}

Hondamendi naturalak zineman. Zientzia gutxiko natura

2004/09/26 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hondamendi naturalei buruzko filmak indar handiz itzuli ziren joan den hamarkadan. Azken boladan pisu handia eman nahi izan diote eduki zientifikoari, nahiz eta filmen arrakasta oso bestelakoa izan den film batetik bestera.
Hainbat sumendi-mota daude, eta bakoitzak ezaugarri propioak ditu.

Badirudi Hollywooden ahalegin handia egiten dutela xehetasun txikienak ere ondo erakusteko. Istorioaren fidagarritasunarekin, ordea, ez dira beti horren fin aritzen.

Hondamendiei buruzko filmak horren adibide izaten dira sarritan. Gidoigileek gero eta gehiagotan sartzen dituzte azalpen zientifikoak istorioan, eta arrunta da pertsonaien artean zientzialariak izatea.

Askotan, ordea, zientziaren aurrerapenetara jotzen dute ez hankarik ez bururik ez duen zerbait azaltzeko, eta, seguruenik, ikusleak lasaiago geratuko lirateke inongo azalpenik gabe. Izan ere, hainbat gauza sinestezin besterik gabe onar daitezke istorioaren edo akzioaren baitan, komikietan eta zientzia-fikzioan egiten den bezala. Helburua, azken finean, denbora pasatzea da. Sinestezina egia zientifiko bihurtu nahi dutenean, ordea, are azalpen sinesgaitzagoak asmatzen dituzte sarritan.

Mota horretako film gehienek ildo berari jarraitzen diete. Arrisku handi bat izaten da, eta heroi bakar batek salba dezake mundua. Hondamendi handienek, bestalde, munduko hiri nagusiak jotzea dute gogokoen, eta New York, Los Angeles edo Washington badira hiri horiek, askoz hobeto.

Eskerrak NASAri, bestela asteroide bat etorriko zaigu oharkabean eta gurekin talka egingo du.

Argumentua zorizko gertaerez, etengabeko akzioz, abenturaz eta arriskuz beteta dago. Ezinezkoa dirudi bizirik ateratzea, baina azkenean heroiak irabazi egingo du eta zorretan izango du mundua. Ekaitzak, lurrikarak, tornadoak, sumendien erupzioak, sute handiak, uholdeak, espaziotik etorritako arriskuak... guztiek balio dute heroiaren etsai gisa. Eta gainera, denbora ere kontra izaten du beti.

Hori dela eta, normalean istorioa ordu edo egun gutxian gertatzen da, eta hori izan ohi da zientziarekin topo egiten duen lehen gauza. Izan ere, naturako zenbait fenomeno –klima-aldaketak, esate baterako– ez dira egun batetik bestera gertatzen.

Ugariak dira horrelako hutsak pelikuletan. Asko dira, noski, akatsak bilatzea gogoko duten zaletuak ere, eta, beraz, ez dira sarritan oharkabean pasatzen. Adibide batzuk aipatuko ditugu erakusgarri, eta beste asko bilatzeko abiapuntu izan daitezke.

Film beste akats (edo gehiago) Armageddon filma akatsez beteta dago. Bat aipatzeko, argumentuari begiratu baino ez dago: asteroide batek Lurra joko du, eta hori gertatu baino hamazortzi egun lehenago aurkitzen dute (!). Horren denbora laburrak, noski, istorioari emozioa jartzea du helburu, eta azalpen bat ematen ere saiatzen dira, eta bide batez NASAren lan handia goraipatzen dute. Aipatu ere ez dute egiten, noski, munduan milaka eta milaka teleskopio daudela gauero zerua behatzen, eta horren urrun ez dagoen asteroidea zaletu baten etxeko teleskopioarekin ere ikus daitekeela. Hortik aurrera, hamaika akats.

Lurrean bizitzea benetan da arriskutsua, edozein katastrofe gerta daiteke edozein unetan.

Nukleoa (The Core) filman, Lurraren nukleoak biratzeari utzi dio, eta horrek erabateko hondamena ekarriko dio munduari (beno, erabatekoa ez, heroiak hor daude eta). Aurrerakinean bertan agertu zen film horretako lehenengo hanka-sartzea, hau baitzioen: "Lurraren eremu magnetikoaren alderanzketak munduko bizi guztia ezabatzen du 700.000 urtero". Hori hala balitz, nolatan dago orain Lurrean milioika urteko eboluzioaren ondorio den bizi guztia? Irudi horiek filma estreinatu aurretik aldatu zituzten.

Waterworld filmean ere laburtxo utzi zituzten denbora-tarteak: 300 urtean, poloetako izotza urtu, ia lur guztia ur azpian geratu (!), eta gizaki batzuek ur azpian bizi ahal izateko mutazioak izan dituzte. Datarik eman izan ez balute behintzat! Hollywooden ugariak dira DNA aldaketa espontaneoak, baina eboluzioaren legeak kontuan izanda, ez da oso sinesgarria hamabost belaunaldi inguruan brankiak garatu eta horrenbeste aldaketa izatea.

Dante´s Peak eta Volcano filmetan, dirudienez, ez zekiten sumendi-mota bakoitzak material-mota jakin bat botatzen duela, eta bai batean eta bai bestean, denetarik ikusten da erupzioetan: laba arina, laba dentsoa, hautsa, bonbak... Etna, Mauna Loa, eta Krakatoaren erupzioen ezaugarriak, denak batean, eta Estatu Batuetan!

Antza, bat bateko klima-aldaketen ondorioak erakustea erakargarria da zinemagileentzat.

Beste alde batetik, Twister filmean, mirariz edo, protagonisten tinpanoek ez dute inongo kalterik. Tornadoak, gainera, hainbat gauza irentsi eta hegaz eramaten ditu, baina beste batzuk, harrigarria bada ere, ez ditu eramaten. Zergatik etxeak eta behiak bai, baina kea eta karabanak ez?

Hainbat akats –denbora-epeena kasu– film asko eta askotan agertzen dira. Ohikoa da, adibidez, astronautei eta planetarteko bidaiei buruzko filmetan burrunba handiak entzutea espazioan, baina soinuak bide bat behar du bidaiatzeko, eta espazioa hutsa denez, soinua ezin da garraiatu. Hala ere, badaude finago ibili diren hainbat film ere, espazio-ontzitik kanpo isiltasun osoa erakusten dutenak. Horrenbeste ez dira eta, baten batek gogoratuko du horietakoren bat. Bukatu berri den Donostiako zinemaldian ikusi al duzu horrelakorik?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia