Helmholtz, Herman von
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1821-1894)
Fisikari eta fisiologo alemaniar hau Postdam-en munduratu zen 1821ean. Bere familiako beste zenbait kidek bezalaxe, Herman gazteak berehala erakutsi zuen medikuntzarako joera. Berlinen graduatu zen medikuntzan eta Armadaren ospitaletan egin zituen bere lehen ebakuntzak. Lan hori utzi zuenean, irakasteari ekin zion; besteak beste, anatomia eta fisionomia erakutsi zituen Kaliningrad-en (1849) eta Bonn-eko Unibertsitatean (1858) eta 1871n fisikako katedra eskuratu zuen Berlingo Unibertsitatean.
1851tik aurrera, begiaren eta ikusmenaren arazoaz arduratu zen. Helmholtzi zor zaizkio oftalmoskopioa, begiaren barnealdea aztertzeko tresna optikoa eta oftalmometroa, begiaren kurbadura neurtzen dituen tresna. Thomas Young zientzilariarekin elkarlanean, hiru koloretako ikusmenari buruzko teoriak landu zituen. Ikusmenaz ezezik, entzumenaz ere arduratu zen eta 1862an soinuaren tinbrea definitzera heldu zen. Helmholtzen arabera, oinarrizko soinuaren gainean eraikitako soinu harmoniko desberdinen intentsitate erlatiboaren araberakoa da tinbrea, instrumentuaren edo ahotsaren bereizgarria dena.
Fisiologian nerbio-bulkaden abiadura neurtzea lortu zuen, ordurarte zientziaren hutsunetzat jotzen zena osatuz.
Edonola ere, Helmholtzen ekarpenik garrantzitsuena energiaren inguruan egindako bi aurkikuntzak dira. Batetik, energia potentziala definitu zuen, gorputz batek duen posizio, forma edo egoeragatik bere baitan pilaturik duen energia dela esanez. Eta bestetik, energi kontserbazioaren printzipioa enuntziatu zuen 1847an (Mayerrek printzipio bera aldarrikatu zuen bost urte lehenago, baina Helmholtz izan zen teoria hutsa gainditu zuen lehena). Helmholtzen teoriak zioenez, energia ez da sortzen ez deusezten, transformatu baizik. Dakigunez, mekanika klasikoko oinarri nagusitakoa da hastapen hori (mekanika erlatibista eta kuantikoan, ordea, energia eta masa elkarren transformagarri direla baieztatzen da). Helmholtzek printzipioa bera eguzki energiaren jatorria aztertzeko erabili nahi izan zuen, baina ez zituen kontutan hartu erradioaktibitatea edota energia nuklearra. Edonola ere, Helmholtzen teoriak eta saioek ondorengoen ikerketak bideratzeko balio izan zuten.
Herman von Helmholtz 1894an zendu zen Charlottenburg hirian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia