}

Hondamendien ranking-a

2000/01/30 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

1999. urtean hondamendi natural ugari eta handiak gertatu zirenez, munduaren bukaeraz ere hitz egin zuen batek baino gehiagok. Venezuelako eta Mexikoko lur-jausiek, Turkia eta Taiwan-eko lurrikarek, eta Hego Amerikan gertatu diren uholdeek zeresan dezente sortu zuten, baina ez dira mendeko handienak izan.

Lur-jausiei dagokienez, handiena 1980. urtean Washington-en gertatu zen. Lurrikara txiki baten ondorioa izan zen, Mount St. Helens sumendiko albo batetik 2,8 kilometro kubiko lokatz eta arroka askatu zirenean. Hartu ziren neurriei esker, 60 pertsona baino ez ziren hil. Hildakoen kopuruari erreparatuz gero, lur-jausi kaltegarriena 1990eko ekainaren 20an gertatu zen, Iraneko mendebaldean, 40.000 eta 50.000 pertsona artean hil baitziren. Lurrikaren kasuan, mendeko gogorrena Txilen gertatu zen, 1960ko maiatzaren 22an.Ritcher eskalan 9,5era iritsi zen. Herrialde hartan 2.000 pertsonatik gora hil ziren. Lurrikara beraren eraginez, Hawaiin, Japonian eta Filipinetan tsunamiak sortu ziren, eta han ere hil zen jendea. Hildako gehien, berriz, Txinako Tianjin-en 1976ko uztailaren 27an gertatutakoa izan zen. Ofizialki 255.000 pertsona hil ziren; beste iturrien arabera, hildakoen kopurua 655.000koa izan zen.

Sumendien erupzioei dagokienez, indartsuena Alaskako Novaruptam sumendikoa izan zen, orain arte inoiz sumendi batek bota duen magma gehien jaurti baitzuen. Alaskakoan hildakorik ez zen gertatu, bai ordea, 1902. urtean Martinicako Mont Pelee sumendiko erupzioaren ondorioz: 30.000 pertsona. Uholdeak, azkenik, batez beste urtero hildako gehien eragiten duten hondamendi naturalak dira. Orain arteko hilgarriena Bangladesh-en gertatu zen 1970eko azaroan, 300.000 hildakorekin.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia