}

Itsas mamuen benetako aurpegia

2001/05/27 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Itsas zabalean desagertutako itsasontzi eta marinel askoren historiak misterio hutsean gelditu izan dira hainbat mito eta ipuin beldurgarriri bide emanez. Gaur egun, mitoen edertasuna galdu ez bada ere, zientziako beste alor guztiak bezala ozeanografia ere aurrerapen askoren lekuko da eta, badirudi, petrolio enpresen interesak tarteko, esplikazio zehatzak topatzeko garaia heldu dela.

"Itsasoa urdina eta zabala da" esatearekin ez da nahikoa urteetan zehar desagertu diren itsasontzien eta marinelen historia argitzeko. Baina nor ausartzen da Deabruaren Triangelua deritzon eremuan edo uhin ikaragarrien ahoan sartzera? Orain dela urte gutxi batzuk arte, inor ez.

"Aparrik eta gailurrik gabeko urezko pareta", "Ilargia estaltzerainoko uhin handia", "oliozko itsasoan uhin erraldoia", uhin haserre edo uhin ikaragarri baten sabeletik bizirik ateratako marinelei hitzak falta izan zaizkie bizitakoa deskribatzeko. Eta ez da gutxiagorako, itsaso barean, oharkabean agertutako 35 metroko uhinaren mehatxutik ateratzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula! Kontakizun horiekin, itsasoari zaion beldurra errotzen joan da eta etxera itzultzen ez ziren marinelak itsasoaren sabelean gelditzen ziren betiko, nola eta zergatik hil ziren inork argitu gabe. Uhin horiek eraman zuten adibidez, 1980an, britainiar ontziteriak inoiz galdu duen itsasontzirik handiena, Derbyshire, 44 gizoneko eskifaia eta 157.000 tona burdin mineral zeramatzala edo, 1997an, Vendée Globe lasterketan parte hartzen ari zen Gerry Rouf-en belaontzia.

Baina marinelak ez dira uhin ikaragarrien ondorio lazgarriak bizi izan dituzten bakarrak. Norvegian edo Shetland itsasoan dauden petrolio-plataformek ere kalte larriak izan zituzten, eta azkenean, uhin horiek, errespetua sortzeaz gain, ikerketarako jakin-mina ere piztu dute. Petrolio-konpainien interesak handiak dira (marinelen bizia baino garrantzitsuagoak dirudienez) eta, azken lau urteetan, uhinei buruzko hainbat galderari erantzun nahian dabiltza zientzialariak. 2000ko azaroan, Ifremer-ek (Institut Français de la Recherche pour l’Exploitation de la Mer) uhin erraldoietan adituak bildu, eta informazioa elkar trukatzeko, Frantziako Brest-en lehen sinposiuma antolatu zuen. Galderak asko dira, baina noiz, zein baldintzatan, non eta nola sortzen diren jakinez gero, arazo asko saihestu eta bizitza asko salbatu ahal izango lirateke.

Hainbat teoria daude uhin horien sorrera esplikatzeko, baina aurreratuenaren arabera, itsasoko bi korronte indartsuk talka egindakoan sortzen dira 30 metroko uhinak. Gehienbat Afrikaren hegoaldean, Floridako kostan, Alaskako Golkoan eta Japoniako hego-ekialdean gertatzen den fenomenoa da, baina, dirudienez, edozein lekutan egin daiteke topo horrelako uhin batekin, nonahi sortuak izanda ere, bidaiari handiak direla erakutsi baitute. Adibidez, Ingalaterrako hego-mendebaldean puskatzen diren uhin handiak handik 10.000 kilometrora sortutakoak dira, Afrikaren hegoaldean hain zuzen ere.

Horregatik, nahiz eta ekaitz-sasoia ez izan, itsasontziek beti dute horrelako uhinekin topo egiteko arriskua. Hala ere, adituek argi dute ekaitz-garaiak direla arriskutsuenak, horrelakoetan bata bestearen atzetik hiru uhini egin behar izaten baitzaie aurre, eta hori ia ezinezkoa da.

Oraindik ikerketa asko dago egiteko, baina adituak bat datoz, aurreikuspen meteorologiko zehatzen garrantzia azpimarratzean. Informazioa trukatzeko sare berria sortzeak uhin horien sorrera identifikatzeko balioko du eta, horrela, lau bat urte barru alerta meteorologikoa ezagutzera emateko txostenak egingo dira.

Baina uhin horiek ez dira marinelek topatzen dituzten itsasoko etsai bakarrak. Izan ere, itsasontzi bat baino gehiago desagertu da batere arrastorik utzi gabe itsaso azpiko munstro batek irentsia bezala. Mundu osoko marinelek ongi ezagutzen dituzte, adibidez, Bermudako Triangelua edo Eskoziako kostan dagoen Deabruaren Triangelua.

1945ko abenduaren 5ean, Estatu Batuetako itsas armadako hegazkin batek itsas gainean pausatu behar izan zuen eta ez dakizkigun arrazoiengatik desagertu egin zen. Gertakizun horri buruzko zientzia-fikziozko hainbat istoriori eta idatziri esker sortu zen Bermudako Triangeluaren mitoa. Richard MacIver geokimikariak eta Bill Dillon geologoak plazaratutako teoria izan zen zentzuzkoena. Beren iritziz, desagertze horren arrazoia itsas- hondotik azaleratutako metanoa da. Teoria hori, berrikitan, Deabruaren Triangeluan eginiko ikerketek baieztatu egin dute.

Deabruaren Triangelua deituriko eremuan Sorginaren Zuloa deritzon eta 3 metro sakon eta 120 bider 90 metroko azalera duen kraterra dago. Datu sismikoek azaltzen dutenez, Sorginaren Zuloaren azpian metano-poltsak daude. Metanoa lurrazalaren azpian metatzen den materia organikoaren deskonposizioaren ondorioz sortzen da eta milaka urteren buruan failetatik azalerarako bidea hartzen du. Arazoa barne-presio altuegiarengatik metano-poltsak zartatu eta gasak burbuilezko laino-multzoa bailitzan ihes egiten duenean sortzen da. Izan ere, normalean, itsasontziek mugitzen duten uraren masa itsasontziarena baino handiagoa da eta, beraz, itsasontzia urak eramaten du.

Baina ura gasezko burubuilek ordezkatzen dutenean (kasu honetan metanoa), euste-indarra galdu egiten da. Burbuilak bakanak direnean, itsasontziak lor dezake berriro ere oreka atzematea, baina burbuilak asko direnean, itsasontzia zulo antzeko batean sartzen da. Minutu batzuk geroago, urak zuloa estaltzen du, itsasontzia urez betetzen da eta naufragio bertikala gertatzen da. Gertakari hori maketa bidez frogatu izan da eta Bermudako Triangeluan eta Deabruaren Triangeluan egindako azterketa geologiko eta sismikoek leku horietan itsasontziak desagertu izanaren erruduna metanoa dela baieztatu dute.

Horrela, mito- eta ipuin-kontalarien kalterako, zientzialariak itsas zabaleko misterioak argitzen ari dira. Pena bakarra, hainbeste marinelen heriotza eragin duten gertakariak petrolio-konpainien interesak bermatzeko argitu izana!

Atlantikoko ur-jauziak


Non daude ur-jauzi handienak? Brasilen? Venezuelan? Ez, bada, itsasoan! Lurreko ur-jauziak hutsaren hurrengo dira itsasoko ur-jauziekin konparatuz gero. Adibidez, ur-tanta batek Danimarkako itsasarteko ur-jauzian 3,5 kilometroko saltoa egiten du, eta, aldiz, lurreko ur-jauzi handienean, Venezuelakoan alegia, kilometro bakarrekoa besterik ez. Segundoko 2,5 eta 5 m3 ur erortzen da Danimarkako itsasartekoan eta Venezuelakoan, berriz, 1 m3.

Baina nola liteke itsasoan ur-jauziak gertatzea? Nola eroriko da ura uretara? Ulertzeko gauza zaila dirudien arren, nahikoa da uraren gazitasun-maila eta tenperatura aintzat hartzea. Gazitasun-maila handia duen ur-masa- gazitasun-maila txikiagoa duen ur-masaren azpian jartzen da eta, era berean, ur hotza beti dago ur beroaren azpian.

Adibidez, Mediterraneoko urek gazitasun-maila handia dute eta Gibraltarko itsasartea zeharkatzen dutelarik Atlantikoko urekin egiten dute topo, baina ez dira gehiegi nahasten. Atlantikoko urak ez dira hain gaziak eta, beraz, Mediterraneoko urak itsaspeko maldan behera 1.000 metrotan isurtzen dira.

Petrolio-konpainiek uhin ikaragarriak ikertu dituzte.

Danimarkako ur-jauzia, berriz, tenperatura-aldaketa batek eragindakoa da. Norvegiako eta Groenlandiako itsaspeko urhotzak Danimarkako itsasarteraino mugitzen dira. Hor, Atlantikoan sartzen dira 2.000 metro altu eta 200 metro zabal den jauzian, 3.500 metroko sakoneran amaitzeko.

Munduaren beste aldean, berriz, Antartidako urak poliki-poliki ekuatoreraino igotzen dira Cearako ur-jauzira arte (Brasil). Oraingoan hegoa da iparrari ur hotza ematen diona.

Itsaspeko ur-jauziak sortzeko, beraz, ezinbestekoa da tenperatura edo gazitasun-maila desberdineko bi- ur-masek elkarrekin topo egitea, baina baita erliebean gorabeheraren bat egotea ere. Adibidez, Atlantikoko erdiko tolesturak ekialdeko eta mendebaldeko urak bereizten ditu. Mendebaldeko urak astunagoak dira ekialdekoak baino eta, horregatik, mendebaldeko urek aurkitzen dituzten zirrikituetatik ekialdera pasatzeko joera dute, adibidez, Romanche-ko hausturan.

Horiek dira Atlantikoko lau ur-jauzi handienak, baina Indonesiako itsasartean ere badaude beste batzuk.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia