}

Leioako unibertsitatetik eguzkiari begira

1991/10/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Martin Rivas industri injineru hau Atxurin jaio zen 1944. urtean. Leioan Fisika Teorikoa irakasten du eta Zientzi Fakultateko ikasle-dekanordea da. Martin-en partehartzearen arrazoia, Leioan burutzen ari diren saiakuntza bitxi batzuen berri ematea zen.
Martin Rivas Foucaulten penduluari begira.

Zientzi Karpa Bilbon izan zenean, bere inguruan antolatutako ekitaldien artean, irakasleentzako zientzi mintegiak izan genituen. Horietako mintegi batean parte hartzeko gonbitea jaso genuen Elhuyarrekoek eta bertan, Martin Rivas ezagutu genuen. Industri injineru hau Atxurin jaio zen 1944. urtean. Leioan Fisika Teorikoa irakasten du eta Zientzi Fakultateko ikasle-dekanordea da. Martin-en partehartzearen arrazoia, Leioan burutzen ari diren saiakuntza bitxi batzuen berri ematea zen.

1989.eko ekainaren 21ean, udako solstizioa aprobetxatuz eguzkiaren eguerdiari zegokion orduan (ordu zibileko 14:12:35 zirenean), eguzkia bertako meridianotik pasatzean hain zuzen Leioako Helioskiametroa inauguratu zen.

1. irudia.

Grezierazko helios (eguzkia) eta skias (irudia, itzala, proiekzioa) hitzak erabiliz osatu dute Leioakoek helioskiametro hitza. Tresna honek lurrera eguzkiaren irudia proiektatzen duen lente bat du eta irudi horren ibilbidearen bidez neurketa batzuk egiteko aukera eskaintzen da.

Aipatu tresnaren egitura 1. irudian azaltzen da.

Irudi honetan agertzen den l angeluak Leioako latitudea adierazten du. Zutoineko lentearen bidez, urteko aro desberdinetan lortzen den itzalari jarraituz 2. irudia lortzen da.

Eguzki-itzalak lurrean egiten dituen ibilbideak hiperbola-adarren bidez irudika daitezke. Lurrean irudikatu direnak gutxi batzuk baino ez dira; hain zuzen, solstizioei (ekainaren 21 edo 22ari eta abenduaren 21 edo 22ari) eta ekinozioei (martxoaren 21 edo 22ari eta irailaren 22 edo 23ari) dagozkienak eta hilen, edo, bestela esanda, zodiakoko zeinuen aldaketako egunei dagozkienak. Azken arrazoi honegatik, hiperbola-adarren tartean zodiakoaren izenak jarri dira; eskuin aldean udari eta udazkenari dagozkionak eta ezker aldean neguari eta udaberriari dagozkionak.

Leioako zutoinaren eta lurreko irudiaren xehetasuna Argazkia atera genuenean zutoinaren itzala Gemini-n zegoela ikus daiteke.

Hiperbola-adar hauekin batera, zutoinetik pasatzen den meridianoa (2° 58’ 2”) eta ekinozioetan eguzkiaren irudiari dagokion paraleloa edo ekinozioen lerroa (43° 19’ 55” I) ere irudikatu dira.

Bestalde, hiperbola-adarren tarte bakoitzari kolore bat eman zaio.

Leioako helioskiametroak eskain dezakeen informazioa honako hau da:

  • Ortoaren eta okasoaren kurbetan hurrenez hurren eguzkiaren bertako sorrera- eta sarrera-orduak adierazi dira. Bien arteko kendurak eguneko eguzki-orduen kopurua adierazten du. Bertako ordua lortzeko, eguzkia horko meridianotik eguerdiko 12etan pasatzen dela eduki behar da kontutan, eta adibidez eguzkia ordu zibileko 14 ordu eta 15 minututan iragan bada, orto eta okasoko orduei 2 ordu eta 15 minutu gehitu beharko dizkiegu, horrela dagokien ordu zibila zehazteko.
  • Tarte koloreztatuek eguzkiak zodiakoan duen jarrera adierazten dute, eta bakoitza bi konstelazio posibleri dagokie. Neguan eta udaberrian eguzkia ezker aldean adierazitako zodiako-zeinuetan egongo da eta udazkenean eta udan eskuinekoetan.
  • Egunari dagokion tartearen kolorea zein den jakinda, meridiano- eta ekinozio-lerroak biltzen diren puntuan jarriz bertako horizontean egun horretako eguzkiaren sorrera- eta sarrera-puntuak zehazteko gai izango gara. Horretarako, nahikoa da kolore bereko sektore zirkularraren norabidean begiratzea.
  • Helioskiametroaren simetri ardatza Leioako Campus-eko meridianoa da (2° 58’ 2” M) eta, beraren gainean, ezker aldean, gradutan emanda eguzkiak ekuatore zerutiarraren gainean duen deklinazioa dago, eta eskuin aldean meridianotik pasatzean bertako horizontalaren gainean duen a altuera. Udazkenean eta neguan deklinazioa negatiboa da, horrekin eguzkia ekuatore zerutiarraren azpitik dagoela adierazi nahi delarik. Meridianoaren lerro zuzen elkartzuta zuzen ekinoziala da eta bertako paraleloari dagokio (43° 19’ 55” I).
Leioako zientzi fakultateko patio nagusian Foucault-en pendulua eguzkiaren higidurari jarraitzen zaio.

Helioskiametroa aparte, badago Leioan ikus daitekeen beste zerbait, hots, Foucaulten pendulua. Zientzi fakultateko patio nagusiaren sabaitik zintzilik dago. Foucault-en pendulua pendulu sinplea da. Bere erara higi dadin uzten da. Lurraren biraketa-higidurarekin bat datorren behatzaileak, penduluaren higidura-planoa ekialdetik mendebaldera higitzen dela ikusiko du, hau da, eguzkiari jarraitzen zaiola. Penduluaren higidura mantendu ahal izateko, zientzi fakultatearen sabaian etxetxo txiki bat prestatu da, bertan elektroimana eta beste tresna elektriko batzuk daudelarik.

Historia ikuspuntu askotatik azter daiteke. Martin Rivasek minutu batean Bizkaiko historia geologikoa erakutsi zigun. Bai irakurle. Bizkaiko zenbait harrobi eta menditatik garai desberdinetako harriak bildu dira eta edozeinentzat ikusgai daude. Harriak Leioako campus-ean ikus badaitezke ere, zientzi fakultateko sotoan harri bakoitzaren ebakidura argiztaturik erakusten da azalpen teorikoak ondoan daudelarik.

Zientziaren alderdi estetiko hau ez omen da orain dagoenarekin amaituko; Martin Rivas eta bere lagunek etorkizunari begira ideia ugari bait dute.

Bizkaiko historia geologikoa, Leioako zientzi fakultateko sotoan argazki ikusgarri hauen bidez adierazten da. Argazki bakoitzak aro desberdineko harkaitzaren sekzioa adierazten du.
2. irudia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia