}

Kometa argitsua

2003/02/25 Elhuyar Zientzia

Azkenaldian ikusgai dugun C/2002 V1 (NEAT) kometa Eguzkiaren ondotik pasatu da orain. Astronomoak harri eta zur utzi dituzten irudi ikusgarriek, lehenengo aldiz, kometa baten eta Eguzkiaren arteko elkarrekintzak erakusten omen dituzte.

C/2002 V1 (NEAT) kometa 2002ko azaroan ikuskatu zuten lehenengoz eta, bere argitasuna handitzen joan den heinean, ipar-hemisferioan ikusgarri bihurtu da. Otsailaren 18an Eguzkira gerturatu zen, Eguzkitik 14,8 milioi kilometrora, eta, ordutik, SOHO satelitearen kamera haren ibilbidea grabatzen ari da.

Kamera horren irudien arabera, NEAT kometak hautsezko isats zabal bat eta gasezko isats ahulago bat ditu, eta, ikertzaileek diotenez, satelitearen bistatik pasa diren 600 kometetatik argitsuena da.

Eguzkia aztertzen diharduen SOHO sateliteak Eguzkiaren bi erupzio grabatu ditu kometa 100 km segundoko abiaduran pasatzen ari zen bitartean. Erupzio horietako batek kometaren gasezko isatsa eten eta hautsezko isatsetik zati bat erauzi duela esaten dute lehenengo azterketek eta hori orain arte sekula ikusi gabeko fenomenoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia