Ipar Amerikako basoen "leheneratzea".
2000/05/07 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Sugarrak handi dira Wyoming-go Bighorn mendien magaletan dauden Utahko altzifre-basoetan. Duela urte gutxi arte ingurune babestuak zaintzeko, besteak beste, sute guztiak itzali egiten ziren, balio ekologiko eta paisajistikoari eutsi nahian edo. Tensleep erreserbako kudeatzaileek, ordea, azken urteotan sua erabili dute belardi oparoetan ugaritzen ari ziren altzifreei aurre egiteko eta egur hila eta gaixotua metatuta zuen ponderosa-pinudi bat bakantzeko. 283 hektarea erre dituzte eta eurak aurretik erre ez balute, tximistaren batek sute izugarria eragin zezakeela, diote.
Hala ere, Bighornen ez dituzte balizko suteak soilik kontuan hartzen basoa neurriz gain hazteko arriskutzat. Altzifre eta pinuak duela mende bat baino gehiago lurralde hartara europarrak eta haien ganadua iritsi aurretik loratzen ziren landareak ordezkatzen ari dira. Sute kontrolatua ekosistema babestuen egoera lehenera itzultzeko saiakeretako bat besterik ez da bertako kudeatzaileentzat.
Bighornekoez gain, ekologo ugarik uste du suteak eragitea eta bestelako esku-hartzeak (hala nola baso-mozte selektiboak) ekosistema "gaixotuak" leheneratzeko ezinbesteko estrategia direla. Helburua lurralde haiek "populatu edo jendeztatu aurreko orekara" itzultzea da.
Ameriketako Estatu Batuetako basoetan sute handien arriskua murrizteko beharrak ere lagundu du jarrera berri hori hartzen: urtarrilean, basozaintza-zerbitzuak mendebaldeko basoen 17 milioi hektarea inguruk "sute naturaletarako arrisku-maila gorena" zuela adierazi zuen. Eta hori hainbat urtetan sute naturalak itzaltzeko egindako ahalegin itzelaren ondorioa litzateke. Horregatik, iaz, agentzia federalek 931.000 hektarea sutu zituzten nahita, aurreko hamarkadako urteko batezbestekoa halako bi baino gehiago.
Baina basoak babesteko horrelako proiektuak abian jarri ahala, eztabaida piztu da ekologoen artean: sute eta egur-mozketa kontrolatuak zenbateraino dira beharrezkoak? Gakoa jendeztatu aurreko tokietan basoak zein itxura zuen jakitea da. Izan ere, gizakiak ustiatutako lurraldeetan, askotan, azkar hazten diren espezieak izugarri emendatzen dira, nahi gabe bada ere.
Bighorn arroan, adibidez, paleoekologoek honakoa ikusi dute: Utahko altzifrearen eta ponderosa pinuaren emendio azkarraren arrazoi nagusia, seguruenik, azken 5.000 urteotako aldaketa klimatikoa litzatekeela, abeltzaintzak eta suteek ere lagundu ahal izan duten arren. "Ingurunearen kudeatzaile eta ekologo askok 20. mendeko aldaketak guztiak naturalak ez direla ontzat jotzeko joera du, eta horrek ez du zertan horrela izan". Paleoekologoek Packrat saguaren gorotz fosilduetako landare-hondarrak eta gorotzekin egindako habiak aztertu dituzte eta ehunka gorotz aztertu ondoren, duela 4.500 urte inguruko epelaldian Utah altzifrea iparrekialderago dauden Wyoming eta Montanako arroiletako habitat lehorretan babestu zela ondorioztatu dute. Ondorengo 2.000 urteetako giro hotzagoa lurralde horietako askotara iritsi eta altzifreak Wyomingen mantxa txiki ugari osatuz iraun zuen. Ondorengo 2.000 urteetan, berriz ere, epeltzeko joera hartu zuen eguraldiak eta, itxuraz, altzifreak galdutako lurraldea berreskuratu egin zuen. Beraz, altzifreak bere banaketa emendatu eta murriztu egin du historian hainbatetan.
Azkenaldian, ordea, altzifrearen aurrerakada azkarragotu duten faktoreak hiru izan daitezke: abeltzantza, suteen bidezko garbiketa eta 1850. urte inguruan izotzaro txikia amaitu izana. "Aurrerakada artzantza edo suteen bidezko garbiketen ondorioa bada, eragozten saia zaitezke". "Baina klima-aldaketaren ondoriozko inbasio naturala bada, nola edo zertara leheneratu berez migratzailea den ekosistema?" Hori kontuan hartuta Tensleep babesgunean Utah altzifrearen aurka sua gutxiago erabiltzen hasi dira berriz ere, azken finean sute-arriskua murrizteko edo ingurugiroa jendeztatu aurreko egoerara itzultzeko metodo gogorrak erabili aurretik basoen ekologia historikoa kontuan hartu beharko bailitzake.
Beste hainbat babesgunetan ere eztabaida antzekoa da: ingurunea europarren jendeztatzearen aurreko egoerara itzuli nahi da, baina zein zen egoera hura? Natura dinamikoa dela ikusi bada, zein unetako egoerara itzuli nahi da? Edo bakarrik itzul dadin utzi behar zaio?
Sute-arriskua murriztu beharra inork zalantzan jartzen ez duen arren, zenbait zientzialarik zalantzan jartzen ditu jendeztatu aurreko ereduak. Eguraldi-datuetan eta zuhaitz-eraztunetan oinarrituta, Coconino babesgunean ponderosa-pinudiaren populazioa 1800.eko hasieran berrindartu egin zen eta ondoren, berriz ere, 1900.eko hasieran. "Leheneratzeko data jakin bat hartuz gero ez da kontuan hartuko harrezkero gerta zatekeen berrindartze-aldirik" dio. Zuzenagoa litzateke erabat aldakorra den kontrolik gabeko basorantz jotzea, leheneratzea aurretiaz ditugun idealen arabera egitea baino. Hori nahikoa litzateke sute-arriskua murrizteko eta hortik aurrera naturari berea egiten uzteko. Ikuspuntu horren arabera jendeztatze-aurreko eredua hasierako puntua besterik ez litzateke. Azken finean helburua "ekosistema naturaren baldintzak lituzkeen joko-zelaian jartzea besterik ez litzateke, eta ondoren, naturak jarrai diezaiola bere bideari".
Gehiago sakonduz, eztabaida, basoak jendeztatu aurreko egoerara leheneratzea zilegizko helburua ote den litzateke, Ameriketako natiboak ingurunea europarrak iritsi baino askoz lehenagotik itxuraldatzen ari zirela kontuan hartuta.Ez zegoen jendeztatu gabeko gauza askorik, ez behintzat gaur egun jende gehienak uste duen adinakoa. "Jende-asentamentuak duela 10.000 edo 20.000 urtetik gaur egunera bitartean egon dira". "Basoak eta bertan bizi zen jendeak, milaka urtetan batera eboluzionatu zuen osotasun zatiezina osatzen zuten". Zenbait adituk, ordea, Ameriketako natiboen eragina txikia zela dio.
"Jendeak orohar, jendeztatzearen aurretik edonora begiratuta gizakiaren esku-hartzea nabari dela esateko joera du. Aitzitik, tximistek eragindako suteak ziren europarren jendeztatzea iritsi aurreko paisaiaren arkitekto nagusiak". Beraz, estrategia egokiena kontrolatutako suteak eta zuhaitz-bakantzeak erabiltzea litzateke basoak maiz piztutako sute natural txikiek maneiatuko dituzten egoerara itzultzeko. Edo, "zergatik ez utzi naturak berak sute txiki horiek piztu ditzan?", izango litzake horri emateko erantzunetako bat.
Zientzialariek Ipar Amerikako basoei jendeztatze-aurreko egoera osasuntsuan eusteko zer eta zenbateraino erabili eztabaidatzen duten arren, bat datoz leheneratze-proiektu bakoitzak, neurri batean, lekuan lekuko historia ekologikoan oinarritu behar duela esanda. Gakoa, "leheneratzea non eta nola egitean eta iragana zenbateraino erabiltzean datza" zenbaitentzat. Edonola ere, zientzialariek eta politika finkatzen dutenek azkar ibili eta gai horretan adostasuna lortu behar dutela da askoren iritzia, larri dagoen ekosistemarentzat beradu izan aurretik
HAN ETA HEMEN BERDIN?
Artikulu nagusian Ameriketako Estatu Batuetan baso-kudeaketaren inguruko eztabaida aipatu dugu. Seguruenik deigarria zaigu gure inguruan suteen kontrako kanpaina ugari ikusi eta entzun ondoren, basoa kudeatzeko moduetako bat sua bera erabiltzea (nahita piztutakoa edota berez piztutakoa, bere kasa utzitakoa) izan litekeela irakurtzea.
Batean eta bestean egoera guztiz desberdina dela izan behar dugu kontuan, hala ere. Batetik, hango baso "natural edo natural antzeko"etan hedadurak ez du hemengo baso "natural edo natural antzeko"en hedadurarekin zerikusirik.
Baso-zati bat kontrolatuta erretzaz ari direnean, hemen bertakoa den ia edozein baso baino zati handiagoaz ari dira, noski.
Bestetik, Euskal Herriko alde atlantiarrean baso gehiena pinu-landaketak dira eta horien helburua ez da inola ere naturar kontserbatzea, ekonomikoa baizik; eta, beraz, ezin erretzen utzi!
Beraz, eztabaida hori sortuko balitz, hemengo egoerara egokitu beharko genuke.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia