}

Hubble, izarren mugimenduak aurreikusteko

2010/10/28 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Oraingoan, zientzialariek denboran milaka urte aurrera egiteko baliatu dute Hubble teleskopioa. Irudiaren goialdean, kolore biziz ageri den hori Omega Centauri Esne-bideko kumulu globularraren (izar-multzoaren) erdigunea da. Eta teleskopioak hari ateratako argazkiei esker, datozen 10.000 urteetan haren barruko izarrak nola mugituko diren kalkulatzeko aukera izan dute astronomoek. Irudiko izar horiek guztiak zorizko norabidean mugitzen dira, erleen modura.

Bada, Hubblek 2002an eta 2006an ateratako argazkiak baliatu dituzte kumuluko izarren posizio zehatza neurtzeko. Eta, lau urte horietan izandako mugimendua ikusita, izarren etorkizuneko mugimendu frenetikoa aurreikusteko gai izan dira. Beheko ilustrazioak, hain zuzen, goiko irudiko koadro zurian nabarmendutako izarren etorkizuneko posizioa irudikatzen du. Marra bakoitzak izarren datozen 600 urteotako mugimendua azaltzen du.

Irudia: NASA, ESA, J. Anderson eta R. van der Marel (STScl).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia