Ez dira hainbeste sagu behar
2009/05/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ohikoa da saguak erabiltzea pertsonentzako sendagaiak eta tratamenduak probatzeko. Esperimentu horietan , parametro guztiak oso neurtuta egoten dira, beste norbaitek esperimentu bera egiten badu emaitza berdinak izan ditzan. Hain zuzen, horixe da metodo zientifikoaren ezaugarrietako bat; alegia, esperimentuek errepikagarriak izan behar dute.
rPurdue Unibertsitateko Joseph Garnerren ustez, kaltegarria da esperimentuetan erabiltzen diren saguak eta ingurua hain estu eta zorrotz kontrolatzea.
Argazkia: Purdue Unibertsitatea)
Esperimentua errepikagarria izango dela bermatzeko, ikertzaileek ahalik eta gehien kontrolatzen dituzte xehetasun guztiak; horien artean, saguak eta haiekin zerikusia duten parametroak. Hala, genetikoi berdinak diren saguak aukeratzen dituzte ikertzaileek, eta ikerketa-txostenean garbi adierazten dute zer motatakoak diren. Gauza bera egiten dute saguetan eragina izan dezaketen faktoreekin: kaiolen neurria, giro-tenperatura, dieta...
Purdue Unibertsitateko Joseph Garnerren iritziz, baina, alferrikakoa da faktore guztiak kontrolatu nahi izatea. Izan ere, pertsonek detektatu ere egiten ez dituzten estimuluei erantzuten diete saguek. Adibide bat ere ematen du Garnerrek: laborategi batean, sagu bati estresa eragin diezaioke ikertzaile baten usainak, eta, beste laborategi batean, beste ikertzaile batenak beharbada ez dio inolako eraginik sortzen beste sagu bati. Horren arabera, ikerketa berak emaitza desberdinak eman ditzake laborategi batean eta bestean, eta ikertzaileek ez dakitenez zein izan den horren arrazoia, interpretazio okerra egin dezakete.
Horrez gain, sendagaiak eta halako substantziak pertsonetan probatzen direnean, probetan parte hartzen duten boluntarioak ez dira berdinak izaten. Eta komenigarria ere ez litzateke izango, gero sendagai hori pertsona askorentzat baliagarria izatea nahi badute, behintzat. Hortaz, zertarako kontrolatu hain estu eta zorrotz esperimentuetan erabiltzen diren saguak eta haien ingurunea?
Probak, proban
Ingurune ustez kontrolatuan dauden faktoreek zenbaterainoko eragina duten ikusteko, Garnerrek esperimentu bera egin zuen, hiru sagu-mota, bi kaiola eta hiru denbora desberdinekin. Horrela, esperimentu bera 18 modutara egin zuen. Eta emaitza desberdinak lortu zituen, baina ez espero zuen eran; hau da, ez ziren sagu-motaren edo kaiolaren araberakoak, baizik eta kontuan hartu gabeko beste faktore batzuen araberakoak.
Horrelakoak gertatzen direnean, adibidez, sendagai bat probatzeko esperimentu bat berriro egin eta emaitza ez denean aurrekoaren berdina, askoz proba gehiago egiten dira; hau da, askoz sagu gehiago erabiltzen dira. Eta hori kaltegarria da, ez bakarrik saguentzat, baita ekonomikoki ere.
Garnerren esanean, sendagaiak garestiak dira, batik bat farmazia-konpainiek diru asko inbertitzen dutelako haiek sortzeko. Hain zuzen, merkatura ateratzen den sendagai bakoitzeko, ehun inguru geratzen dira bidean, proba klinikoen edozein fasetan. Hortaz, horiekin galdu duten dirua kaleratzen diren sendagaien bitartez berreskuratzen dute.
Horrenbestez, Garnerrek ondorioztatu du hobe dela esperimentuetan saguak era askotako inguruetan egotea; horri esker, bestela baino emaitza baliagarriagoak lortzen dira, edo interpretatzean oker gutxiago egiten dira, eta, gainera, sagu gutxiago behar dira. Garnerren esanean, "farmazia-ikerketen, pazienteen eta saguen mesedetan" izango litzateke.
Ikerketetan zenbat sagu erabiltzen diren jakinda, kontuan hartzeko modukoa da Garnerren hausnarketa: urtean 30 milioi sagu erabiltzen dira mundu osoko laborategietan.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia