}

Giza jokabidea ulertu nahian

2003/12/07 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Gure gizartea guztiz ezohiko adibidea da animalien munduan. Lanen banaketa oso zehatza dugu gizakiok, kooperazio handia dago gizartea osatzen dutenen artean; ez senideen artean soilik, baita genetikoki batere erlaziorik ez duten gizabanako-talde handietan ere. Indar handia dute gizartean, esaterako, altruismoak eta berekoikeriak, baina eboluzioaren teoria genetikoek ezin dute fenomeno hori azaldu. Zer dago, bada, giza altruismoaren atzean?
Gizakiek elkarri laguntzeko joera handia dute, beste animaliek baino handiagoa. Zergatik ote?

Gizarte modernoetan talde handietan biltzen da gizakia. Antolaketa-eredu konplexuak garatu ditu, eta horietan behar-beharrezkoa da kolaborazioa. Bakoitzari lan bat esleitu zaio eta denek hartzen dute parte. Baina ez gizarte modernoetan bakarrik; aintzinako gizarteetan ere gauza bera gertatzen zen. Haiek ere bazituzten elikagaiak trukatzeko antolamendua eta ehiza kooperatiboa, besteak beste.

Naturan, gainerako animaliek askoz ere lan-banaketa sinpleagoa dute. Antolatzekotan, askoz ere talde txikiagoetan antolatzen dira, eta ez dira bata bestearen horren menpe egoten. Normalean, familia berekoek laguntzen diote elkarri, baina ez besterik. Izan ere, seme-alabei laguntzeak badu zentzurik: norbere geneak belaunaldiz belaunaldi iragaten laguntzen du. Baina beste familietako banakoekin kolaboratzeak zentzurik ba ote du?

Ez dezagun gezurrik esan, bada antolaketa konplexua duenik ere: intsektu sozialak, kasu. Baina horien antolaketak oinarri genetikoa du; hori da gurekin alderatuz duten desberdintasun nagusia. Inurrien eta erleen kasuan, esaterako, indibiduo bakoitzak baditu langile, erregina edo soldadu izatera behartzen duten geneak. Gene desberdinak aktibatzen dira batzuen eta besteen kasuan, eta horrek mugatzen du zein lanbide izango duen intsektuak.

Gizakion kasuan, ordea, kooperazioa ez da genetikoki bideratua dagoen fenomenoa. Ez dago gure genoman kooperatzera bultzatzen gaituen generik, eta, hala ere, egin egiten dugu. Zertarako, ordea? Fenomeno honek ez duenez oinarri genetikorik, biologiaren oinarrizko lege genetikoek ez dute aurkitu hori azaltzeko modurik, eta beste zientzia-arloek heldu behar izan diote gaiari.

Gizakiekin egindako esperimentuak

Espezie batzuetan ia ez dira elkarlanean aritzen animaliak.

Argi dago gizakia altruista dela bere senideekiko; hori ez du inork zalantzan jartzen. Baina zergatik izaten da altruista gainerakoekin? Jasotzen ote du nolabaiteko ordainsaririk?

Altruismo horren izaera eta zergatia ezagutzeko hainbat joko esperimental egin dituzte Zurich-eko ikertzaile batzuek. Elkar ezagutzen ez zuten pertsonak aukeratu dituzte, jatorri eta kultura desberdinetakoak. Binaka gela batean batu, eta diru-kantitate jakin bat eman diete. Hori bai, baldintza batekin: bien artean erabaki behar dute dirua nola banatu. Lehenengo pertsonak dirua zehazki nola banatuko duten proposatu behar du, eta bigarrenak banaketa horrekin ados dagoen edo ez adieraziko du. Ados baldin badago, horrelaxe banatuko dute dirua, lehenengoak esan bezala, eta ados ez badago, dirua ikertzaileari itzuli beharko diote; diru gabe geratuko dira biak.

Saiakera honetan ikusi dutenez, esperimentuen % 25ean diru-banaketaren aurka azaldu da bigarren pertsona. Horrek argi adierazten du ez dutela beren interes propioaren alde soilik egin. Hala balitz, lehenengoaren eskaintza onartuko lukete kasu guztietan, diru piskat sikiera jasotzeko. % 25ek, ordea, diru gutxi jasoko zutela iritzita, injustizia horren aurrean, nahiago izan dute diruari uko egin.

Zigor altruista

Erleak intsektu sozialak dira, baina kooperazio-sistema horrek oinarri genetikoa du, gizakiarenak ez bezala.

Esperimentu horien arabera, gizon-emakume askok jokabide zuzena izan ez duten pertsonak zigortzeko joera azaldu dute. Eskaintzari ezetz esateak kostu handia du uko egiten dionarentzat, baina sikiera bestea zigortu egiten du, gizartearen araua hautsi baitu. Zigor horren ondorioz, hurrengo esperimentuetan arau horri jarraitu egin diote eskaintza egin behar duten gehienek.

Egia esan, esperimentu honek bizitza arrunteko egoera asko imitatzen ditu. Legeek zuzenean behartu ezean, antzeko egoeretan egoten da maiz gizakia: zintzo jokatu edo tranpa egin? Ikertzaileen arabera, gizarteak berak behartu egiten du, nolabait, jokabide zintzoa izatera, bestela zigorra ezartzen diolako. Zigor altruista deitu diote ikertzaileek.

Baina esperimentuen arabera, jokabide altruista hori gauza dadin, funtsezkoa da besteen kooperazioa. Hori da oreka sortzen duena. Beste pertsonen jokabidea zuzena ez bada, norberak ere ez du zintzo jokatzen. Gainera, bi pertsona batu eta dirua ematen zaienean, altruismoa askoz ere eskasagoa izaten da beste pertsona berriz ere ikusiko ez dutela ziurtatzen bazaie eta era anonimoan egiten bada. Izan ere, gizakiari, justiziak ez ezik, izen ona bezalako kontzeptuek ere eragiten diote. Nolabait, zintzo jokatzeak gerora abantailak ekarriko dizkiola sinetsi behar du, bestelakoan ez du egiten. Horrelakorik ez dago gainerako animalietan.

Eboluzioak ba ote du zeresanik?

Gizakiak gizarte konplexua eratu du, eta denbora asko ematen du haurrei erakusten elkarri laguntzea oso garrantzitsua dela.

Biologoek badakite honek guztiak ez duela oinarri genetikorik, ez dagoela hori eragiten duen generik. Baina eboluzioak berak ba al du eraginik? Alegia, altruismoz jokatzeak hobetzen edo ziurtatzen al du gerora gizarte horren biziraupena? Beste gizarteen aurrean abantailarik ba ote du gizarte horrek? Hala balitz, hautespen naturala altruismoa hobesten ariko litzateke.

Ikertzaileek hori uste dute. Izan ere, gurasoak luze aritzen dira haurrak era egokian hezten eta gizarteratzen. Eta, zentzurik ba ote luke horrek gerora fruiturik emango ez balu?

Oraindik giza altruismoa ikertzen jarraitzen dute zientzialariek. Badirudi naturaren indar ebolutiboaren ondorioz sortu zela. Oraindik, ordea, ebatzi gabeko zalantza asko daude, naturan ez baitago horrelako beste adibiderik.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia