g-2 esperimentuaren emaitzek ez dute Oinarrizko Partikulen Eredu Estandarra (SM) kinka larrian jarriko eta «anomalia» desagertuko da
2025/07/01 Fernando Plazaola - EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedraduna Iturria: Elhuyar aldizkaria

Oinarrizko Partikulen Eredu Estandarra (SM) funtsezko partikulak eta horien arteko elkarrekintzak deskribatzeko teoria onartuena da, grabitatea alde batera utzita. Partikulen fisikaren eredu teoriko bat da, oinarrizko partikulak eta horien arteko elkarrekintzak deskribatzen dituena indar elektromagnetikoen, nuklear ahulen eta nuklear bortitzen bidez. Materiaren funtsezko elementuen eta haren portaera zuzentzen duten oinarrizko indarren ulermen orokorra ematen du.
Elektroiaren momentu magnetikoaren kasuan, balio teorikoak eta esperimentalak bat egiten dute hamabigarren zifra hamartarrera arte. Fisikaren historian aurkitu den balio esperimentalaren eta iragarpen teorikoaren arteko akordiorik zehatzena da!
Muoia, ordea, elektroiaren lehengusu astuna da, eta biek propietate kuantiko berberak dituzte: Biak leptoiak dira, baina muoia elektroia baino 207 aldiz astunagoa da. Elektroia eta muoia hain antzekoak izanik, eta elektroiaren momentu magnetikoaren kalkulu teorikoa neurri esperimentalarekin doitasun ia matematiko batekin bat etorriz, zer dela-eta muoiaren kasuan horrela ez izatea, g-2 esperimentu muonikoak erakusten duen bezala?
Izan ere, 2023ko udan aurkeztu ziren g-2 esperimentu muonikoaren emaitzek, kinka larrian utzi zuten SM Eredu Estandarra. SM Eredu Estandarraren balio teorikoa balio esperimentaletik hain urrun egonik (5 balioko desadostasuna, «anomalia»), SM Eredu Estandarra aldatu egin beharko litzatekeela zirudien.
2024an, euskaraz zabaltzen den UPV/EHU-ko EKAIA zientzia eta teknologia aldizkarian, artikulu bat argitaratu zen [1], honako erronka hau planteatuz: g-2 esperimentu muonikoaren emaitzek (5 balioko «anomalia»rekin) ez dute Oinarrizko Partikulen SM eredua hankaz gora jarriko eta «anomalia» desagertuko da. Artikulu horretan egilea erronka hori botatzera bultzatu zuten arrazoiak azaltzen ziren.
Duela gutxi, Muon g-2 Collaboration-ak 2020-23 aldian Fermilab-en egindako esperimentu guztien analisien emaitzak aurkeztu ditu. Balio horiek bat datoz, errore esperimentalaren barruan, duela gutxi (preprint) argitaratutako SM Oinarrizko Partikulen Eredu Estandarraren balio teoriko berriekin.
Beraz, egile honek EKAIA aldizkarian idatzitako erronka "irabazle" atera da. Azpimarratu behar da, gainera, EKAIAren artikuluan erronka hori egiteko erabili ziren arrazoiak oso ondo lerrokatuta daudela P. Aguillard et al., 2025 eta R. Aliberti, 2025 artikuluetan aurkeztutako arrazoiekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia