez dago Jupiterrekoa bezain trinkotuta. Beraz, Saturnon efektua nabarmenagoa da. Izan ere, argazkietan erraz ikusten da Saturno ez dela esfera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia