}

"Gure teknologia gure buruan datza"

1995/12/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

CEIT Ikerketa-Zentruak Donostian duen egoitzan egin genuen zita. Bertaratu baino lehen, IEE erakundeari buruz eta Heaviside izeneko sariari buruz dokumentazio-bila ihardun genuen. Aurkitu genituen erreferentzia apurrek sari horren garrantziaz ohartzeko balio izan zuten. Alabaina, gure inguruko komunikabideetan aurtengo irabazleen aipamenik ez genuen aurkitu. Mundu-mailan eskura daitekeen saririk garrantzitsuenetakoa izanik, berau eskuratu duten lehen euskaldunekin hitz egitera abiatu ginen, makina bat galdera eta kezka nagusi bat burua: Nola liteke sari hori irabazi izanaren garrantziaz inor ez ohartzea? ZORIONAK JABIER!

Elhuyar-Zetiaz: IEE izeneko erakundeak (ingelesezko Institution of Electrical Engineers) egokitzapenezko prozesu-kontrolaren alorrean argitaratu duzuen lan bati eman dio “Heaviside” saria. Zuen ustez, zer dela eta eman zaizue zuei?

Julian Florez: Sariaren berri jaso orduko, horixe galdetu genien gure buruei: zer dela eta sari hori guri eman? Dakigunez, IEE erakundean

Europako injinerurik ospetsuenak biltzen dira eta erakundearen agerkarian kaleratzen diren artikuluak punta-puntakoak dira beti. Izen eta ospe handiko IEE erakundeak sari hori guri eman izanak munduan egiten den ikerketaren gailurrean kokatzen gaituela kontutan hartu behar da.

Gure ikerlanaren ekarpena egokitzapenezko prozesu-kontrolaren erabilgarritasunean datza. Teorian egindako lana praktikarekin txertatzen ahalegintzen gara beti eta kasu horretan ere, horixe egin nahi izan dugu. Nire irudiko, IEE erakundeak teoria gainditzen duen beste alderdi hori hartu du kontutan gurea irabazletzat jotzeko momentuan. IEE aldizkarian argitaratu genuen artikulua onenen artean hartzeak teknologiaren erabilpen praktikoak saritzea dakar.

E.-Z.: Zertan datza saritutako artikuluaren tesia?

J. F.: Beste zenbait lanekin batera, CEIT-eko eta Donostiako Goi Mailako Injineru Eskolako Kontrol eta Elektronika Sailean egokitzapenezko prozesu-kontrolak aztertu ditugu. Horrela esanda eta matematikoki azalduta, oso kontzeptu abstraktua dela dirudi eta horrela bada ere, guk horretan biltzen diren erabilpenak aztertu ditugu. Egokitzapenezko prozesu-kontrolak edozein prozesu fisikoren gaineko kontrol-sistema adimentsuak dira. Horrek sistemak berak prozesuan zehar aurkituko dituen aldagaiak identifikatzen dituela eta aurrez ezarritako erantzunak emateko gai dela esan nahi du.

Teorian erraz ulertzen dena praktikan erabiltzeko sistema elektroniko sinple batean isladatu dugu eta horixe azaltzen du saritutako artikuluak. Aplikazioaren helburuak aurrezpena eta prozesuaren optimizazioa lortzea izan behar du beti eta alde horretatik, prozesu-kontrolen garapena etorkizun oparoa duen arloa da. Adibidez, egokitzapenezko prozesu-kontrolak berogailu-sarean aplikatzen ditugunean, energi aurrezpen handia lor dezakegu. Adibide berarekin segituz, kontrol-sistema zurrun batek berogailua ordu jakin batean piztuko luke aurtengo azaroan, iaz ere horrelaxe egin baitzuen.

Aldiz, sareak dituen aldagai guztiak identifikatzeko eta ikasteko gai den prozesu-kontrol adimentsua integratuz gero, aurten berogailua piztu beharrik ez dagoela berahala ohartuko litzateke. Adibide sinple horrek ongi adierazten du garatu dugun sistemaren alderik interesgarriena: prozesuak dituen gora-beherak identifikatu eta ikasi egiten ditu eta gero, horri egokitzen zaion erantzuna emateko gai da. Adibide sinple bat baino ez da hori, baina sistema berriaren ekarpena ongi isladatzen duela uste dut.

Gaur egun Euskal Herrian darabilkigun teknologiaren maila ona dela esan daiteke koloreak gorritu gabe. Enpresei buruz, beste horrenbeste esan dezakegu eta horren frogapena industriaren dinamikan bertan aurki liteke.

E.-Z.: Zein arlotan erabil daiteke prozesu-kontrolerako sistema adimentsua?

J. F.: Gure ikerlana IEEko aldizkarian argitaratu genuenetik, makina bat lekutatik sistemaren berri eskatuz etorri zaizkigu. Industria elektronikoan, kimikoan, nuklearrean, biologikoan eta oro har, energiaren kudeaketa zuzenarekin zerikusia duten arlo guztietan erabil daitekeela frogatu dugu. Ikusten denez, disziplina-anitzeko sistema izateko diseinatuta dago.

Bere planteamendu teorikotik aztertuta oso konplexua dirudien arren, guztia zirkuitu batean integratzea lortu dugu eta horrek berebiziko garrantzia du enpresaren ikuspuntutik. Izan ere, ikerlanaren lerro nagusiak finkatzen ditugunean, enpresek izan ditzaketen teknologi beharrak hartzen ditugu kontutan eta enpresekin elkarlanean garatzen dira lerro horiek. Beraz, behar horiei erantzun behar diegu eta horretarako, azkar eta eraginkortasunez lan egitea funtsezkoa da.

E.-Z.: Teknologiaren erabilpenari dagokioenez, zertan gauzatzen da enpresa eta ikerketa-zentruen arteko elkarrekintza?

J. F.: Lehen-lehenik, elkarren ezagutza funtsezkoa da industriaren eta ekonomiaren motoreak behar bezala funtziona dezan eta horretan, ikerlariok eta enpresariek, biok dugu ardura-mailarik. Enpresatan prozesuaren beharrak identifikatzeko gai diren langileak egotea funtsezkoa den bezala, alderantzizko ulerketa-ariketa egitea ere oso garrantzitsua da. Ikerketaren ardura duten erakundeek egiazko interesa erakutsi beharko lukete enpresatara hurbiltzeko eta elkarlana bultzatzeko.

Izan ere, teknologiaren transferentzia burutu ahal izateko, profesionalen jokabide aktiboa nahitaezkoa da. Ikerketa ez da zaletasun bat, baina tamalez zenbait lekutan horrela dela uste da. Teoria eta praktikaren arteko zubi-lana egiteaz arduratu da esate baterako, ikerketa-zentru nagusiak biltzen dituen EITE erakundea. Horri esker, lankidetza-giroa sustatzen ari da eta gauza guztiak ongi egin ez badira ere, kultura berri bat sortzen lagundu duela esango nuke.

E.-Z.: Ikerketa goi mailakoa izateak enpresen iharduera profesionala maila berekoa izan daitekeela adierazten al du?

Kontrol eta elektronika arloan ospe handikoa da IEE erakundeak bi urtetik behin eman ohi duen Heaviside izeneko saria eta aurten Donostiako CEIT Ikerketa-Zentruan eta Industri Injineruen Goi Mailako Eskolan lan egiten duten Julian Florez Esnal eta Mario Garcia Sanz ikerlariei egokitu zeie. Saria dela eta Florezekin hitzegiteko parada izan dugu.

J. F. : Nire ustez, konplexu asko alde batera uzten ikasi behar dugu oraindik, gure burua gutxiesteko joera kezkagarria izaten baitugu askotan. Gaur egun Euskal Herrian darabilkigun teknologiaren maila ona dela esan daiteke koloreak gorritu gabe. Enpresei buruz, beste horrenbeste esan dezakegu eta horren frogapena industriaren dinamikan bertan aurki liteke. Gure barne-merkatua txikia bada ere, atzerrian lotsarik gabe ibil gaitezkeela baieztatu izan da behin baino gehiagotan. Gure baliabideak ongi ustiatzen ikasi behar dugu. Munduan egiten dena ezagututa, edonorekin lehiatzeko moduan gaudela esan dezakegu. Sinesten ez bada ere, gure teknologiarik onena gure buruan datza, gure bitartekoaz egin dezakegun guztian.

E.-Z.: Lortutako sarian eta gaur egun egiten ari zareten lanean, zein da talde-lanak duen garrantzia?

J. F.: Talderik gabe ez dago lan egiterik. Gero eta gehiago, enpresaren beharretara egokitu ahal izateko disziplina anitzeko alorretan egin behar da lan. Horrek profesionalik onenak gure inguruan izatea eskatzen du. CEITen abantaila handi batekin jokatzen dugu: injineru eskolan ari diren ikaslerik onenak ezagutzen ditugu eta ikerketarako grina dutenekin harremanak izatea errazten du egitura horrek. Lotura hori gabe, une honetan eskuartean ditugun proiektu asko burutzea ezinezkoa izango litzaiguke. Nire ustez, teknologiaren garapena ziurtatzeko piramide-itxurako egitura sortu behar da: burua garrantzitsua bada ere, piramidearen oinarriak sendoa izan behar du.

E.-Z.: Euskal Herriko enpresa gehienak txikiak edo ertainak dira. Ondorioz, I+G departamentuak sortzea beti izango da zaila, baina horien beharra begien bistakoa da. Nola konpon liteke arazo hori?

J. F.: Arazo horri buruz hitz egiten den guztietan, languntza-egitura ofizialak etortzen zaizkigu burura ia beti. Laguntza-egitura ofizialak egon badaude eta bertatik askotan edan izan dugu denok. Ez dut uste hori bide bakarra denik. Nire ustez askotan definizio arazoak sortzen dira produkzio-prozesua ez delako behar bezala ezagutzen. Enpresetan bertan teknologi beharrak eta garapena desberdintzen ikasi behar dute. Mamia eta azalaren artean desberdintzen ikasi behar dugu denok.

E.-Z.: Euskal Herrian elektronikako enpresa gutxi dago. Zure esperientziatik ikusita, zein mailetara irits daitezke?

J. F.: Nire ustez, beste zenbait mailetan eman den merkatu-egokitzapenak hemen ere gertatu behar du. Gure artean ez dago kontsumo-elektronika izenaz defini dezakegun merkatua, ez ditugu txipak egiten, baina sistemak egiten badakigu. Gurea injineritzako elektronika egitea da, hots, teknologia erabiltzea eta aplikatzea. Maila horretan oso ongi ibil gintezke mundu osoan, arestian aipatu ditugun konplexuak behin-betiko baztertzen baditugu.

Lotsarik gabe, edonorekin lehiatzeko gai garela behin eta berriro esan beharra dago, guk guztiok sinetsi eta sinistarazi arte. Gure indarra geu gara eta hori sinistuta, edonora irits gaitezke, bitarteko teknologikoak baditugu eta. Goiko taldean egoteko, planteamendu aldaketa handi bat gertatu beharko du: merkatu-dinamikan parte hartzen dugun guztiok erabat onartu behar dugu Euskal Herriak ez duela bere barne-merkatua bakarrik ustiatzen. Izan ere, gure merkatua mundu osoa da eta une honetan bertan lehiatzen ari gara munduan potentziarik handienekin.

Datu biografikoak

  • Julian Florez Esnal duela 37 urte jaio zen Zumaian. Gaur egun ere bertan gustura bizi da, bere herriaren aldeko militantzia
    sutsua egiteko edozein aitzakia egokia iruditzen zaio eta.
  • 1980. urtean amaitu zituen Donostiako Goi Mailako Injineruen Eskolan injineritza ikasketak eta bertan egin zuen elektrizitateko espezializazioa.
  • 1985ean Manchesterren doktoratu zen eta geroztik, CEITen eta Donostiako Eskolaren artean ematen ditu eguneko ordu gehienak, ikerketaren eta irakaskuntzaren artean. Gaur egun, CEITeko Kontrol eta Elektronika Saileko buru da eta Elektronika Clusterreko aholkularia.
  • Erlojuari lapurtutako ordu apurretan kirola egitea atsegin zaio; geu lekuko.
  • Bakarka edo elkarlanean, makina bat artikulu argitaratu du nazioarte-mailan puntakoak diren aldizkarietan. “Erregulazio Automatikoa” izeneko liburua aurki kaleratuko du Arantxa Tapiarekin batera, Elhuyarren eskutik.

CEIT Ikerketa Zentrua albiste-iturri emankorra suertatu da azken egunotan. Izan ere, Julian Florez eta Mario Garciak jaso duten sariaren berri emateko aitzakiaz bertaratu ginenean, CEITen lan egiten duen eta Elhuyarren aspaldiko laguna dugun Jose Jabier Urkolari eskainitako omenaldiaren oihartzunak iritsi zitzaizkigun. Omenaldiaren zergatiari buruz ez genuen lagun asko itaundu behar izan: Jabierrek ongi merezita duela esan ziguten bere lankideek; iritzi horietako bat ekarri nahi izan dugu lerro hauetara. Bihoa aurretik gure zorionik beroena.

Jose Mari Rodriguez Ibabe CEITeko ikerlaria.

Jabier Urkolari ongi merezita duen omenaldian egingo dio Industri Injineruen Elkargoak.
E. Arrojeria

Aurten Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Industri Injineruen Elkargoak Jose Jabier Urkola tolosarrari eskaini dio omenaldia, euskararen arloan egin dituen lan baliotsuak eskertuz. Neretzat berri hori erabat pozgarria izan da. Urte dezente daramatzat Jabierren alboan lan egiten eta ukaezina da berak nigan eragin handia izan duela eta gaur egun ere baduela.

Alde batetik, CEITeko Materialen Sailean bere lanaren bidez ikerkuntza batean aurrera eman behar den metodologia taldekide guztioi ondo erakusten digu Jabierrek, beti emaitza berriak bilatuz eta ohizko interpretazioetatik alde egiten. Portaera horren ondorioz artikulu asko idatzi ditu nazioarteko aldizkari zientifikoetan eta une honetan Europa-mailan altzairuen arloan maisu handia dugu.

Bestalde, azken urte hauetan Jabierrek eguneroko lana euskaraz egitean, berari eta bere belaunaldiari tokatu zitzaion erdal-giroa profesionalaren hauts zaharrak astinduz, materialen zientziaren arloan euskara teknikoaren erabilpenari bultzada handia eman dio. Horren ondorioz etorri dira lan-taldean egindako idazlan tekniko eta zientifikoak, horietarik batzuk Elhuyarrek argitaratutakoak. Era berean, berak zuzendutako Materialen sailean bost urteko epean bederatzi doktorego-tesi euskaraz aurkeztu dira edo aurkeztuko dira. Hori dena kontutan hartuta, Jabierrek ongi merezita eta irabazita zeukan omenaldia. Zorionak Jabier!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia