Hirietako argi mapak, kutsadura mailaren adierazle
2000/12/17 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Satelite bidez jasotako informazioari esker, hirietako argi mapak egin ditzazkete zientzilariek, eta horiei esker hiriguneetako dentsitatea eta kutsadura maila neurtu. Horretarako ez ezik, lurralde antolamenduaren egoeraren berri izateko ere erabil daitezke argi mapak.
Badut Natura eta Naturaren erritmoa atsegin dituen lagun bat. "Hau ez duk bizitzeko modua esaten dit behin baino gehiagotan, Naturaren kontra ari gaituk. Gaua esna eta eguna lotan joaten zaizkiguk. Eta ez gaituk geu zoratutako bakarrak, animaliak ere zoratzen hasi dituk". Horrela hasten denean badakit ez dela behi eroez ari, txantxangorriez baizik. "Goizeko lauretan ere kantuan aritzen dituk".
Ez zaio arrazoirik falta lagunari. Izan ere, herrietako eta hirietako gauak ez dira duela urte batzuetakoak bezalakoak. Kaleetan argiteria elektrikoa jarri zen arte, beste era batera bizi izaten zen jendea, Eguzkiari begira batez ere. Hura ateratzen zenean jendea esnatu eta jaiki egiten zen; ezkutatzen zenean, berriz, oherako edo etxerako bidean jartzen zen. Gaur egun, ordea, jende asko ez da eguzkia noiz irteten eta noiz sartzen den ere ohartzen. "Txantxangorriak ere ez dira ohartzen, gaua eguna delakoan igarotzen dute", esango luke lagunak.
Zientzialari guztien arabera, hiriak poluzio-mota ugariren topaleku dira. Hiriak zeharkatzen dituzten errekak zikin-zikin izaten dira, zerua kez beteta egon ohi da, zaratatsuak dira… eta argi-poluzioaren eragina gero eta nabariagoa bilakatzen ari da. Horren guztiaren ondorio, hiriek Naturaren desoreka-eragile garrantzitsuak dira; batez ere ekosistemen egoerari eta klimaren egoerari dagokionez. Poluzio-arazo hori dela eta, zientzialari-talde batek munduko hirietako dentsitatea neurtzeko teknika eta sistema garatu ditu. Neurketa egiteaz gain, sistemak hirietako dentsitateak Naturari nola eragiten dion ere azaltzen du.
Teknikak ez dirudi batere konplexua. Lurraren orbitan dagoen satelite-mordoa aprobetxatuz, zientzialariek hirietako irudiak hartzen dituzte, gauez hartu ere. Horrela, munduko argi-mapak egin ditzakete. Argi-mapa horietan gune batetik bestera dauden argitasun diferentziak agertzen dira, eta horrela gune batzuek zein besteek duten urbanizazio-maila eratzen da. Urbanizazio-mailaren irakurketa hori gero ingurugiroan duen eragina aztertzeko oinarri izango da.
NASAko Goddard Space Flight Center zentroan ari dira lan egiten teknika horrekin. Marc Imhorff biologoak gidatzen duen taldeak dagoeneko sei urteko ikerketa osatu dute urbanizazio-maila eta horrek Naturan duen eragina ikusteko. Ikerketa egiteko, esan bezala, orbitan dauden sateliteez baliatzen dira Goddard zentroan. Ilun dagoela, sateliteek, argia non dagoen jasotzen dute. Jakina, irudietan batez ere hirietako argia agertzen da, sateliteek ikus dezaten argi-kontzentrazioa behar-beharrezkoa delako.
Ikerketa horietan atera dituzten datuak kontuan hartuta, Marc Imhofrfen taldeko ikerlariak urbanizazio-mailaren ondorioei buruzko teoriak egitera ere ausartu dira. Ikertzaileek diotenez, hirietarako migrazio-mugimenduak gero eta handiagoak dira mundu osoan; hau da, hirietatik kanpo gero eta jende gutxiago bizi da. Goddard zentroko ikerlariek emandako datuen arabera, duela bi urtera arte planetako populazioaren herena baino ez zen bizi hirietan; gaur egun, aldiz, populazioa erdi eta erdi banatuta dago, erdia hiri handietan bizi da eta beste erdia hirietatik kanpo.
Ondorioa interesgarria da, dudarik gabe, seguruen teknika bera baino interesgarriagoa, hark ez baitu aparteko sekreturik. Hala ere, teknika hori erabiltzeko eta ikerketa garatzeko motibazioek, batez ere Naturaren erritmoarekin batera bizi nahi direnen ikuspegitik, eman dezakete hausnarketa egiteko beta. Hitzak ikerketaren zuzendariarenak dira, Marc Imhorffen biologoarenak. "Denbora asko eman dut Lurrari espaziotik begira, eta gehien harritu nauena giza garapena nola hedatu den izan da, laranjetan lizunak aurrera egiten duen bezala hedatu baita. Garapen horrek ingurugiroan nola eragingo zuen jakitea garrantzitsua iruditu zitzaidan, ingurugiroan eta paisaian batez ere. Gune urbanizatu guztiak hartu eta mapa egin behar nuela pentsatu nuen, baina hori egiteko behar-beharrezkoa zen hiri guztietako irudi zehatzak. Jakina, hori oso lan handia zen, konturatu nintzen arte munduko hiri guztiek baduten zerbait badela, elektrizitatea alegia". Teoria edo gogo horretatik abiatuta Imhorff-en ekimenarekin, argitutako munduko guneen irudiak jasotzeko, sateliteen lanaz baliatzea erabaki zuen. Horri esker, argi-mapak egiten hasi ahal izan dira. Oraingoz, mapak gehienbat Estatu Batuetakoak dira, baina gerora mundu osoko argi-mapak egiteko asmoa dago.
Horrelakoak lanik egiteko premiarik ba ote dagoen? Zaila da galderari baiezkoa edo ezezkoa ematea, batez ere jakinda azkenaldiko joeraren arabera, hirietara gero eta jende gehiago hurbiltzen ari dela. Dena den, horrek ingurugiroan sorraraz ditzakeen arazoen berri ematea ez da txarra, nahiz eta jakite hutsagatik jendeak nekez utziko dion hirietara moldatzeari. Argi-mapak hirien eboluzioaren erakusle garbiak eta zehatzak izan daitezke, zerutik argiz betetako hiriak oso erraz ikusten baitira; lurretik, aldiz, gero eta zailagoa da zeru iluna, zeruko izarrak, eta ilargia bera ere ikustea.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia