}

Gidaririk gabeko autoak, pixka bat hurbilago

2008/04/13 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Demagun hiri barneko auto-lasterketa berezi bat; batetik, lasterketan parte hartzen duten autoek ez dute gidaririk, eta, bestetik, hiria ez da benetako hiri bat, utzitako eremu batean egindako hiri-simulazio bat baizik. Bada, imajinazioa alde batera utzita, horrelako lasterketa bat antolatu zuen defentsarako proiektu aurreratuak ikertzeko Pentagonoak duen agentziak (DARPA): DARPA Urban Challenge. Saria: bi milioi dolar.
Tresna mordo baten elkarlana behar dute autoek begien funtzioa betetzeko. (Argazkia: ARPA)

Gidaririk gabe? Baina, nola ordezkatzen da gidariaren lana? Hau da, zer behar dute autoek inguruan zer duten ikusteko, interpretatzeko eta zer egin behar duten erabakitzeko? Bada, tresna mordo baten elkarlana behar dute: radar-igorleak, laserrak, sentsoreak eta kamera estereoak dituzte autoek begien funtzioa betetzeko. Ikusitakoa software batek jasotzen du, eta informazioa konbinatzen du, autoaren inguruan dagoenaren hiru dimentsioko irudi bat lortzeko. Irudia etengabe eguneratzen da, softwareak etengabe izan dezan inguruan duenari buruzko informazioa.

Adibidez, auto batek errepidean objektu handi bat hautematen badu, geldirik dagoen auto bat dela interpretatzen du. Hortaz, gelditu, eta aztertu egiten du zer distantzia dagoen geldi dagoen autoaren eta hurbilen dagoen semaforoaren, stop-seinalearen edo bidegurutzearen artean, horren bidez jakin baitezake zergatik gelditu den aurreko autoa. Ez badu bidegurutzerik hautematen edo denbora-tarte bat pasatuta autoa ez bada mugitu, autoak erabakitzen du aurrean duena matxuratuta dagoela, edo aparkatuta, eta aurreratu egiten du.

Ibilbidea azkarren egin zuen autoak bi milioi euroko saria irabazi zuen (Argazkia: ARPA)

Autoak, lehiakide hotzak

Honetan zetzan lasterketa: ehun kilometro inguruko ibilbide bat egin behar zuten, gehienez ere sei orduan. Auto bakoitzari mapa bat sartu zioten softwarean, eta hiriaren zer puntutatik pasatu behar zuen adierazi zioten. Hala, era autonomoan, autoek gai izan behar zuten kaleetan zehar ibiltzeko, trafiko-arauak errespetatzeko, eta, denetan zailena, inguruan zituzten objektu mugikorren kontra ez jotzeko.

Lasterketan zer ibilbide egin aukeratzeko, ibilgailuek lehendabizi mapa, abiapuntua eta nahitaez zeharkatu beharreko puntuak konbinatu zituzten. Ibilbide jakin bat aukeratu arren, zenbaitetan moldatu egin behar izan zuten, martxan zihoazela aurkitutako eragozpenen arabera. Gainera, mapatik kanpoko eremuetan ere ibilarazi zituzten autoak, beren sentsoreez bakarrik balia zitezen ibiltzeko.

Hamaika taldek parte hartu zuten lehiaketan; taldeok hainbat unibertsitate-ikertzailek eta robotikaren, automobilgintzaren eta defentsaren industrian aritzen diren hainbat taldek eratu zituzten. Irabazlea Carnegie Mellon Unibertsitateko talde batek eta General Motors enpresak eratutako taldea izan zen; hark eraman zuen bi milioi euroko saria Estatu Batuetako defentsa-ministerioaren eskutik.

Batek baino gehiagok pentsatzen du lehenago edo geroago gidaririk gabeko autoak ikusiko ditugula errepideetan. (Argazkia: ARPA)

Defentsa-ministerioa, dena den, ez zen esku-hutsik gelditu; auto irabazlearen makineria ibilgailuak egiteko erabiliko dute, gerra-eremuetan zaurituak biltzeko, tropak hornitzeko, azterketa-misioak egiteko eta abarretarako.

Ezin da ukatu robotikan aritzen diren ikertzaile askorentzat oso erronka erakargarria dela horrelako auto bat diseinatzea eta antzeko ezaugarriak dituzten autoekin lehiatzea. Horrelako erronkarik ez balego, ez dakigu hainbeste aurreratuko litzatekeen robotika. Hasiera batean helburu militarra izan zuten hainbat tresna eta baliabide, gainera, oso integratuta daude gure eguneroko bizitzan gaur egun; hala nola GPS sistemak.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia