Ezkutuko petrolio-isurketak
2002/05/24 Elhuyar Zientzia
Ezetz asmatu zein den itsasoan dagoen petrolioaren iturri nagusia? Petrolio-ontzien istripu ikusgarriak ote? Ala jario handiko ezkutuko beste iturri batzuk daude?
Galdera horiei erantzun berri die Estatu Batuetako Ikerketarako Kontseiluak egin duen ikerketa batek. Eta emaitzak deigarriak dira. Poluzio-iturri nagusia ez dira istripuak, ikusgarrienak badira ere; askoz gehiago poluitzen dute lurreko giza jarduerek.
Ipar Ameriketako kostaldera 110 milioi litro petrolio isurtzen da urtero eta, harrigarria bada ere, horietatik 59 milioi litro erreka eta ibaietatik iristen dira. Jatorria errepideetan barrena isurtzen den ura, industria-hondakinak, hirietako ur zikinak eta petrolio findegietako urak dira. Beste 6 milioi litro, berriz, aisialdirako ontziek isurtzen dituzte.
Uraren zikloari bira ematen hasita, ezin prezipitazioak aipatu gabe utzi. Izan ere, azken horiek eramaten dute itsasoetara ibilgailuetako motorrek eta industriak atmosferara jaurtitako poluzioa. Eta ez da poluzio-iturri makala; bide horretatik 23 milioi litro petrolio heltzen da ozeanora.
Poluzio-iturri horiek eragiten duten kalteari buruz, berriz, oraindik ez dago gauza argirik. James M. Coleman ikertzailearen hitzetan, "badakigu olio-isurketa handiek ikaragarrizko kalteak egiten dituztela, baina isurketa txikien ondorioak gehiago ikertu behar dira". Zeregina hasi baino ez da egin, baina, gutxienez, ikerketa horrek erantzukizuna guztiona dela gogorarazteko balioko du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia