Elhuyar zientziaren komunikazioa

Independentziarako Galileo

2001/04/18 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Galileo europarren satelite bidezko nabigazio-sistemaren izena da. Asmo handiko proiektu hori Europako Batasuna eta Europako Espazio Agentziak jarri dute martxan eta 2008. urterako indar betean egotea espero dute. Galileo sistemako 30 sateliteetatik lehenak 2004an jarriko dira orbitan eta 2006rako hasiko da zerbitzua eskaintzen.

Galileo estatubatuarren GPS eta errusiarren GLONASS sistemak bezain zehatza da, baina horiek ez bezala, publikoa eta zibila izango dela adierazi dute ESAk eta Europako Batasunak. Posizioa 4 metroko zehaztasunez neurtuko du eta zerbitzuak ia edozein egoeratan funtzionatuko duela ziurtatu dute. Gainera, sateliteren batek huts egingo balu, erabiltzaileak handik sei segundora izango luke akatsaren berri.

GPSak aspaldi gainditu ditu aplikazio militarren mugak. Ia ezinbesteko bilakatu da itsasoan nabigatzeko eta laster hedatuko da lurrera zein zerura. Bestalde, ikerketa zientifikoetan ere geroz eta gehiago erabiltzen da. Baina, hala ere, bai GPSa eta bai GLONASS militarren esku daude eta bat bera ere ez da europarra. Galileo proiektuaren bultzatzaileek behin eta berriz azpimarratu dute Europa berak kudeatuko duen satelite bidezko nabigazio-sistema baten premian dagoela, eta badirudi arrakasta izan dutela.

Galileo paperetik errealitaterako bidea egiten hasi da dagoeneko. Hil honen hasieran Europako Batasuneko garraio-ministroek 100 milioi euro eman dituzte programa abian jartzeko eta baliteke urte-amaieran beste 450 milioi euro eskaintzea. Programa kudeatuko duen taldea ere orduan osatuko da. Bien bitartean, ESA hasia da proiektuaren lehen fasea lantzen GalileoSat programaren bitartez.

Galileo satelite bidezko nabigazio-sistemak izango duen 2.900 milioi euroko kostua Europako Batasunak, ESAk eta industria pribatuak ordainduko dute. Lehen fasean programa garatu eta erabili nahi den teknologia balioztatuko da. Hiru edo lau satelite orbitan jarriko dira eta testak egingo dira proiektuarekin aurrera jarraitu aurretik. Horretan 1.000 milioi euro gastatuko dira. Guztia ondo joanez gero, beste 1.000 milioi euro beharko dira dozena bat satelite orbitaratu eta nabigazio-sistema martxan jartzeko eta beste 0,9 milioi euro gainerako sateliteak espazioratu eta sistema osatzeko. Amortizazioa segituan lortuko dela adierazi dute eta Galileo rentzat berariaz garatutako teknologiak 20 urtean 90 bilioi euroko irabaziak sortuko dituela.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia