Ezkatak galdezka
2004/05/21 Leunda Urretabizkaia, Pedro M. | Miranda Ferreiro, Rafael
Owens tui chub-a ( Siphateles bicolor snyderi ) Kaliforniako (AEB) Owens ibai-arroko arrain-subespezie endemikoa da. Datu bibliografiko historikoek diote XX. mendearen hasiera arte benetan erraza zela neurri ertaineko ziprinido hau aurkitzea Owens bailarako erreketako ur geldo eta lakuetan. Baina urtegien eraikuntzak eta uraren desbideratze artifizialek aldaketa sakonak eragin dituzte haien habitat naturalean, eta, gainera, kirol-arrantzarako barreiaturiko kanpoko arrain-espezieek owens tui chuba asko harrapatzen dituzte gaur egun. Ondorioz, subespezie hori, gure ibaietako loinaren antzekoa, arrisku larrian dago.
Ez dira, horiek, ordea, Owens tui chub-aren gainbeheraren arrazoi bakarrak. Izan ere iparralderago dagoen Lahontan ibai-arroko subespezie "anaia" ( Siphateles bicolor obesa ) du etsai nagusi. Bi subespezieak milaka urtean egon dira banandurik, baina giza eraikuntza hidraulikoek Owens bailarako ibai eta lakuetan topo egitera eraman dituzte eta hibridazio introgresiboa gertatu da. Hau da, bi subespezie horiek euren artean ugaltzeko, hibridatzeko, ahalmena izan arren, ondorengo hibridoek iparraldeko subespeziearen antz handiagoa dute. Hori dela eta, gaur egun Owens tui chub-aren isolaturiko hiru populazio natural besterik ez dira geratzen dirudienez (galtzear zeudela salbaturiko beste lau populazio ere badaude urmael artifizialetan). Egoera larri horren aurrean Owens tui chub-ak "galzorian dagoen espezie" izendapena jaso du bai Kaliforniako eta bai AEBetako Mehatxaturiko Espezien Zerrendetan, berreskuratze-planak martxan jarri ahal izateko.
Bi subespezie horien arteko ezberdintasun anatomikoetako bat ezkaten itxura denez, Nafarroako Unibertsitateko Zoologia eta Ekologia Departamentuak eta Kaliforniako Gobernuko Arrantza eta Ehizeko Departamentuak ezkaten (eta buruko hezur jakin batzuen) azterketa morfologikoari ekin zioten populazioen izaera subespezifikoa zehazteko asmotan. Eta bi subespezieetako populazioetatik eta populazio hibridoetatik bildutako ehunka ezkata-laginen artean, irudiko ezkata bitxia azaldu zen. Arrainek gorputz-alboetan izan ohi duten zentzumen-lerroari dagokion ezkata honek, naturaren halabeharraren eta apetaren ondorioz, lerroa metaforikoki desitxuraturik dauka. Subespeziearen etorkizunaren patua zein izango den galdezka ari ote zaigu?
Argazkia: Pedro M. Leunda Urretabizkaia eta Javier Madoz Arbeak (Zoologia eta Ekologia Departamentua, Nafarroako Unibertsitatea) lupa binokularrean (25x) ateratako argazki digitala.