Mikel González Egino BC3ko ikertzailea

“Klima-larrialdia ez da erronka teknologiko hutsa. Batez ere, politikoa eta soziala da”

2022/04/08 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (IPCC) hirugarren txostenak argi utzi du CO2-aren igorpenek gora egiten jarraitzen dutela eta ez direla akordioak betetzen ari. Albiste onik ere badakar, ordea: neurri eraginkorrak hartzea merkea litzateke. Mikel González Egino BC3ko ikertzailearekin aztertu ditugu txostena eta egungo erronka nagusiak.

Arg. BC3

Zein dira txostenaren gako nagusiak, Mikel?

IPCCk dio ez gaudela Parisko akordioak betetzeko bide egokian. 2018ko txostenean esan zuen 2020rako igorpenek goia jo eta murrizten hasi behar zutela, baina azken txostenak erakusten du ez dela hala izan. Igorpenek handitzen jarraitu dute, eta, beraz, mezu nagusietako bat da ez goazela bide egokian.

IPCCren arabera, iragarritako politikekin, 2.7ºC inguru igoko dira. Alde handia dago egungo datu errealen eta, herrialdeek 2030erako hitzemandakoa betez gero, ikusi beharko liratekeen murrizketen artean. Alerta-mezu argi bat da. Azkar jokatzen ez badugu, ez da gure esku egongo tenperatura 1,5 ºC-ra mugatzeko aukera.

Beste mezu garrantzitsu bat da oso modu desorekatuan banatzen direla biztanleko CO2-aren igorpenak, herrialdez herrialde. Ekonomikoki aberatsenak direnek igorpen handiak dituzte per capita; hala nola, AEBek. Beste herrialde batzuek, ordez, ia ez dute CO2-rik igortzen.

Berri onik ere badago: nahiko merkea izango litzateke neurri eraginkorrak hartzea. Lehen, garestia zela uste zen, baina eskura dugu benetan.

Bai, haien ustez, orain dugun teknologiarekin, eta portaera-aldaketa arrazoizko batzuekin, egin behar dugun murrizketaren % 80 inguru lor daiteke. Berrikuntza teknologiko berrien beharrik gabe. Politika egokiak ezarriz bakarrik.

Baditugu teknologiak jada, eta, kasu askotan, fosilak baino merkeagoak dira, gainera. Asko murriztu dira energia berriztagarrien eta energiaren biltegiratze-sistemen kostuak. Eguzkia-energiak eta bateriek, esaterako, % 80 murriztu dituzte beren kostuak azken hamarkadan. IPCCk hainbat trantsizio-modu aztertu ditu, eta ondorio honetara iritsi da: gure helburuak lortzeko modurik onena da energia berriztagarriz elikatutako ekonomia elektrifikatzea eta biltegiratze-teknologiekin (bateriak...) konbinatzea.

IPCCren arabera, industriak egin beharko lituzkeen doikuntzek ez lukete eragin handirik izango 2025erako aurreikusita dagoen munduko barne-produktu gordinean.

Bai, ekonomiaren zati garrantzitsu bat deskarboniza daiteke. Egia da badirela zenbait industria edo sektore deskarbonizatzen zailagoak direnak; adibidez, zementuaren industria. Hor ez da erraza deskarbonizazio-bideak bilatzea. Baina sektore horiek zati txiki bat besterik ez dira. Orain ditugun teknologiekin, eta eskarian aldaketa batzuk eginda, CO2-aren igorpenaren zati handi bat murriztu daiteke. Gaur egun, jada erronka ez dago alor teknologikoan.

Non dago erronka?

Politika egokiak ezartzea da erronka nagusia. Eta trantsizioa sozialki justua izatea. Adibidez, deskarbonizatutako agertoki baterantz aurrera egiteko, beharrezkoak dira erregai fosilen prezioak handituko dituzten politikak, baina, jakina, pixkanaka egin behar da. Are gehiago, trantsizioaren kostuak eta onurak modu homogeneoan banatu behar dira gizartean. Bestela, gizarteak sentitu dezake energia-trantsizioak kalte egiten diola, eta horrek asko atzeratuko luke prozesua.

Zerga eta gizarte-politikak ezarri behar dira errenta txikiagoa duten kolektiboei gehiago laguntzeko, zailtasun handiagoak baitituzte teknologia berri garbiagoetan inbertitzeko. Trantsizioa sozialki onargarria eta bidezkoa izatea oso elementu garrantzitsua da IPCCk eskatzen digun erritmoan aurrera egiteko.

Beste erronka handi bat garraioa da, ezta?

Bai, jakina. Batez ere, ekonomikoki aberatsenak diren herrialdeetan. Euskal Herrian, garraioaren igorpenak industriaren zuzeneko igorpenak baino are handiagoak dira, 2009tik. % 25 handitu dira azken hamarkadan.

IPCCk dio herritarron bizimodua aldatzen lagunduko duten azpiegiturak sortu behar direla.

Hori oso garrantzitsua da. Mugikortasun-eredu berria nahi badugu, horretarako azpiegitura behar dugu. Bestela, ez dugu izango garraio pribatuaren alternatiba errealik. Irtenbidea ez da CO2-ari prezioa jartzea, baizik eta azpiegitura bat sortzea, benetan posible izan dadin karbonizatu gabeko mugikortasuna. Garraio publikoko sare eraginkor bat diseinatu behar da, ezinbestean.

Eta, bestetik, garrantzitsua da ibilgailuak elektrifikatzea. Baina azpiegitura bat behar da bi aldaketak gauzatu daitezen. Gobernuek ziurtatu behar dute azpiegitura hori badagoela. Bestela, herritarrak ezingo ditu ohiturak aldatu, ezta konpromiso handiko herritarrak izanik ere.

Txostenak dio hiri trinkoagoak sortu beharko liratekeela garraioak murrizteko. Baina, herrialde askotan, joera kontrakoa da.

Bai, kasu askotan, norabide okerrean goaz. Eta hiri-eredu trinkoena funtsezkoa da. AEBetan ikusten dira ondorioak, bestela. Neurri batean, horren ondorio dira biztanleko igorpenetan herrialde batetik bestera ikusten diren desberdintasun horiek. Agerian uzten dute nola osatu ditugun hiriak eta gure bizimoduak. Horrek eragiten du, neurri batean, Europan eta AEBetan antzeko bizi-maila izanik, AEBetako per capita igorpenak bikoitzak izatea. Beraz, ezinbestekoa da hiriak birpentsatu eta birdiseinatzea. Igorpenen zati handi dago jokoan.

Bestelako gako garrantzitsurik badago txostenean?

Bi gauza nabarmenduko nituzke. Batetik, txostenak arreta jartzen dio CO2-a xurgatzeko teknologietan dagoen gehiegizko itxaropenari. Izan ere, IPCC esaten ari da igorpenek goia jo behar zutela honezkero eta, 2050ean, zero igorpen garbi izan behar ditugula, 1,5 °C bakarrik handitzeko helburua bete nahi badugu. Baina zero igorpen garbia izateak esan nahi du igorpen positibo txiki bat izango dugula, eta, agian, CO2-a xurgatuz konpentsatu ahal izango dugula. IPCCren mezu garrantzitsu bat da CO2-a xurgatzeko gaitasuna uste baino mugatuagoa dela. Sistema naturalek (basoak…) eta artifizialek (CO2 harrapatzeko teknologia) ez dute igorpenak xurgatzeko hainbesteko gaitasunik.

Beraz, ezin ditugu igorpen-murrizketak atzeratu pentsatuz xurgatuko ditugula. Ahalik eta gehien murriztu behar dira igorpenak, eta kontuan hartu beharko dugu murriztea guztiz ezinezkoak diren horiek bakarrik konpentsatu ahal izango ditugula.

Eta bigarrena mezu positiboa da: 24 herrialdek jada lortu dute, 10 urtez jarraian, igorpenek etengabe behera egitea. Horrek frogatzen du dagoeneko teknologiak egon badirela, eta politika zuzenak aplikatu eta mantentzen badira, murrizketa errealak ikus ditzakegula.