}

Iraganeko ondarearen museo irekiak

2008/05/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Megalitoak historiaurreko lehendabiziko harri-eraikuntzak dira. Bost mila urteko bidaia egin ondoren iritsi dira guganaino. Haiek bihurtu dituzte, hain zuzen ere, inguruko mendiak eta bailarak museo erraldoi; baina, hirietako museoak ez bezala, megalitoenak teilaturik gabeko museoak dira, eta garbitu eta zaindu egiten dira.
Iraganeko ondarearen museo irekiak
2008/05/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: L. del Barrio)

Gure arbasoei buruzko informazio asko eta asko aurki daiteke megalitoetan: nolakoak ziren, nondik zetozen, nola bizi ziren... Baina historiaurretik gaurdaino triskantzatik libratu diren megalito gehienek egoera tamalgarrian diraute; bakan batzuk dira oraindik ere lurretik harro altxatzen direnak.

Galera etengabe hori geldiarazteko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kultura-ondasun izendatu zituen Gipuzkoako megalito guztiak eta horiek osatzen zituzten estazio megalitikoak 2003an, eta horiek izango duten babes-araudia ezarri zuen. Izendapen aitzindari hori lortzeko bidea, ordea, ez da makala izan. Ibilbidearen hasiera aurkitzeko, 1979raino egin behar da atzera; Aranzadi Zientzi Elkarteak Gipuzkoan ezagutzen ziren megalitoetan seinaleak ezartzeari ekin zion garairaino, hain zuzen ere. Lan horretan eta Jesus Altuna arkeologoaren zuzendaritzapean hasi zen, besteak beste, Luis del Barrio, egun Lurrailan enpresako kidea.

Monumentuen kudeaketa

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landa Ingurunearen Garapena Sailarekin elkarlanean aritzen da Lurrailan, basoko jarduerak arkeologiaren ikuspegitik berrikusiz. Baita, Luis del Barrio ere; eta haren lanetako bat da udalekin egotea, alegia, udalei beren lurretan dituzten ondare megalitikoen berri ematen eta haiek zaindu eta babestu behar direla ikusarazten saiatzen da. Halaber, monumentu horiek mugitu gabe garbitzeko zenbait ekintza proposatzen dizkie.

Megalito guztiak zutarritxo baten bidez seinaleztatu dituzte.
L. del Barrio

Udal askok eta askok ez dakite beren lurretan halako harribitxirik dutenik ere, eta ez diote ekimen horri jaramon handirik egiten. Beste zenbaitek, berriz, irrikaz hartu dute horiek guztiak berreskuratzeko ekimena, hala nola Hondarribiko, Oiartzungo, Astigarragako, Hernaniko, Urnietako, Andoaingo, Zizurkilgo, Oreretako, Getariako, Soraluzeko, Elgoibarko, Villabonako, Debako eta Zestoako udalek.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak 2003an Gipuzkoako megalito guztiak kultura-ondasun izendatu eta babes-araudia ezarri ostean, Gipuzkoako megalito guztiak garbitu eta zutarritxo baten bidez seinaleztatu dituzte udalen eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren diru-laguntzarekin.

Megalito guztien inguruko belar eta sastraka guztiak eskuz edota guraizeen laguntzaz garbitzen dituzte, eta, jarraian, belar hori guztia kentzen dute haize-makinen laguntzarekin, monumentu horietako harri bakar bat ere ez mugitzeko. Megalitoa nahiko garbi eta ikusgai geratzen da hala.

Megalitoen seinaleak Debako kareharri grisezkoak dira, 1 x 0,23 x 0,16 metroko neurria dute eta lurretik metro erdia altxatzen dira. Gainean, megalitoaren informazioa ematen duen xafla bat dute, landutako, ilundutako eta erliebez grabatutako altzairu herdoilgaitzekoa. Ikusten denez, material gogorrenak erabili dira, ahalik eta iraunkorrenak izan daitezen. Megalito bakoitzaren informazioa ez ezik, megalito-multzoen edo estazio megalitikoen berri ere ematen dute, planoen eta abarren bidez.

Mulisko Gainako megalito-multzoa: aurrealdean zista bat eta atzealdean mairu-baratzea ikus daitezke.
L. del Barrio

Megalitoetan hiru babes-eremu bereizten dira: lehenengo eremua megalitoa zehatz-mehatz kokatua dagoen azalera da; bigarren eremua, megalitoaren inguruan 5etik 10 metrora zabaltzen den ingurunea; eta hirugarren eremua estazio megalitikoa bera, hots, megalito-taldea biltzen duen alde zabalena.

Lehenengo eta bigarren eremuak nahiko kontrolatuta eta zainduta daude; hirugarren eremuan, berriz, zabalagoa denez, zailagoa da baso-lanetan diharduten edo mendi-bideak eraikitzen ote diren edo ez kontrolatzea, adibidez. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Euskara Sailak neurriak hartzen ditu.

Era askotakoak

Megalitoak dauden 260 puntu ezagutzen dira Gipuzkoan; horietan, 368 megalito daude, 28 estazio megalitikotan daude. XIX. mendearen amaieran aurkitu zuten Gipuzkoako lehenengo megalitoa; Gipuzkoako lehenengo trikuharria, alegia. Dena den, arbasoek beren eskuekin landu eta eraikitzen zituzten megalitoen artean, trikuharriak ez ezik, tumuluak, zistak, mairu-baratzeak nahiz monolitoak ere badira.

Hildakoak beren lanabesekin lurperatzen zituzten.
L. del Barrio

Trikuharri ospetsuak hildakoak ehorzteko hilobi kolektiboak dira, artzain-giroko giza taldeek eraikiak, Kobre Aroan eta Brontze Aroan batik bat. Zutik jarritako harri zabalak dira, hilobi-ganbera bat eratzen dutenak. Gehienetan, beste harri zabal batez estaltzen ziren. Ganbera barruan hildakoak ehorzten zituzten beren armekin, lanabesekin eta janariz betetako zeramikazko hainbat ontzirekin. Zenbaitetan, dena harriz eta lurrez estaltzen zen, tumulua izeneko tontor bat osatuz. Badira ganbera gabeko tumuluak ere, hilobiak haiek ere.

Luzaroan uste izan zen hilobietan altxorrak zeudela lurperatuta. Horrexegatik, hain zuzen ere, gaur egun, salbuespenak salbuespen, hondatuta eta itxuragabetuta ageri dira, altxor-bilaketen erruz. Horrez gain, harrizko hormak, etxolak eta abar eraikitzeko ere erabili izan dira. Hala ere, trikuharri batzuk izugarri ondo kontserbaturik daude, Sagastietako Lepoa, esaterako.

Mairu-baratzeak edo harrespilak ere hilobiak dira, hildakoen errautsak jasotzen dituzte. Trikuharrien garai berekoak dira, baina azken horiek baino erabilera luzeagoa izan zuten, Burdin Aroan ere horietan gordetzen baitziren errautsak. Hala ere, eredu berari eutsi diote denboran zehar. Itxura aldetik, harrizko zirkuluak dira, eta, gehienetan 5-6 metroko diametroa dute. Mairu-baratzea osatzen duten harriek edo lekukoek ortostato izena dute. Harri-kopurua ez da beti berbera. Nolanahi ere, erdian hildakoaren errautsak daude gordeta.

Monolitoak edo menhirrak ebakidura desberdineko harri luzeak dira. Bertikalki lurrean sartuta egoten dira; batzuk, ordea, erori egin dira denboraren poderioz, eta gaur egun etzanda aurkitzen ditugu, zelaien gainean. Mairu-baratzeak baino berriagoak dira, eta ez dakite zer helburu zuten. Litekeena da gizakiak toki batetik bestera eramandako harriak izatea. Dena den, Luis del Barrio adituaren esanean, beharbada garai batean ingurune horietan gertatutako zerbait azpimarratzeko eta markatzeko erabilitako harriak dira, hala nola norbaiten heriotza gogorarazteko. Aitona-amonei galdetuz gero, berriz, harri horiek jentilek jaurtitakoak direla esango du batek baino gehiagok, haien gurasoei horrelako istorioak entzun dizkietelako. Kristauei erasotzeko erabiltzen omen zituzten harri horiek. Hori dela eta, jentilarri izenez ere ezagutzen dira.

Sagastietako Lepoa I trikuharria izugarri ondo kontserbaturik dago.
L. del Barrio

Oro har, hildakoei eraikitako monumentu horiek guztiak Euskal Herri osoan azaltzen dira, eta tamaina oso desberdinetakoak dira. Tamalez, ordea, Euskal Herriko lurralde bakoitzean ondare megalitikoaren legezko egoera ezberdina da; hala ere, ezin ukatu Gipuzkoan lortutako izendapenak eta egindako lanak abiapuntu ezin hobea izan daitezkeela gure arbasoen harri zaharrak zaintzeko. Izan ere, ondare monumental hori badela jakitea ezinbestekoa da gure iraganeko ondarea ulertzeko eta hartaz gozatzeko; baita behar bezala kontserbatzeko eta ondorengo belaunaldiei helarazteko ere.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
242
2008
5
037
Ingurumena
Artikulua
43

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia