}

Hartz arrea Ba omen zoaz betirako!

1991/04/01 Barrenetxea, Tere - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure inguruan badira hartz arrearen lurralde izandako bi gune: Kantabriar mendikatea eta Pirinio mendiak. Baina biak oso etxe baldar bihurtu dira aspalditxo hartzarentzat. Gizakiak era askotara ezarri dion presioak ia guztiz desagerterazi egin du. Ale bakan batzuk gelditzen dira bi gune hauetan eta ez dirudi urte luzetan iraungo dutenik. Bai Frantzian, bai Espainian, hartza babesteko lege eta neurriak ezarri dira azken urte hauetan, baina gero eta argiago dago ez direla aski izango. Lortutako babes legalak eta talde eta pertsona batzuek egindako lanek ez dute lortu hartz-populazioa bi gune hauetan egonkortzea. Denbora gutxi barru betirako desagertuko da gure inguruetatik.

Hartzaren familia handia

Euskal Herrian bertan edo inguruko lurretan bizi diren hartzak hartz arre espeziekoak dira. Espezie honen izen zientifikoa Ursus arctos da.

Hartz honek baditu gertuko anai-arrebak eta baditu urrutiko lehengusuak ere. Gertukoena Iparrameriketan (Alaskan eta Kanadan) bizi den eta, grizzly izenez ezagutzen dena da.

Historian zehar galdu diren espezieak ere baditu hartzaren taldeak: leize-hartza dugu hauetako bat. Glaziazioen garaian bizi zen hartz honen arrastoak, Europa osoan zehar aurki daitezke. Desagertzearen arrazoia garai haietan izandako oso negu gogorrak izan daitekeela pentsatzen da.

Gaur egun ezagutzen ditugun hartzen artean badira oso ugari direnak: Iparramerikan bizi den hartz beltzaren ( Euarctos americanus ) espezieko 200.000 ale dagoela uste da eta hartz zuriaren ( Thalarctos maritimus -en) 20.000 ale. Beste batzuen egoera ez da hain erosoa. Andeetan bizi den betaurrekodun hartz aren ( Tremarctos ornatus ) espezieko 2.000 ale dagoela diote adituek. Panda hartzaren egoera ere kezkagarria da. Txinan 1.000 ale besterik ez omen dago.

Beste espezie batzuen egoera, hala nola tibetarrarena ( Selenarctos thibetanus ) eta inurrijalearena ( Myrmecophaga tridactyla ), are eta larriagoa da eta ale bakar batzuk besterik ez direla geratzen uste da.

Guretzat ezagunena, Pirinio eta Kantabriako mendietako hartz arrea da, esan dugun bezala. Espezie hau munduan zehar leku askotan aurki daiteke; Europan eta Asian adibidez. Badu esan bezala Iparrameriketan bizi den gertuko senidea: genero bereko Ursus horribilis espezieko grizzly hartza. Guztira 250.000 hartz arre omen dago munduan, baina Europan 30.000 besterik ez omen dira geratzen eta gainera lehen ezaguna zen hainbat gunetan ia-ia desagertu da, hala nola Grezia, Alpe frantziar eta italiarretan eta aipatuak ditugun gure inguruko beste bi gune horietan.

Piriniotan 10 edo 14 ale besterik ez daude gaur egun. 1.970. urtean 20 zirela uste da eta 1.937. urtean 150etik gora. Hartz-kopuruari begira egin diren azken estatistikek diotenez, Piriniotan ez legoke 14 hartz baino gehiago. Alderdi espainiarrean hartz bakar bat besterik ez dagoela uste da. Frantziarrean hiru zonatan aurkitu dira arrastoak: Ossau eta Aspe bailaretan hamar bat hartz, Luchonnais inguruetan bat edo bi eta Ariège aldean agian bat.

Kantabriako mendikatean kopuruak pixka bat handiagoak dira. Baina azken kontaketek adierazi dutenez, orain dela urte gutxi Administrazio lokaleko arduradunek botatako datu optimista haiek ez daude justifikaturik. Orduan aipatutako 120 hartzeko populazioa 60-80 alekoa besterik ez dela azaleratu dute azken ikerketek. Bi gune banandu daude. Mendebaldeko alderdian guztira 40 edo 60 hartz daude eta ekialdekoan 20 besterik ez.

Hartzaren ezaugarri batzuk

Hartza animalia orojalea da. Aktibitate-garaian asko jaten du, baina hainbeste jan behar hori erraz ulertzeko modukoa da; mokau bakarra ere probatu gabe pasatzen bait du negua. Hartzaren neguko hibernazioa, hala ere, ez da benetakoa. Hibernazioaren ezaugarrietako bat inguruko tenperatura eta gorputzarena berdintzea da eta hori hartzari ez zaio gertatzen. Bere gorputz-tenperatura normala 38ºC-koa bada, hibernazio moduko horretan 34ºC-raino iristen da eta inoiz baita 31,2ºC-raino ere. Beraz, bero mantentzen da hartza; hibernatzen duten beste animaliek ez bezala.

Aktibitaterik gabeko epe horretan hartzak lo egiten du, baina aktibitaterako gaitasuna badu eta estimulazioa dela eta esnatzea gerta daiteke. Are gehiago, epealdi horretan erditzen dira emeak eta udaberrirarte harzkumeak elikatu eta berotu egiten dituzte, lotan segitzen duten bitartean. Hartz arrearen hibernazioak lauzpabost hilabetez irauten du: azarotik apirila bitartean.

Hartz arrea 100 eta 250 kg arteko animalia da. Arra emea baino dexentez handiagoa da tamainaz. Arrak atzeko bi hanken gainean zutituz gero, 2 m-ko altuera izatera iristen dira.

Hartz arrea eta bere kumeak Kantabriako mendietan.

Orojalea dela esan dugu. Udaberrian, lozorrotik atera eta bere gordelekua uzten duenean, hosto, kimu eta sustraiak bilatzen ditu elikatzeko. Udan, urra, mazusta eta ahabia izaten ditu gustoko eta eskuragarri. Aleak eta eztia ere jan ohi ditu. Okelari ere ez dio muzinik egiten, nahiz eta bere elikagaien % 10 edo 20 besterik izan ez. Okela hori lortzeko inoiz artaldeei eraso egiten die.

Bista txarra du, baina belarri fina eta usaimen zorrotza. Ekaina aldean ibiltzen dira jotake bikotekidearen bila. Lan zaila benetan, hain dentsitate txikia duen populazioa izanik. Bikotekidea aurkitu eta parekatuz gero hartz bat edo bi jaioko dira. Zorte pixka batekin eta gizaki eta bestelako arriskuetatik urrun ibiliz gero, hogeitamarren bat urtez bizitzeko esperantza izan dezakete jaioberriek.

Arerio zaharrak: artzainak

Ardiak gustoko ditu hartzak eta horretaraz gero, artzainaren kaltetan eraso egingo dio artaldeari. Artzainek aspalditik izan dute otso eta hartzengandik babestu beharra. Eta horretarako eskura izan dituzten bide guztiak erabili dituzte: arte eta armez gain estriknina ere ugari erabili izan da. Hildako ganadu edo okela-puska baten barruan estriknina jarri eta hartza noiz bertaratuko zain egotea errazagoa da artzainarentzat. Frantzia aldeko Piriniotan behintzat askotxo erabili da bide hau.

Artzainak eta hartzak elkarrekin baketsu bizitzeko Frantzia aldean egin dira saiorik serioenak. Hartzak hildako ardi bakoitzeko indemnizazioa jasotzeko eskubidea zuen artzainak. 1.989an 56 ardi eta 3 ahuntz izan dira arrazoi honegatik indemnizazio-gai, diru-saria 1.550 liberarainokoa izan daitekeelarik.

Neurriak ez dira, ordea, horretan geratu. Artzainen lana erraztu asmoz eta bide horretatik beraiekin elkarlanean aritzeko aukera handiagoa izan dadin, helikoptero-zerbitzua ezarri da Frantzian. Helikoptero horrek artzainen lanabes eta elikagaiak txaboletaraino eramaten ditu artzainari hainbat joan-etorri egiteko beharra kenduz. Zerbitzu honek 10 bat egunetako lana aurreratzen omen die udaberritik aurrera artzainei.

Arerio gehiago: ehiztariak

Artzainak ez dira izan hartzaren etsai bakarrak eta inolaz ere ez (gaur egun behintzat) heriotz gehienak sorterazten dituztenak.

Datuak ez dira guztiz fidagarriak (kontutan hartu hartza ehizatzea guztiz debekatua dagoela Frantzian 1.957. urteaz geroztik eta Espainian 1.967.az gero), eta iturrien arabera oso desberdinak badira ere, hauek dira jaso ditugun batzuk: Asturiasen 1.979/1.981 epealdian 12 edo 25 hartz hil dituzte eskupetaz edo lakioz iturri desberdinen arabera. 1.986/87 urteetan 9 edo 4, iturrien arabera, eta Leonen 1.980/1.987 urte bitartean 8 bat.

Hala ere ez da zigorrik ezarri; nahiz eta indarreango araudiaren arabera hartza ehizatzeagatiko isuna Kantabrian 2 milioikoa eta Gaztela-Leonen 1,5 milioikoa izan.

Ehizak oso tradizio luzea du lur hauetan eta ixileko ehiza arazo handi bihurtu da. Ohiturak aldatzea ez da erraza izaten eta horretaz gain, hartutako neurriak paperean bakarrik geratzen badira, are eta latzagoa izaten da babestutako espeziea serioski defendatzea.

Argi dagoena honako hau da: hartza ehizatzearen kontrako arauak atzo goizekoak ez badira ere, ehiztari askok lasaitasun eta urguiluz jokatzen duela hartza akabatzen. Horrelako kasuak ezagutu dira, bai Piriniotan eta bai Kantabriako mendietan.

1.982an aurpegia estalita ehiztari-talde batek argazkia atera zuen akabatu zuten hartz eme eta bere kumearekin batera. Argazkiak buelta dexente eman zituen eskuz esku Piriniotako zenbait bailaratan.

Txamantxoia mendiaren magala. Honelako basoetan babesten da Piriniotako hegoaldean bizi den hartz bakarra.

1.988ko Santu Guztien Eguna. Leoneko Brañosera herrian, herritar batek eskupetaz akabatutako hartza zegoen denontzat bistan. Eraso egin ziola eta bere burua defendatuz egindako tiroak zirela zioen ehiztariak. Hartzari egindako azterketek ez zuten ehiztariak esandakoa argitzen: ihesi doanaren posturan jasotako tiroak zirela diote FAPAS taldekoek. Talde hau izan da kasu honetan salaketa aurrera eraman nahi izan duena

FAPAS taldearen HARTZA Proiektuak Natura Zaintzeko Fundazioak Europa-mailan ematen duen saria irabazi zuen 1.985. urtean

Ixileko ehiza ebitatzeko modurik eraginkorrena, Parkeak sortzea izan daiteke. Horrela, babestutako animaliek ez dute hainbesterainoko arriskurik. Baina bai Piriniotako Parkea eta bai Kantabriar Mendietako Erreserba Nazionalek, ez dute inondik inora hartzaren habitata barne hartzen; ez batean, ez bestean, erabakiak hartu zirenean ez bait zen hartzaren arazoa planteatu.

Habitataren arazoak: arerio berriak

Ehizaren eta hartzaren arteko bateragarritasun eza ez dator tiroen bidetik bakarrik. Legeak baimentzen dituen basurde-ehizak ere arazoak sortu ditu Piriniotan. Basurdea ehizatzeko lurraldeak askotan hartzarenarekin bat datoz eta gainera ehizaldiak hartzarentzat oso kontuzkoa den urtesasoian gertatzen dira. Honek arazoaren gakoa izan daitekeen hirugarren puntura ekartzen gaitu: azken finean, eta hartzak lurralde hauetan iraungo badu, bere habitata erabat hartuta kontserbatu beharko da. Artzainen edo ixileko ehiztarien iharduera (bakoitzak behar dituen berezitasun guztiekin) kontrolpean egonda ere, nekez lortuko dira helburuak bere habitata babesten ez bada.

Hartza basoan bizi da eta ez du inolako aktibitaterik bere inguruan nahi. Basoa ebaki, pista edo bideak egin, teleferikoak, eski-pistak eta pic-nic inguru eta turismo-ustiapenaren izenean burutu ohi diren beste iharduera batzuek hartzaren habitata degradatu egiten dute eta lurralde berrien bila joaten da.

Adibide bat besterik ez. Aspe bailarako hartzek ez dute bertan dagoen errepidea inoiz zeharkatzen eta, beraz, bertan 10en bat hartz dagoela esateak ez du errealitatea deskribatzen; harremanik ez duten bi multzotan banandurik bait daude.

Turismoaren presioak zer-nolako eragina izan dezakeen baloratzeko orduan ematen den informazioa, iturriaren interesen araberakoa dela argi dago. Italiako Abruzzo Parke Nazionalean gertatu dena lekuko. Parke hau 1.923an sortu zen hartz arrea babesteko asmoarekin. 100 ale inguruan mantentzen zen populazioak % 40 egin zuen behera 1.970 eta 1.986 urteen artean eta bere banaketa-area hirukoiztu egin zen. Ikerlarien eritziz turismoak urte horietan izandako gorakada ikaragarriak eragin zuen hartzak inguru lasaigoen bila lurralde berrietara hedatzea. Lurralde horiek parketik at zeudenez, ixileko ehiztarien menean geratu ziren eta hori da hilkortasun handiaren arrazoia. Baina datu hauek zenbait lanetan besterik ez dira irakurtzen. Beste artikulu eta folietotan Abruzzoko kasua kontserbaziorako arrakasta izan duen proiektu eredugarri bezala aipatzen da, kontserbazioa eta bailara horietako susperketa ekonomikoa (turismoa dela eta) bat etortzea lortu delakoan.

Kantabriako kasuan ere manipulazio-salaketak egon dira. Administrazio lokalak orain dela urte gutxi egin zuen estudio baten arabera, 120 hartz zegoela iragarri zuen. Beraz, egoeraren larritasuna pixka bat goxatu egin zen. Ikerlari independenteek egindako ikerketek aldiz, ez zuten Administrazioak emandako kopuruaren erdia ere kontabilizatu. Administrazioari ganorarik gabe jokatzen ari zela leporatu zioten; eritzi publikoa gehiegizko baikortasunera bultzatzen ari zela, hartzaren iraupenerako baldintzak segurtatzea kolokan jarriz.

Kantabriako mendikateako hainbat zonatarako Administrazioak dituen planak dira orain hartzaren kontserbaziorako taldeen kezka. Administrazioak ez du zuzenean turismoaz hitz egiten; baizik eta bertako herrietako biztanleentzako azpiegiturak hobetzeaz, baina helburu horiek ez omen dira planetan hain argi isladatzen. Teleferiko baten bukaeran pic-nic inguru bat jartzeak bertako herritar artzain edo basogintzan dabilenari zein eratako laguntza emango dion ez da oso garbi ikusten.

Gure gizartean azken aldi honetan eta arazo desberdinak direla eta asko errepikatzen ari den gatazka da: kontserbazioa versus garapena. Ñabardura asko dituen gatazka da eta kasu bakoitzean poliki aztertu beharrekoa, gehiegikeriak ebitatu nahi badira. Ezin ahaztu interes kontrajarriak azaleratzen dituzten arazoak izaten direla.

Hartza, bitartean, bere azkenetan dago gure inguruan. Lehian, parean tokatu zaion Homo Sapiens espezieak hartzen dituen erabakien zain dago. Hartz arrea lurralde hauetatik desagertzeak duen garrantziaz balorazio desberdinak egingo ditugu, noski, baina hartzaren aldeko apostua eginez gero, azkar eta arduraz jokatu beharko da; denbora kontrako faktorea bait da.

HARTZA DENA GIZUNA DÜZÜ

Lehenagoko eüskaldun zaharrek erraiten zizien gizuna hartzetik jiten zela.

Bai gizuna hartzetik fabrikatürik düzü.

Honelakoak jaso ditu Txomin Peillen-ek Animismua Zuberoan (Antropologiaren Euskal Bilduma, Haranburu Editorea S.A. Donostia, 1.985) bere liburuan.

Peillenek berak dio hartza gizakiaren arbaso izatearen sinesmen hori Pirinio osoan eta Asia bezain lurralde urrunetan ere agertzen dela. Sinesmen hori gizaki eta hartzaren anatomiaren konparaketatik dator.

Beste mito batzuk ere adierazten dute hartz/gizaki bikotearen muga labaina. Pirinio osoan, bai Ipar, bai Hegoaldean, bada hartza eta emakumeen arteko harremanei buruzko mitoa. Maite Basabüru pastoralean adibidez, hartzarekin larrua jotzen duen neskaren historia kontatzen zaigu kantu batean. Bedaxagarrek kantua grabatua du.

Honela dio kantuaren lehen bertsoak:

Malür bat heltü zaikü Basabürian
Egiaz erraitera Santa Grazian
prima eder bat Hartzak usuki Pusunpes altian

bena hanitx irus izan da jan eztianian.


HARTZAK KONTATZEN

Piriniotan: 10-14 ale.

Ipar-Piriniotan:

Ossau eta Aspe bailaretan: 10
Luchonnais inguruetan: 1 edo 2
Ariège aldean: agian bat.

Hego-Piriniotan:

Belabartze, Txamantxoia,
Belagoako Txokoa eta
Zurizarainoko lurraldeetan agian bat.

Kantabriako mendikatean: 60-80 ale.

Mendebaldean:

40-60 ale bi gunetan Leon, Lugo
eta bereziki Asturiasen.

Ekialdean:

20 bat ale Leon, Palentzia eta
Kantabria hartuz.


POSIBILITATE BAT

Shaffer, biologo iparramerikarrak, modelizazioak eginez gutxieneko populazio bideragarria 40-50 hartzekoa dela dio. Hau da, kopuru hori beharko litzateke gutxienez 100 urte pasatu ondoren ale batek behintzat bizirik irauteko, baldintza naturalen % 95etan.

Gune gehienetan kopuru horietatik oso urruti gaude. Zein da, orduan, esperantza? Kanpotik ekarritako hartzak bertakotzea. Beste lurralde batzuetan egin dira horrelako saioak eta arrisku handiak dituela ikusi da. Hartz etorkina bertakoekin genetikoki bateragarria dela segurtatu behar da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia