Ibermektina, itxaropen bat

2020/12/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Hasteko, ez dizuet ezer berririk esango COVIDaren kontrako txertoak bizimodua aldatuko digula aipatzean. Eguberria gertu daukagu, Erresuma Batuan hasi dira jendea txertatzen Pfizerren txertoarekin… Berri handirik ez.

Baina toki batera begiratzen dugunean, besteak galtzen ditugu bistatik. COVID-19a gaixotasun bat da, SARS-CoV-2 izeneko koronabirus batek eragiten duena. Badakigu birusen kontra, txertoak ez ezik, beste botika batzuk existitzen direla, antibiralak. Ezagunak egin zaizkigu Remdesivir eta klorokina izenak hilabete hauetan. Eta azkenaldian komunikabideetan Molnupiravir izeneko botikaren berri entzuten dugu. Askotan bezala, oso botika egokia dirudi. Hudoetan probatu da, baina auskalo gizakietan ere eraginkorra den ala ez.

Edozein gaitzen kontrako botika berri bat ateratzen denean, kontrol asko pasatu behar ditu eta, merkaturatu arte, denbora asko igaro daiteke. Baina badago beste aukera bat: dagoeneko onartuta dagoen botika bat aztertzea COVID-19aren kontra efekturik duen ikusteko. Gutxi gorabehera, hori da ibermektinaren kasua. Bizkarroi batzuen aurkako botika da (zizare batzuen infekzioen kontrakoa, adibidez), eta normalean animaliak tratatzeko erabiltzen da. Hala ere, kasu batzuetan pertsonak ere tratatu izan dira ibermektinarekin. Bada egiten ari diren probetan, badirudi, COVID-19aren kasurako ere funtzionatzen duela gizakietan. Albiste batzuetan galdetzen dute ea ibermektina izan daitekeen COVID-19aren profilaxia. Dena den, azpimarratu behar da albo-ondorioak dituela paziente batzuetan. Botika gehienekin gertatzen den bezala, ez da mirari bat.

Argi esan behar da: une honetan, ez dago munduan ibermektinaren erabilera onartu duen nazioarteko osasun-agentziarik. Arrazoia zein da? Bada, hor dago kontua.

Berez, ibermektina bakterio batetik erauzitako botika bat da; proportzio jakin batzuetan antz handiko bi molekulen nahaste bat, hain zuzen ere. Eta botika merkea eta aspalditik ezaguna da, gainera.

Hego Amerikan, azterketa asko ari dira egiten ibermektinarekin, Argentinan eta Mexikon, adibidez. Mexikon, adibide bitxi bat dago: Txiapas estatuan uztailean hasi ziren ibermektina banatzen, eta geroztik, COVID-19ak eragindako hildakoen kopurua oso txikia izan da. Noski, ni ez naiz inor esateko ea hilkortasun-tasa txiki hori botikaren ondorioa den ala ez.

Ibermektinaren aldekoek esaten dute egin diren proba guztiek eman dituztela emaitza onak. Badirudi birusaren erreplikazioa saihesten duela eta pazienteen birus-karga txikiagotzen duela. Agian, arrazoia dute. Kontrakoek diote ez direla beharrezko proba guztiak egin, eta ez dela oraindik behar bezala frogatu botika eraginkorra eta segurua dela. Agian, haiek ere arrazoia dute. Ez da kontu erraza. Itxaropentsua bai, baina auskalo.

Estatu Batuetan aspalditik baztertuta dago ibermektinaren erabilera COVID-19arentzat, eta, hala eta guztiz ere, egun hauetan senatuan eztabaidatzen ari dira haren erabilera.

Nafarroan ere ari dira ibermektina ikertzen; Nafarroako Unibertsitatekoak Bartzelonako ISGlobal institutukoekin batera. Artikulu baten preprint bat argitaratu dute emaitza onak adieraziz. Hemen ere zuhurrak izan gaitezen. Preprint bat da, horrek esan nahi du zientziaren komunitateak ez duela oraindik ikerketa aztertu eta epaitu (parekoen ebaluazio deitzen den hori ez da oraindik egin). Beraz, behin behineko emaitzak dira. Itxaropena ekartzen dutenak, baina oraindik itxaron egin behar da.

Bada esaten duenik ibermektina botika merkea dela, eta, tratamendua onartuko balitz, beste interes ekonomiko batzuen kontrakoa litzatekeela.

Adi egongo gara zer gertatzen den ikusteko. Azpimarratzekoa da, hala ere, txertoaz aparte gaurkotasuneko albiste bihurtu dela COVID-19aren kontrako borrokan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia