}

Gibela: gorputzeko laborategia

1987/12/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gizakiaren gibela askotan izan da fabrika batekin konparatua, eta ez arrazoirik gabe. Gibelaren existitzeko arrazoia, gorputzeko beste organoei darraien babespean datza.

Gizakiaren gibela askotan izan da fabrika batekin konparatua, eta ez arrazoirik gabe. Gure gorputzeko fabrika ikaragarri horretan langile espezializatu eta oso trebeak etengabe ari dira lanean, organo ezberdinetatik datozkien produktu guztiak (proteinak, gantzak eta gluzidoak bereziki, baina baita alkohola, botikak, toxikoak, etab. ere) gai ezberdinetara metabolizatu asmoz: bata gorputzaren mantenu energetiko orokorrerako, erreserbarako beste bat eta azkenik, hirugarren multzo bat, hondakinak eta gai toxikoak, kanporatuak izateko.

Betidanik eman izan zaio garrantzi handia gibelari. Denbora luzez bizitzaren kokaleku nagusi bezala onartua izan zen eta bihotzarekin batera odolaren jatorri ere bai. Bere funtzionamendua hain konplexua eta ezinbestekoa denez, gibela transplante-teknika berrietara azkenik hurbildu den giza organoa izan da.

Gibela, bihotz eta biriken azpian kokaturiko organu triangeluarra da.

Gibela, organo diferentziatu eta berezi bezala, ornodunetan soilik ikusten da. Oskoldunek, adibidez, errai txiki bat besterik ez dute, eta bere funtzioa ez da oso ongi ezagutzen oraindik. Milioika urtetako eboluzioaren ondoren, 1500 gramo eskas pisatzen dituen organo hau beste edozein gorputz-zati baino eraginkorragoa da; gaur egun bostehun eginkizun ezberdinetik gora burutzen bait ditu eta ez bata bestearen atzetik, aldi berean baizik. Ikus ditzagun, bada, eginkizun horietatik nagusienak.

Odol-plasmak sintetizatzen dira (albumina, globulinak, etab.), odol-basoen konponketan aritzen diren langile-tropak ere berak sortzen ditu, odolaren gatzapen edo koagulazioan ere parte hartzen du (protronbinaren bidez, beste faktore batzuen artean). Proteinen metabolismotik datozen aminoazidoetatik abiatuta proteinak sortzen ditu ehunetarako, urean transformatzen gero eta azkenik berriro ere aminoazido bilakatzen ditu.

Gibela ordezkaezina bihurtzen duen eginkizunetako bat, glukoerregulatzaile izatea da. Funtzio honi esker mantentzen dira odoleko glukosa-mailak neurri normaletan. Nola betetzen du gibelak eginkizun hori? Soberan dagoen glukosa glukogeno moduan pilatuz. Gero, glukosa behar denean, pilaturiko glukogenotik askatuz eta aminoazidoetatik glukosa sortuz. Arratoiekin egindako proba klinikoetan ikusi denez, jatekorik ematen ez zaienean, gluzemia (h. d. odoleko glukosa-maila) astebetean mantentzen da inolako aldaketarik gabe. Gibeleko glukosa-gordailuak, ordea, hutsik agertzen dira hogeitalau ordu pasa direnerako. Baina hirugarren egunean, gordailuak berriro betetzen dira, gibelean pilatutako gantza glukosa bihurtzen delako.

Ikusi dugunez, gibelak, gorputzaren beharrizanen arabera egiten du lan, gaiak transformatuz eta ondoren berriro ere transformatuz. Baina gibela ez da horrenbestez geratzen. Glukosa-soberakinak gantz bihurtzen ditu, eta bere usteen arabera —eta askoren disgusturako, nola ez— banatzen gorputzean zehar (horiexek izaten dira itxura itsusten diguten kilo madarikatuak). Bestalde, gantzak metabolizatu egiten ditu, kolesterola sintetizatzen, suntsitutako zelula hilak gorputzetik kanporatzen ditu, destoxikapen-prozesurik nagusienak bere kontura doaz, etab.

Baina gibelaren abantailak ez dira horrenbestez bukatzen. Gorputzeko edozein organok eraso, zauri edo pozoadura baten aurrean minaz erantzuten badu ere, gibelaren kasuan ez da hori gertatzen; zorionez. Bestela garunak etengabe jasoko lituzke seinaleak. Gibelaren lana eta autoerrekuperazioa, isilekoak eta jarraiak dira. Eta ez hori bakarrik: arratoi bati gibelaren hiru laurdenak erauzten bazaizkio, geratzen den laurdena berehala hasten da erregeneratzen, eta ia lehenago zuen ahalmen guztia berreskuratzera iristen da. Dena den, gibelak baditu bestelako bide batzuk alarma-seinalea bidaltzeko. Horrela, alkohol-maila gehiegizko eta luzea, zaurien orbaintze zailago edota odoljarioetarako joeraz agertzen da.

Gibelaren existitzeko arrazoia, gorputzeko beste organoei darraien babespean datza. Alkoholaz gainezka, lepo eginda dagoen gibelak, adibidez, pertsona edozein zolduraren arriskutan jartzen du, gibelak berak ondoriorik jasan ez arren. Horra hor gibelak urte luzetan gehiegikeriak nola edo hala konpontzen ibili ondoren, prestatu digun mendekua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia