Elhuyar zientziaren komunikazioa

Internet: XXI. mendeko komunikabide nagusia

1999/09/12 Elosegi Irurtia, Migel M.

Internet ohiko bilakatu da gaur egungo gizartean. Denborapasarako, lanerako, salerosketetarako, harremanetarako… milioika lagunek erabiltzen dute egunero. Hazten jarraitzen du eta batek daki noraino irits daitekeen. Internet sarearen hazkundearen arrazoia begi-bistakoa bada ere —komunikazioa—, harrigarriena hazkunde horren abiadura da, sare erraldoia oso gaztea baita.

Dagoeneko ezaguna denez, Internet bere baitan aukera ugari dituen ordenadore-sareen sarea da: komunikabide boteretsua izan daiteke, denda birtual erraldoia, merkatua, jolas eta joko bihur daiteke, lanerako tresna, negozioak egiteko gunea, "zaborra" eskaintzeko tresna…. Ordenadore-sareen sarearen —hitz batean, amaraunaren— jatorria 1960ko hamarkadaren bukaeran koka daiteke. 1969ko irailaren hasieran —2an kronika guztien arabera— Estatu Batuetako Defentsa Departamentuak, bere azpi-departamentuak komunikatzeko, ARPANET sarea sortu zuen (Advanced Research Projects Agency Net). Hasiera, hala ere, ez zen arrakastatsua gertatu, lehen bi ordenadoreak elkarrekin lotzeko saioak huts egin baitzuen.

Zailtasunak zailtasun, sarea berehala handitu zenez, Estatu Batuetako Defentsarako Departamentuko arduradunek bitan zatitu zuten, bakoitza bere eginkizunarekin. Batek ARPANET izena izaten jarraitu zuen; bestea, MILNET izenaz bataiatu zuten. Bien baturari, berriz, —sorrerako espirituari eutsiz— DARPANET izena jarri zioten (Defense Advanced Research Projects Agency Net). Sare bien arteko komunikazioa ziurtatu ahal izateko, bata bestearekin informazioa elkartrukatzeko gai izan zitekeela ziurtatzeko alegia, komunikazio-protokoloa garatu behar izan zuten, IP (Internet Protocol) izenaz ezagutu zena. IP hura da, hain zuzen, gaur egungo TCP/IP (Terminal Control Protocol) protokoloaren oinarrizko jatorria.

Sasoi hartan, hala ere, protokoloak bi sareen arteko komunikazio soilik baimentzen zuen. Erabaki politikoa izan zen hura, IP protokoloa berez milaka sareren arteko komunikazioa ziurtatzeko diseinatu baitzuten eta horretarako gai baitzen.

1980ko hamarkadaren bukaeran Estatu Batuetako Zientzia Fundazioak (NSF) bere sarea eratu zuen. Sarearen helburua aipatu Fundazioko bost superkonputazio-zentroen arteko komunikazioa —informazioaren elkartrukatzea— lortzea zen. Fundazioak DARPANET sarean sartzeko baimena eskuratu zuenez, bere komunikaziorako IP protokoloa aprobetxatu ahal izan zuen. Gerora beste sare batzuk sortu ziren, batzuk bere bidea eginez, beste batzuk egindako sarean sartuz, eta beste asko sortuz eta oso denbora gutxira desagertuz… Internet-en sorreraren hasiera zen.

Hala ere, Internet artean sortzeko zegoen. Sareen sarea eratuta egonda, zergatik esan Internet artean sortzeko zegoela? Sare guztien ingurune bakar bateko integrazioa falta zelako. Sareen sarearen jatorria militarra bada ere, amaraunarena zientzia-beharretan oinarritzen da. Amaraun erraldoiak —World Wide Web (www)—, ingurune berean biltzen eta bateratzen diren zerbitzuen amaraunak, jatorri zientifikoa du eta Genevan sortu zuten, hiri horretako Partikulen Fisikaren Europako Laborategian (CERN). www-aren diseinua 1991. urtean egin bazen ere, Internet munduan ez zen 1994. urtera arte sartuko. Genevako laborategian lanean ari ziren zientzialarien beharrei erantzun nahi zien sare berriak, bertan egiten ziren saiakuntza guztietako emaitzak azkar, malgu eta eroso elkartrukatu nahi zituztelako. Sistema sinplea zen, ohiko nabigatzeko softwarea duena, kontratatzen den zerbitzariari www-eko edukiak eskatzen dizkiona.

Beraz, mundua txiki bihurtu duen amaraun erraldoia Europan sortu zen. Dena den, web-aren sorrera europarra izanik ere, garapena Estatu Batuetan gertatu da, han baitaude zerbitzari-lana betetzen duten tresna gehienak.

Mass media bihurtzekotan?

Mundua txiki uzteko tresna esku artean izanda, Internet telebista bezain masa-komunikabide izatera iritsiko ote da? Lehen begiratuan Internet eta ohiko masa-komunikabideak —prentsa idatzia, irratia, eta telebista— bereizten dituzten oinarrizko lau ezaugarri ikus daitezke:

  • Oso urte gutxitan Internet-ek erabiltzaile-kopuru izugarria lortu du.
  • Internet-en —oraingoz behintzat— ez dago inolako zentsurarik; hau da, sarean zerbait jartzeko aurrez ez dago kontrol-galbaheak pasatu beharrik. Erabiltzaileak eurak informazio-emaile izan daitezke.
  • Internet-en emailearen eta hartzailearen arteko zuzeneko harremana lor daiteke.
  • Internet-en testua, irudia —finkoa eta mugimendua duena— eta soinua biltzen dira.

Hala eta guztiz ere, etika-gaietan aditu direnen ustez Internet oraindik ez da masa-komunikabide. Izan ere, beraiek diotenez, Internet-eko edukietan kantitateak kalitateak baino garrantzi handiagoa du, eta komunikabide izateak gutxieneko batzuk betetzea eskatu behar du nahi eta nahi ez. Telebistara iristea lortzen duenean bihurtuko omen da Internet mass media, XXI. mendeko komunikabide nagusi, hain zuzen ere.

7Kn argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia