}

Galestik Euskal Herrira

1992/07/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Maiatzaren hasieran Iolo ap Gwynn biologo galestarra izan genuen gure artean. Bisitaren helburua Euskal Herriko hizkuntz normalizazioa zientziaren ikuspegitik zein egoeratan dagoen ezagutzea zen. Alegia, hainbat tokitan (unibertsitatean, eskolan, komunikabideetan etab.etan) euskara ezagumendu zientifikoa transmititzeko zein neurritan erabiltzen den ikustea. Ekimen honen antolatzaileak Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzi Fakultatea eta Udako Euskal Unibertsitatea izan dira, British Council delakoaren laguntzaz.

Esan bezala Iolo ap Gwynn biologoa da eta unibertsitateko irakasle. Gainera, Galesko Zientzi Akademiako kide da (galeseraz lan egiten duenekoa) eta datorren urtean, galeseraz argitaratzen den zientzi aldizkariko zuzendari izango da.

"Y Gwyddonydd" aldizkarian Elhuyar-en berri eman dute urte honen hasieran.

Iolo ap Gwynn-ek hiru hitzaldi eman zituen Leioako Zientzi Fakultatean Galesko historia eta hizkuntz egoera azaltzeko asmoz. Kontutan hartu behar da, Euskal Herriko eta Galesko hizkuntz egoerak oso parekoak direla hiztun-kopuruari eta -portzentaiari begiratzen badiegu, eta gainera, biok erdara handi eta indartsuak dauzkagu aldamenean. Iolok unibertsitateko hainbat irakaslerekin, Pello Salaburu Euskararako Errektoreordearekin besteak beste, bilerak egin zituen. Gainera, zenbait erakunde eta esperientzia (Elhuyar, Euskadi irratia, Euskaldunon Egunkaria, UEU eta UZEI besteak beste) sakon eta zuzenean ezagutzeko aukera izan zuen.

Gure aldetik, oso positibotzat jotzen dugu Iolo ap Gwynn-ekin izan genuen hitzaspertua. Alde batetik, Elhuyarren egiten duguna azaldu genion (Iolo oso interesaturik zegoen aldizkariaren antolaketa, finantzabide, banaketa etab.ez) eta bestetik, Iolok Galesen egiten dena erakutsi zigun. Berak ekarritako materialaren artean, zenbait liburu eta telebista-programa batzuk iruditu zitzaizkigun interesgarrienak. Telebistari buruz, ikusleak galeserazko programak ingelesezko azpitituluekin ikustea ala ez aukeratzea bazuela aipatu zigun. Bestetik, biziki interesgarria izan daiteke Euskal Herriaren ikuspegitik, Gales osoan aldizkari lokalez osatuta dagoen sarea.

Beraz, etorkizunari begira, erlazio oparo eta fruitukor baten lehen urratsa izatea espero dugu. Izan ere, Galesen hizkuntz normalizazioaren ikuspegitik egoera Euskal Herrikoa baino kaxkarragoa bada ere, zer ikasia badago.

Zientzia Frantzian hizkuntz politika eske!

Komunitate zientifikoaren nazioarteko komunikazio-tresna ingelesa bihurtzeko joera gero eta nabarmenagoak, gurea baino egoera lasaixeagoan bizi diren frantses-hiztunen artean kezka sortu du. Ez da hau gai berria frankofoniaren munduan, baina berriki gertatu den kasu batek harrotu ditu zientzilarien mundutxoko bazterrak.

Claude Roux, Saint-Jerome-ko (Marseillako) Zientzi eta Teknologi Fakultateko Ekologi eta Paleoekologi Institutu Mediterraniarrean lan egiten duen likenologoa izan da ekaitztxoa eragin duena. Bi urtez aurkeztu du bere burua CNRS (Centre Nationale de la Recherche Scientifique) erakundean ikerketa-buru izateko. Ez lehenengoan, ez bigarrenean, ez du postua eskuratu.

Aurten bigarrenez ezezkoa jaso ondoren, epaimahaiko kide batek honakoa esan omen dio: “zure curriculuma oso ona da, baina ez duzu aukerarik; ez bait duzu ingelesez argitaratu”.

Ez da hori izan ingelesa erabiltzearen aldeko presioa somatu duen okasio bakarra. Roux-ek berak esan du otsailean CNRSko batzordeko lehendakariak bere laborategia bisitatu zuenean “argitalpenetarako ikerlari anglofono batekin elkartzeko” gomendatu ziela nahiz eta honen ekarpena itzultzaile hutsarena izan.

1989an antzeko polemika sortu zen Pasteur Institutuak bere argitalpenak ingelesez ematea erabaki zuenean. Orduan agertu ziren iritzien artean askok zioen dagoeneko beranduegi zela, komunitate zientifikoan ingelesa erabiltzeko joera nabarmena zelako.

Roux-en epaimahaiko buru izan den Robert Barbault Paris VI Unibertsitatekoak, zentzuzkoa erizten dio CNRS erakundeak ingelesari ematen dion garrantziari. “Ikerlarien lana ez da ikerketa egitea bakarrik, baizik eta aurkikuntzen zabalkundea egitea ere bai” dio. “Zabalkunde hori askoz ere eraginkorragoa da oso hedapen handia duten aldizkarien bidez egiten bada eta hauek ingelesez dira. Ingelesez argitaratzearekin, zientzia frantsesa sustatzeaz gain, frantsesez egindako beste argitalpen batzuenganako interesa erakartzea lortzen da. Ikerketa-buru izan nahi duen hautagai bati ingelesez argitaratzeko ahaleginak egin ditzala eskatzea horren ondorio logikoa besterik ez da.”

Frankofoniaren Kontseilu Gorenak bere gain hartu du Roux-en kasua. Honi bidalitako erantzunean “kultur alienazioa” aipatzen du eta hauxe ere erantsi dio: “dudarik gabe ez dugu ingelesaren beharrik zientziaren aurrerapenean parte hartzeko”.

Roux-en kasua alde batera utzita ere, zenbait ikerlari frantsesen ustez gobernuak ikerketa-lanetan frantsesa erabiltzearen aldeko politika argi eta koherentea egin beharko luke. Iritzi hori agertu zion adibidez Marcel Barbero-k, Marseillako Zientzi Fakultatekoak, Mitterand lehendakariari: “ezin dugu onartu ikerketa-erakunde nazionaletako zuzendaritza-taldeek frantsesa zientziaren nazioarteko komunikazio- eta adierazpen-hizkuntza moduan ez onartzea, estatuburu, gobernu eta ministrarien adierazpenei jaramonik egin gabe”. Barbero-ren esanetan CNRS erakundeak ez ditu frantsesezko aldizkari zientifikoak diruz laguntzen eta Frantzian bertan antolatzen dituen kongresuak ingelesez burutzen ditu.

Barbault-en iritziz aldiz, hori “errealitate zientifikoarekiko gertutasun handiagoa duelako” egiten du CNRSk.

Administrazioan behintzat gauzak mugitzen hasi direla nabarmena da. Kontseilu Gorenaren erabakiz, frantsesez argitaratutako lan zientifikoak eta hezkuntz arlokoak ere bai, ikerlariak ebaluatzean kontutan hartu beharko dira. Refereedun aldizkari europar eleanitza sortzeko asmoa ere azaldu dute. Aldizkari horretan artikulu-multzo handitxoa frantsesez agertzea espero da eta itxuraz, proiektuak Europako Komunitatearen oniritzia du.

Dena den, frantsesaren egoeraz hain kezkaturik agertzen diren horiek deus gutxi oroitzen dira frantsesak menpean hartuta dauzkan hizkuntzez; korsieraz, bretoieraz, proventzaleraz, okzitanieraz, alsazieraz, gaskonieraz, katalanez edo euskaraz, esaterako. Jakin behar lukete, horiek Frantzian ez dutela ofizialtasunik, ez ikerketan, ez administrazioan, ez hezkuntzan eta ez beste ezertan, baina horretaz ez dute hitzik ere egiten. Txirritak dioenez, “ez projimua maite bagendu geure burua bezala.”

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia