}

Lasterketa justuagoak?

2001/09/13 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia


Helmugako lerroa lehenengo igarotzen duenak irabazten ditu lasterketak, zalantzarik ez dago. Hala ere, Edinburgho-eko Unibertsitateko Graeme Ackland eta David Butler zientzialarientzat, lasterketetako emaitzak sarritan ez dira zuzenak izaten. Horregatik, txirrindularitza, orientazio eta triatloi probak zuzenagoak izatea eragin dezakeen eredu informatikoa egin dute.

Ikerlari biek diotenez, multzoak egiten diren lasterketetak azken sprint-ean irabaz edo gal daitezke. Txirrindulariak, adibidez, haizeari aurre egiteko multzotan joaten dira, aurrealdean txandakatuz eta elkarren babesean. Baina taldean joatean, ezkutuan geratzen omen da txirrindularien artean egon daitekeen indarren desoreka. Ackland-ek eta Butler-ek egin duten eredu informatikoak, lasterketetan multzoak osatzea zerk eragiten duen aztertzen du, adibidez lasterketaren luzerak, txirrindularien gaitasunak edo eta hasierako kokapenak.

Egin duten lanaren arabera, multzoak osatzeko faktore nagusia tropelaren buruan doan txirrindulariaren gurpila hartzeko gauza den txirrindularien kopurua da. Diotenez, txirrindularien % 13 baino gehiago horretarako gauza bada, elur-bola efektua eragiten da eta, ondorioz, txirrindulari-multzoak osatzen dira. Ereduak kontuan hartzen du lehenengo txirrindulariaren atzean joateko gai diren txirrindulariek abantaila izaten dutela.

Eredu informatikoa orientazio-lasterketetan ere erabil daiteke, hor ere badagoelako mapa begiratu gabe gainerako lehiakideei jarraitzeko aukera. Eredu honen bidez, hasieran lehiakidetik lehiakidera utzi beharreko tarte egokia ezarri omen daiteke. Era berean, eredua triatloi lasterketetarako erabilgarria dela esan du Ackland-ek, "bizikleta hartu eta gero multzoak osa daitezkeela eta multzoak nola osatzen diren dakigunez, aurreko igeriketa-proba hasteko lehiakideen arteko tarte egokiak erabaki ditzakegulako". Irteerako tarteak egokitzea ez litzateke erabaki okerra izango, adituek diotenez beste baten babesean joanez gero, norberaren energiaren % 25 inguru gorde baitaiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia