}

Irrika gazteentzako zientzia aldizkaria aurkeztu da gaur

2008/04/03 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aldizkari berri bezain berritzailea da Irrika. Eta, izenak dioen bezala, irrika sortuko du. Zientziako teknologiako eta gizarte-zientzietako gaiak zabalduko ditu, gazteen artean jakintzarekiko eta ikerketarekiko jakin-mina, zaletasuna eta bokazioa piztu nahian. Guztia modu zirikatzailean, gaur-gaurko irudiarekin eta hiru hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bi euskarritan, gainera; alde batetik, euskal ikasleek jasoko duten paperezko aldizkarian, eta, bestetik, on line, www.irrika.net web gunean.
Irrika aldizkariaren azala.

Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimenez sortu den Irrika gazteentzako aldizkaria aurkeztu da gaur goizean Bilboko EHUren Ekonomia eta Zientzia fakultatean. Zientzia-teknologia-eta gizarte-zientzietako gaiak zabalduko ditu gazteen artean; jakintza eta ikerketarenganako jakin-mina, zaletasuna eta bokazioa piztea da helburua. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko edukiak osatzen dute aldizkaria, eta aurten hiru zenbaki argitaratuko dira: udaberrian, udazkenean eta neguan.

Aldizkari hau Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimenez sortu bada ere, edukiak lantzearen ardura Elhuyar Fundazioarena izan da, eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren laguntza du.

Diseinuari dagokienez, formatu txikia du aldizkariak, karpetan sartzeko modukoa (19,5x19,5 cm) eta 40 orrialdek osatzen dute. Kolore bizi eta gaur-gaurko irudiez hornituta dago. Bi euskarritan, gainera. Alde batetik, euskal ikasleek doan jasoko duten paperezko aldizkarian, eta bestetik, online http://www.irrika.net web gunean. Aldizkariak 66.000 aletako tirada izango du.

Zero zenbakia

Kaleratuko duen lehenengo zenbakian ideien, emozioen, garen bezalakoak egiten gaituenaren —hau da, garunaren— kutxa ireki du Irrikak. Atea ireki eta garunaren etxean sartu da, nola eraikia dagoen ikustera. Eta euskal ikertzaileek etxe handi hori erabiliz egiten duten lanaren berri ere jaso du: fruitu-zukuekin egiten diren iruzurrak, krimenak argitzeko intsektuek duten balioa, gazte eta helduen debateen arteko desberdintasunak...

Ondoren, kalera atera da, Bilbo geologikoa ezagutzera. Kalea fosilez josita dagoela igarri du, eta bisita turistiko berezia proposatu du. Horrez gain, kalean, informazioa jasotzeko aukera ere izan du, eta gauza bitxi ugari jakin du: kakao-likorea uste baino zaharragoa dela, gazteek entzuten dituzten abestien % 42k drogak aipatzen dituztela, tatuaje elektronikoen atarian gaudela eta abar. Bestalde, mito batzuk ere hautsi zaizkio. Zientzialari ospetsuen gaineko txumu-mutxuek oro ez dela urre erakutsi diote, eta erdietan kale ere egiten dutela.

Eta , nola ez, pertsona interesgarriak ezagutu ditu: Eñaut Elorrieta Kez Zazpiko abeslari eta fisikaria; Gala Moreno, denboraldi luzeak Indiako Itsasoan ematen dituen ikertzailea; eta Nikaraguatik bueltatu berri den Ainhoa Jimenez ikaslea. Gai gehiago ere baditu, baina ez dizkigu guztiak orain kontatu nahi izan. Sekretu bat: zirrika ibili da, bero-bero eginda. Gainerakoak, guk geuk ikusi behar. Hau da Irrika!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia