}

Kea biriketan, nikotina garunean

2005/05/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Erretzea oso kaltegarria da osasunerako” ohartarazten dute osasun-agintariek. Herritarrek mezua jaso eta ia aho batez onartzen dute. Are gehiago, oro har, gizarteak begi onez ikusten du erretzaileentzat gune bereziak jartzeko ideia.

Kontrako neurriak hartuta ere, tabakoa begi-bistako eta eguneroko osagaia da gizarte-esparru gehienetan, etxean eta kalean, eskolan eta enpresan, aisialdigunean eta lantokian, ospitalean eta kartzelan; edonork lor dezake, erraz, eta hamaika lekutan salerosten da.

Tira! Eta zein da orduan lotura estu horren erantzule nagusia? Hau da, zerk sortzen du behar hori? Tabako-kea milaka konposatuz osatutako nahaste konplexua da, baina nikotinak sortzen ditu erretzailearen gorputzean eraginik berehalakoenak, eta, aldi berean, baita menpekotasuna ere, garunean nahiz portaeran. Nikotinarekiko menpekotasuna ulertzeko, beharrezkoa da jakitea garunean nola jokatzen duen.

Nikotina (C 10 H 14 N 2 ) alkaloide likido bat da. Eta alkaloideak karbonoz, hidrogenoz, nitrogenoz eta, batzuetan, oxigenoz osatuta dauden konposatu organikoak dira. Konposatu kimiko horiek ondorio bortitzak dituzte gizakiaren gorputzean.

Nikotinarekiko adikzioa ulertzeko, beharrezkoa da jakitea nola jokatzen duen.

Nikotinak menpekotasun handia sortzen du. Nerbio-sistema zentralaren bizigarria nahiz lasaigarria da. Nikotinaren ondorioak minutu gutxian desagertzen dira, eta, ondorioz, erretzaileak egunean zehar sarritan hartzeko beharrizana du drogak eragiten dion plazerari eutsi eta abstinentziaren ondorioak saihesteko. Bizigarria nahiz lasaigarria. Nola liteke hori? Paradoxikoa dirudien arren, nikotinak erretzailea pizten eta, aldi berean, lasaitzen du, zenbat eta zer maiztasunekin erretzen den. Alkoholarekin bezalatsu gertatzen dela esan daiteke. Lehenengo tragoxkarekin guztiok pozik sentitzen gara, baina neurriz kanpo edaten denean izaten dira komeriak.


Batzuetan, jendea ez da ohartzen zigarroa nikotina eskuratzeko sistema oso eraginkor eta mekanizatua dela. Erretzaileak, inhalazio bakoitzarekin, azkar eraman dezake nikotina garunera. Ohiko erretzaileak bost minutuan (zigarroak irauten duen denbora) 10 zupada ematen dizkio zigarroari. Hortaz, egunean pakete eta erdi (30 zigarro) erretzen duenak eguneko 300 dosi nikotina ematen dizkio garunari. Tabakoa kontsumitzeko modu horren bitartez, nikotinak menpekotasun handia sortzeko berez duen gaitasuna indartzen da.

Zigarroaren keak 3.500 substantzia kimiko baino gehiago ditu.

Zigarro bakoitzak, gutxi gorabehera, 8-20 mg nikotina du, eta erretzaileak batez beste miligramo bat nikotina arnasten du erretzen duen zigarro bakoitzeko. Eta horixe da, hain zuzen ere, nikotina gorputzean barneratzeko biderik zuzenena, inhalazio bidezkoa, alegia.

Birikak milioika albeoloz osatuta daude, eta albeolo horietan gas-trukea gertatzen da. Eta horrek nikotina eta beste konposatu batzuk sartzea errazten du. Nikotina berehala pasatzen da odoletik garunera, eta handik eragiten ditu gorputzeko eragin bizigarri nahiz lasaigarriak.

Neuronek garuneko informazioa antolatzen dute, eta azken horiek neurotransmisoreen bidez komunikatuta daude. Neurotrasmisore bakoitzak bere errezeptore-familia du. Eta nikotinaren kasuan azetilkolinaz ari gara. Hain zuzen, errezeptore horrek bideratzen du seinalea garunetik muskuluetara, horrek kontrolatzen ditu oinarrizko funtzioak (energia-maila, bihotz-taupadak...) eta garrantzi handia du ikasketa-prozesuan eta memorian, besteak beste.

Alde onak ere baditu

Gauza jakina da tabakoa kaltegarria dela osasunerako. Hala ere, nikotina uztea ez da batere lan erraza.

Nolanahi ere, erretzailearentzat benetan pisuzko eta onuragarri diren beste zenbait funtzio psikologiko indartzen ditu nikotinak. Esaterako, arreta handia luzaroan eskatzen duten lan aspergarrietan kontzentrazioa eta zehaztasuna hobetzen ditu. Ikasketa-prozesuko eta oroimeneko zenbait alderdi hobe ditzake, eta badirudi informazioa azkar prozesatzeko trebetasuna ere susper dezakeela.

Horrekin lotuta, Alzheimerren gaixotasunaren moduko dementzietan oroimen- eta ikasketa-arazoak konpontzeko nikotina erabil ote daitekeen aztertu dute. Izan ere, ikertzaileek ikusi dute beta amiloide proteinak metatzea saihesten duela nikotinak.

Proteina horrek, bereziki, Alzheimerren gaixotasuna dutenen garunari egiten dio eraso, eta hainbat forma har ditzake. Nikotina beta amiloide proteinarekin elkartzen da, eta Alzheimerra duten gaixoen garunetan agertzen den forma metatzea saihesten du. Beraz, etorkizunean beharbada nikotina Alzheimerren gaitza sendatzeko erabiliko da. Hala ere, gaiaren inguruan egin diren ikerketa guztiak ez datoz bat.

Bestalde, Tourette-ren sindromea duten gaixoen bizi-kalitatea ere hobe dezake nikotinak. Touretteren sindromea duten pertsonek hitz- eta muskulu-tikak dituzte, eta inongo kontrolik gabe astintzen dituzte burua eta gorputzeko zenbait atal. Sindrome horri aurre egiteko, botika antipsikotikoen dosi txikiak hartzen dituzte, baina botika horiek albo-ondorio larriak dituzte: zorabioa, buruko mina eta deshidratazioa, besteak beste. Orain urte batzuk adituek ikusi zuten nikotina-dosi txikiek tik horiek baretzen zituztela. Hau da, botika horiek guztiak alde batera utzi eta eguneroko jan-edanean nikotina pixka bat sartuz, arazoa neurri handi batean konpon daiteke. Bide batez, nikotinak utziko lituzkeen albo-ondorioak arinagoak lirateke. Noski, ez gara tabakoaz ari! Ikertzaileentzako hurrengo urratsa albo-ondorio horiek ezabatzea litzateke.

Ez bakarrik nikotina

Erretzearen ondorioz, biriketako
minbizi-kasuek gora egiten dute.

Nikotinaz gainera, zigarroaren kea alkitranez eta dozena bat gasez osaturik dago (batez ere, karbono monoxidoa). Zigarro arruntak gutxi gorabehera 15 mg alkitran ditu, eta alkitran gutxiko zigarroak 7 mg. Tabakoaren alkitranaren ondorioz, erretzaileak biriketako minbizia, enfisema edo bronkioetako arazoak izateko probabilitate handia du. Kearen karbono monoxidoak, bestalde, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitzen du. Izan ere, karbono monoxidoa hemoglobinan finkatzen da eta odolaren oxigenazio-gaitasuna murrizten du.

Duela berrehun urte baino lehenago aipatu zen lehen aldiz tabakoa erretzearen eta minbizia agertzearen arteko erlazioa. Eta, ordutik, esandako hori guztia sendotu egin da urtetik urtera. Gai horren inguruko ikerketak ere etengabe ari dira egiten.

Josep Manuel Piera: “Inork ez du zalantzan jartzen tabakoa eta minbizia lotuta daudela”

Hasteko, zer motatako minbiziak sortzen ditu tabakoak?

Besteak beste, biriketakoa, maskurikoa, aho-barrunbekoa, laringekoa, faringekoa, sinu paranasaletakoa, esofagokoa, urdailekoa, pankreakoa, gibelekoa eta giltzurrunekoa dira erretzearekin zuzenki erlazionatuta dauden minbiziak. Horiek guztiak erretzeari uztearekin bat saihestuko lirateke.

Bartzelona (1956). Medikuntzan doktorea. Gaur egun Onkologia Medikoko buru da Donostia Ospitalean.

Eta horiek ba al dute bereizgarririk gainerako minbizien
aldean?

Tira, bereziki erretzearen ondorioz sortzen diren minbiziek ez dute ezer bereizgarririk. Tabakoa tumore askoren erantzule da, baina ez du tumorearen bilakaeran eragiten. Hori dela eta, biriketako minbiziak berdin jokatzen du erretzaileengan nahiz ez-erretzaileengan. Tumoreen arteko ezberdintasunak, bereziki, sortzen diren organoaren araberakoak dira.

Maila molekularrean bada ere, nola azal daiteke minbiziaren sorreran tabakoak duen eragina?

Dakigunez, DNA oinarrizko lau basez osaturik dago. Base-sekuentzia horren ordenan gertatzen den ohiz kanpoko edozein aldaketak proteina anormal bat eman dezake. Eta horrek, aldi berean, zelularen funtzio anormal bat kodifika dezake, zelulen hazkuntza edo ugaritzea, esaterako. Beraz, mutazio horrek zelularen hazkuntza erregulatzen duen proteinan eragiten badu, kaltegarriak bihur daitezkeen zelulak kontrolik gabe haz daitezke. Eta hortik gero minbizia agertu. Hori guztia DNAn itsasten diren tabakoaren konposatu kartzinogenoek eragiten dute, tabakoaren keak 20 kartzinogeno baino gehiago baititu.

Zenbat dakigu horri guztiari buruz? Hau da, ezagutzaren zer mailatan gaude?

Tabakoa eta minbizia neurri handi batean lotuta daudela ez du inork zalantzan jartzen, ezagutza horretan oso aurreratuta gaude. Ez, ordea, hartu beharreko babes-neurrietan. Hala ere, esan beharra dago azken urteotan pauso handiak eman direla gobernuetan nahiz nazioartean erretzeko ohitura murrizte aldera. Esaterako, zenbait toki publikotan, ospitaleetan eta abar, erretzea debekatuta dago.

Bestalde, ahalegin berezia egin behar da gazteekin, erretzen has ez daitezen.

Beste substantziaren batekin konbinatuz gero kaltegarriagoa da zigarroa?

Erretze hutsak minbizia sortzen du. Eta, zenbait kasutan, beste substantzia batzuekin konbinatzen denean, aukera horiek handiagotu egiten ditu. Urrutira joan gabe, alkohola da substantzia horietako bat. Izan ere, faringeko eta esofagoko minbizien kasuak nabarmen igotzen dira tabakoaren eta alkoholaren arteko konbinazioa gertatzen denean. Esofagoko minbiziak, bereziki, lotura estua du bi konposatu horien konbinazioarekin. Alkohol asko edaten duten erretzaileez ari gara. Aldiz, biriketako minbizia soilik tabakoarekin erlazionatuta dagoela esan daiteke.
Ezin utzi alde batera erretzaile pasiboen kontzeptua...
Ez, noski. Erretzailea ez den pertsona baten inguruan erretzaileak badaude, minbizia garatzeko probabilitatea handiagoa da inguruan erretzailerik ez badago baino, inongo zalantzarik gabe. Hori diote, behintzat, IARCren (International Agency for Research on Cancer) datuek. Kearen kontzentrazioaren eta esposizio-denboraren araberakoa da hori, noski. Baina arrisku hori egon badago, eta gutxi gorabehera % 12 eta % 30 bitartekoa da.

Erretzaile pasiboak tabako-kea duen airea arnasten du. Beraz, erretzaile pasiboak, oharkabean bada ere, erretzaileak airera igortzen dituen konposatu kartzinogenoak nahiz toxikoak arnasten ditu. Hortaz, nabaria da inguruko zigarroen keak arnasteak biriketako minbizia sortzen duela gizakietan.

Zer iruditzen zaizkizue medikuoi tabakoaren inguruan gizartean
hartzen ari diren neurriak?

Tabakoa edo erretzea kaltegarria dela kontuan hartzen badugu, neurriak positiboak direla uste dut. Izan ere, osasunean irabazten da. Hala ere, gauza guztiak bezala, ongi eta errespetuz egin beharrekoa dela uste dut, eta ez zuzenean erretzailearen aurkako neurri gabeko kanpaina bortitzak eginez. Azken finean, erretzaileak garai batean erretzen hasi ziren pertsonak dira, eta litekeena da noizbait ohitura hori uztea ere pentsatu izana, eta lortu ez izana, edo ez, zeinek daki. Menpekotasun hori duten pertsonei laguntzea litzateke egokiena.