}

Hankadun sugearen fosila

2000/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Israel-en, Jerusalem hiritik gertu dagoen aztarnategian, 95 milioi urte dituen sugearen fosila aurkitu dute, hankadun suge baten fosila. Fosila ezaugarri berberak dituen bigarrena da (biak aztarnategi berean) eta sugeen eboluzioari buruzko galdera asko eragin ditu. Hasieran, hankadun sugeak suge modernoen eta itsas narrastien arteko katea zirela uste zen, eta fosilak aurkitu diren gunea itsas giroko lekua izanik, sugeen jatorri urtarreko teoria indartu zuen aurkikuntzak. Baina Jerusalem-go azken fosilak zalantzan jarri du hori.

Azterketa berriek aurkitutako bi fosilak eboluzio-katean uste baino gorago daudela eta, nahiz eta hankadunak izan, suge modernoen antz handia dutela adierazi dute. Jerusalem-go fosilak ez dira, ondorioz, sugeen arbaso zaharrak. Baina, zergatik ziren hankadunak espezie hauek? Ikertzaileek ezin izan diote galderari erantzun zehatzik eman, baina, dirudienez, arbasoek galdutako hankak berriz ere agertu ziren espezie horiengan, eta hurrengo belaunaldietan berriz ere desagertu egin ziren. Eboluzioan atzera egin omen zuten Jerusalem-go fosilek. Galderak erantzunak baino ugariagoak dira, ordea, Jerusalem-en.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia