Elhuyar zientziaren komunikazioa

Komunikazioa, sarearen garroak

2000/06/25 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Han eta hemen, behin eta berriro, sortu zenetik, Internet jende askoren hizpide da. Interneten hau, Interneten bestea, telebista Internet bidez, Internet lagunak egiteko, informazioa eskuratzeko…. Itxura denez, sareak sekulako garrantzia du, sekulako presentzia, ezinbestekoa. Benetan horrenbesterako al da?

300 milioitik gora web-orrialde daude Internet-en. Zifra ez da txikia, baina kontuan hartu Lurrean 6.000 milioitik gora bizi garela. Beraz, horrenbesterako ere ez da, ezta? Estatistikez diotenez, gaur egun 200 milioi pertsonek erabiltzen dute Internet egunero: Afrikan 2 milioi inguruk, Asian 34 milioik, Europan 48 milioik, Ekialde Ertainean milio batek gutxi gorabehera, Kanadan eta Estatu Batuetan 113 milioitik gertu, eta Hegoamerikan ia 5,5 milioik. Horietatik guztietatik % 65 gizonezkoak dira eta % 35 emakumezkoak. Urtetik urtera % 100 hazten omen da sarea, eta Finlandiak du konexio-portzentajerik handiena. Interneteko erabiltzaileen % 30ek doktoretza-mailako ikasketak ditu; % 40k goi-mailako ikasketak, gainerako % 30ek ia ez du ikasketarik.

Hizkuntza-irizpideak kontuan hartuta, sareari begirada ematea ere badago. Interneten 215 milioi web orrialde inguru ingelesez idatzita daude, 18na milioi japonieraz eta alemanieraz, 12 bat milioi txineraz eta 9 milioi pasatxo frantsesez, espainieraz idatzitakoak ez dira 8 milioira iristen. Euskarazkoak, berriz, 36.321 dira. Kopuru hutsa kontrakoa pentsatzera eraman dezakeen arren, hizkuntza bakoitzak duen hiztun-kopuruarekiko euskara ez dago hain txarto. Lehen tokia ingelesarentzat da, gero islandiera dator, hirugarren tokia suedierarentzat da, laugarrena danierarentzat eta bosgarrena norvegierak hartzen du. Sailkapen horretan euskarak 16. tokia du, katalanaren atzetik, baina espainiera, errusiera, txinera edo eta arabieraren aurretik.

Eta gurean nola dago telekomunikazioen kontua? Herrialde garatuen datuetara hurbiltzen ote gara?… gustura emango genituzke Euskal Herri osoko datuak, baina segidan doazenak Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagozkio.

Has gaitezen posta elektronikoaren eta Internet kontuekin. Euskal Autonomia Erkidegoan -aurtengo martxoan- 474.262 posta elektronikoko helbide zeuden. Horietatik % 22,7 helbide kolektiboak ziren, eta horietako bakoitzean batez beste 8 helbide pertsonal zeuden. Estatu espainiarrarekin konparatuz gero, esan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoaren konexio-tasa parekoa dela, baina Europarekiko sekulako zuloa dago. Izan ere, estatu espainiarrean Interneterako konexio-tasa populazio osoarekiko % 10,50 da eta Euskal Autonomia Erkidegoan tasa hori % 10,20 da; Europako konexio-tasaren batez bestekoa, berriz, askoz ere handiagoa, % 19,20koa. Espainiako gainerako autonomiei dagokienez, konexio-tasa altuena Kataluniakoa da, % 15,90; txikiena Galiziakoa % 6,90. Web orrialde-kopuruari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan 24.132 daude, horietatik 9.957 pertsonalak.

Interneten garapena ez ezik, telekomunikazioen alorrean telefonia mugikorraren iraultza gertatu da. Euskal Autonomia Erkidegoa ez da iraultza horretatik kanpo geratu eta datuak adierazgarriak dira. Une honetan telefono-abonatuak 700.000 baino gehiago dira, eta horrek esan nahi du populazioaren % 36,08k erabiltzen duela telefono mugikorra. Lurralde historikoei dagokienez, Bizkaia da guztien buru, hango biztanleen % 40,18 telefono mugikorren erabiltzaile baitira. Araban portzentaje hori % 32,23ra jaisten da eta Gipuzkoan % 30,82ra. Urtebeteko epean, 1999ko urtarriletik 2000ko urtarrilera, abonatu-kopurua % 112, 8 hasi da. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Europako beste herrialde batzuekin alderatuz gero, hortxe-hortxe gabiltzala ikusten da. Espainian, adibidez, populazioaren % 37,65ek telefono mugikorra erabiltzen du; Frantzian datua % 34,01era jaisten da; Alemanian are gehiago, % 28,28ra. Erresuma Batuan eta Italian, aldiz, portzentajeak handiagoak dira, % 40,54 eta % 52,03 hurrenez hurren.

Telekomunikazioetarako ekipamendu-kopurua ere, eman genezake. Hau da, familiako zenbat telefono finko dauden, zenbat telefono mugikor, zenbat ordenagailu, zenbatek duten Interneterako konexioa eta zenbatek erabiltzen duten posta elektronikoa adieraztea badago. Ondorengo taulan zehatzago agertzen bada ere, esan beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoko familien % 30ek -197.000 familiak- telefono mugikorra duela; telefono finkoa duten familiak, berriz, % 95era iristen dira -651.000 familia-. Ordenagailu-kopurua ere handi samarra da, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden hiru familiatik batek badu-eta, 214.000 etxetan dago. Horietatik % 6k posta elektronikoa dute eta Interneterako konexioa dutenak % 7tik gora dira. Bizkaian dago telefono mugikorren portzentajerik handiena, Araban ordenagailuena eta, ondorioz, Interneterako konexiodunena eta posta elektronikoaren erabiltzaileena, eta Gipuzkoak ditu telefono finkoen portzentajerik handiena.

7kn argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia