}

Euskal Herriko kostaldea (IX): Itsaslabarretako bizia

1995/12/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Milioika urtetan higadura-agenteek zizelatutako inguru harrigarri hauetan, bizidun askok bertako bizi-baldintzei aurre egin ahal izateko egokiak diren moldaera biologikoak eskuratu dituzte. Hori guztiaren ondorioz, aniztasun eta originaltasun handiko ekosistemak sortu dira. Bertan bizidunengan eragin zuzena duten bi faktore nagusi azaltzen dira, itsasertzeko geomorfologia maldatsua bata eta itsasoarekiko gertutasuna bestea. Distantzia laburretan bi faktoreen eragina nabarmen aldaltzen da eta horren ondorioz, metro gutxitako tartean bi ekosistema desberdin agertzen dira: mareartekoa eta itsaslabarretakoa. Horiexek aztertuko ditugu jarraian banan-banan.

Itsasertzeko marearteko ekosistema

Plataformaren goialdean, hau da, urak denbora laburrez estaltzen duen aldean, alga berdeak nagusitzen dira. Argazkiko Codium tomentosum a da horietako bat.
M. Estonba

Higaduraren eraginez, kosta-lerroak atzera egiten duela esan dugu behin baino gehiagotan. Itsas beheraldietan, itsaslabarraren urradura-plataforma izenaz ezagutzen den arraldea agerian geratzen da. Bertan garatzen da itsas-mareek ezarritako baldintza aldakorreko ekosistema berezia.

Ekosistema horietan faktore fisikoak oso aldakorrak dira. Itsasgoran tenperatura, gazitasuna eta oxigenoa egonkor mantentzen diren bitartean, itsasbeheran egoera erabat desberdina da. Itsasbeheran ekosistemako ur-ezak baldintza gogorrak ezartzen dizkie bizidunei, baina ez da hori oztopo bakarra. Izan ere, eguraldia eguzkitsua denean, putzuetako tenperatura eta gazitasuna asko igotzen dira; eguraldi euritsuak bestalde, kontrako efektua sor lezake.

Faktore horiek guztiek (eta baita argitasunak, haizeak, olatuen indarrak eta abar luze batek) muturreko bizi-baldintzak ezartzen dizkie bizidunei. Horiei aurre egin ahal izateko, eboluzioan zehar moldaera bereziak garatu dituzte eta horren ondorioz, ekosistema horien balio ekologikoa oso garrantzitsua da.

Nolanahi ere, aipatu ditugun faktore guztiek ez dute eragin bera izaten plataforma osoan. Itsasgoraren mailatik gertuen dagoen aldeak ordu batzuetan baino ez ditu ematen urak estalirik, baina itsasbeheraren mailatik gertuen dagoenak ia egun osoa ematen du uraren azpian. Fenomeno horrek gradiente biologikoak sortzen ditu eta horien arabera egituratzen dira ekosistemetako bizidunak. Horrela, urik gabe bizi ahal izateko jasankortasun handiena dutenak plataformaren goialdean bizi dira eta jasankortasun txikiena duten bizidunak behealdean.

Landaredia

Alga arreei dagokienean, aipagarriak dira ondoko espezieak: uraren azpian kolore irisatua duen Cystoseira tamaristifolia (argazkikoa), Bifurcaria rotunda, Fucus espiralis eta Fucus vesiculatus. (M. Estonba)

Aipatu ditugun bizi-baldintzak direla eta, ekosistema horretan algak dira landare erreinuaren ordezkariak eta arestian zehaztu ditugun gradienteen adierazlerik nabarmenak direla esan genezake.

Plataformaren goialdean, hau da, urak denbora laburrez estaltzen duen aldean, alga berdeak nagusitzen dira. Horien artean ugarienak aingira-belarra (Enteromorpha minima) eta itsas urraza (Ulva lactuca) dira, beren irristakortasuna dela eta nahikoa ezagunak zaizkigunak. Nagusi izanik ere, ez dira bakarrak eta kopuru txikiagotan agertzen badira ere, badira beste zenbait alga berde-espezie: Codium tomentosum eta abar.

Beherago, uraren eraginez eguzki-izpien iragazpena nabarmenagoa den lekuetan ehunetan klorofilaz gain, karoteno eta xantofila izeneko pigmentu ugari dituzten alga arre eta gorriak aurki daitezke.

Gradienteen eragina atzematea zailagoa bada ere, bi alga-talde horien banaketa desberdina da: arretaz begiratuz gero, arreak gorriak baino gorago bizi direla ikusiko dugu. Alga arreei dagokienean, Euskal Herrian aipagarriak dira ondoko espezieak: uraren azpian kolore irisatua duen Cystoseira tamaristifolia, hodi-itxura eta adarkadura dikotomikoa dituen Bifurcaria rotunda, zinta-itxura eta adarkadura dikotomikoaz gain, muturretan ugal-gorputzak loditasunetan gorderik dituen Fucus espiralis edo, aurrekoaren antzera, ugal-gorputzetarako loditasunak eta airez betetako bixikak dituen Fucus vesiculatus.

Animaliak algak baino urriagoak dira itsasertzeko marearteko ekosisteman. Dena dela, itsas ezkurrak, argazkian ikus daitekeen bezalako lapak, karramarro berdea eta karramarro beltza ikustea oso arrunta da.
M. Estonba

Zalantzarik gabe, aniztasun-mailarik handiena aurkezten duen alga-taldea alga gorriena da. Behealdean eta mareek utzitako putzuetan agertzen da alga-talde hori eta Euskal Herriko kostaldean itxura eta egitura desberdineko espezie ugari biltzen du. Horien artean aipamen berezia merezi dute ehunetan kaltzio karbonatua izateagatik harri-itxura duten alga zoldagileak, sarritan substratu-zabalera handia estaltzen baitute. Alga zoldagileen artean, Lythophyllum, Lithothamium eta Corallina generokoak dira ezagunenak gure kostaldean.

Ezin aipatu gabe utzi azken bolada honetan gure kostaldean ustiatzen ari diren Gelidium sesquipedale edo zuhaitz-itxura duen Ceramium rubrum.

Animaliak

Animaliak algak baino urriagoak dira ekosistema horietan eta ondorioz, gradienteen eraginaz ohartzea zailagoa izan ohi da. Edonola ere, behaketa zehatz batek erraz konpon lezake arazo hori.

Plataformaren goialdera hurbildu orduko, haitzak kolore argia eta maskor gogorra dituzten animalia txikiez josita daudela ohartuko gara. Itsas ezkurrak dira (Chtamalus sp. eta Balanus sp.), uretatik kanpo luzaro bizitzeko gai diren krustazeoak.

Horiekin batera, moluskuen filumeko lapak (Patella sp.) sarritan agertzen dira; beren muskulu-oin indartsuei esker, haitzetara gogor itsasten dira olatuek eraman ez ditzaten.

Goialdean halaber, haitzetan oso azkar mugitzen diren karramarro berdea (Carcinus maenas) eta karramarro beltza (Pachygrapsus marmoratus) ikustea oso arrunta da. Algaz elikatzen dira eta itsas ezkurrek bezala, uretatik kanpo bizitzeko gai dira ere.

Kaio iluna (Larus fuscus). (M. Estonba)

Hortik behera, itsasbeheratan urik gabe denbora gutxiago egon behar dutenez, animalien presentzia handiagoa da eta animalia-aniztasuna handiena mareek utzitako putzuetan ematen da. Aquarium naturalak dira eta filum ugarietako ordezkariak bizi dira bertan.

Marearteko ekosistemako animalien artean, migrazio-garaietan bertako baliabideak erabiltzen dituzten hegaztiak ere aipatu beharra dago. Urte osoko presentzia dutenen artean, beren dieta osatzeko karramarroak harrapatzen dituzten kaio hankahoria (Larus cachinnans), antxeta mokogorria (L. ridibundus) eta kaio iluna (L. fuscus) dira aipagarrienak. Migratzaileen artean, nagusiki krustazeo eta molusku txikiez elikatzen den harri-iraunlaria (Arenaria interpres), txirri iluna (Calidris marina), kurlinta bekainduna (Numenius phaeopus), kuliska txikia (Tringa hypoleucos) edo urpekariak diren ubarroiak (Phalacrocorax sp.) aipa daitezke.

Itsaslabarretako ekosistema

Urradura-plataformaren gainean, itsasgoraren mailatik gora, tirainaren ondorioz oraindik erori ez diren itsaslabarrak daude. Bertan, marearteko ekosistemaren modura, bizi baldintza gogorrak ezartzen dituen itsaslabarretako ekosistema dugu.

Kaio hankahoria (Larus cachinnans). (M. Estonba)

Lehen esan bezala, marearteko ekosisteman bizidunengan eraginik zuzenena duen faktorea marea da, baina itsaslabarretan badira kontutan hartu behar diren beste faktore batzuk ere. Horien artean, ondorengoak aipatzeak merezi du:

  • Tirainaren eraginez, higadura oso handia da eta lurzoruaren eraketa hutsaren hurrengoa da.
  • Gazitasun handiko urez zipriztintzeak bizidunei eta bereziki landareei osmosi arazoak sortzen dizkie. Horrez gain, lurzoru urria gehiago urritzen laguntzen du.
  • Haizeak gogor jotzen duenez, altuera handiko landareak ezin dute bertan hazi eta lehortasuna handia da, haizeak eta eguzkiak landareen transpirazioa areagotu egiten dutelako.

Faktore horiek guztiek eraginda, ekosistema horietan bizitza urria da. Era berean, bertan iraun ahal izateko baliogarri zaizkien moldaerak lortu dituzte zenbait animali eta landarek eta horrek originaltasun handia damaio ekosistemari.

Nolanahi ere, faktore horien eragina ez da berdin somatzen itsaslabar osoan. Itsasotik hurbilen dagoen aldean, aldapa handiak eta itsasoaren eragina dira bizi-baldintzak eta itsasotik urrundu ahala, faktore horien eragina gutxiagotu egiten da eta haizeak protagonismo gehiago hartzen du.

Horren arabera, itsaslabarretan hiru alde nagusi bereiz daitezke:

  • Itsasotik hurbilen dagoen labar harritsua,
  • ezponda eta erlaitz asko duen malda txikiagoko labarra eta
  • labarretako goialdea.

Itsaslabarretako landaredia

Harri-iraunlariak (Arenaria interpres). (M. Estonba)

Arestian aipatutako faktoreen eraginez, labar harritsuetako landaredia urria, baina balio ekologiko handikoa da bizi-baldintza gogorrak direla medio eta eboluzioan zehar eman diren moldaera original asko garatu da bertan.

Lehenengo aldean, hau da, itsasgoretan olatuek zipriztintzen duten eta ekaitz egunetan tirainak gogor astintzen dituen arteka eta arrailduretan, gazitasunaren eraginari eta lurzoru-ezari aurre egiteko egokitu diren espezieak aurki daitezke; horien artean, itsas mihilua (Crithmum maritimum) eta itsas plantaina (Plantago maritima) landare-espezieak eta Asplenium maritimum iratzea agertu ohi dira, Crithmo-plantaginetum maritimae izeneko asoziazioa osatuz.

Gora jo ahala, aldapa eta itsasoaren eragina leundu egiten dira. Landareen presentzia handiagotu egiten da, lurzorua ugariagoa izateak hori erraztu egiten baitu. Alderdi horietan Festuca rubra pruinosa belarra nagusi da eta tartean, ezponda eta erlaitzetan, beste zenbait espezie ere aurkituko dugu, hala nola, San Juan Lorea (Leucanthemum crassifolium), itsas azenarioa (Daucus gummifer), betibizi horia (Helichrysum stoechas), zauribelarra (Anthyllis vulneraria) edo Euskal Herriko itsaslabarretan espezie endemikoa den Armeria euskadiensis belarra. Alde honetan milazka frantsesa (Tamarix gallica) zuhaiska ere agertu ohi da eta baldintza gogor horietan bizi den eite handiko landare bakarra da. Horiek guztiek Leucanthemo crassifoli-Festucetum pruinosae izeneko asoziazioa osatzen dute.

Itsaslabarretako bizi-baldintzak oso gogorrak badira ere, badira bertara egokitu diren landare eta animaliak.
M. Estonba

Goialdean aldapa desagertzen denean, kresalaren eragina askoz txikiagoa da, baina kontutan hartzekoa oraindik. Nolanahi ere, haizea da bizi-baldintzak ezartzen dituena eta horregatik, alde horretan agertzen den landaredia “aerohalino” (aero=haizea eta halino = gazitasun) izenaz ezagutzen da. Landare horien guztien bereizgarri nagusia haizeak eta ingurunearen gazitasunak ezartzen dituzten bizi-baldintzei aurre egiteko egokiturik dauden ordezkapeneko zuhaiska-komunitatek osatzea da.

Moldaeren artean aipagarriak dira haizearen indarrari aurre egiteko eta zutik iraun ahal izateko landareek duten kuxin-itxura eta hostoen eta adarren bilbapena. Komunitate horiek osatzen duten landareen artean, ondokoak dira ugarienak: otea (Ulex europaeus eta U. cantabricus), otabera arrunta (Genista hispanica) eta ainarra burusoila (Erica vagans). Askotan, horien artean eta gainean endalaharra (Smilax aspera), otxar basatia (Rubia peregrina), huntz arrunta (Hedera helix) eta arkakaratsa (Rosa sempervirens) agertzen dira. Guztiek Daboecio-Ulicetum galii genistetosum izeneko asoziazioa osatzen dute.

Eite handiagoko landareen artean, gure itsaslabarretako goialdean beha daitezkeen txorbeltza (Rhamnus aalternus) eta gurbitza (Arbutus unedo) nagusi dira. Belarren artean azkenik, albitz-belarra (Brachipodium pinnatum) dugu hedatuena.

Itsaslabarretako animaliak

Tamarix gallica zuhaiska da itsaslabarretan agertu ohi den eite handiko landare bakarra.

Behin baino gehiagotan esan dugunez, ekosistema horrek bizi-baldintza oso gogorrak ezartzen dizkie landareei, baina are gehiago animaliei. Hori dela eta, animalia gutxi bizi ohi da itsaslabarretan eta gehienak itsaslabarrako goialdean bizi dira.

Nolanahi ere, ekosistema horietara heltzea zaila denez gero, leku aproposa da zenbait hegazti-espeziek bertan habiak jartzeko, txitaldia harraparietatik babesteko egokia baita ekosistema hori zenbait kasutan.

Euskal Herriko itsaslabarretan habia egiten duten hegazti-espezien artean, erroia (Corvus corax), belatz gorria (Falco tinnunculus), belatz handia (Falco peregrinus), buztangorri iluna (Phoenicurus ochruros), txepetxa (Troglodytes troglodytes), enara azpizuria (Delichon urbica), kaio hankahoria (Larus cachinnans), kaio iluna (Larus fuscus) eta ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) dira aipagarrienak.

Migrazio-garaietan bertako baliabideak erabiltzen dituzten hegaztien artean aurkitzen dira argazkiko ubarroi handiak (Phalacrocorax carbo). (M. Estonba)

Bestalde, aipamen berezia merezi du ekaitz-txori txikiak (Hydrobates pelagicus). Hegazti pelagiko hori egunez plaktonez elikatzen da itsasoan eta gauez itzultzen da kostaldera. Itsas-irla eta harkaitzetan eraiki ohi du bere habia. Duela urte batzuk, ez genuen datu fidagarririk hegazti horrek Euskal Herriko kostaldean duen agerpenari buruz. Eduardo Minguez biologoak egindako lanari esker ordea, gure kostaldeko irla eta harkaitz gehienetan ekaitz-txori txikiak habia egin ohi duela baiezta genezake.

Itsaslabarretan habia egiten duten espeziez gain, espezie ubikuistak (habia itsaslabarretan egin ez arren, inguru horiek eskaintzen dituzten baliabideak ustiatzen dituztenak) ere ageri dira. Hauek itsaslabarretako goialdean izaten dira. Horien artean, ondorengoak aipa daitezke: harkaitz-txoria (Tichodroma muraria), txantxangorria (Erithacus rubecula), zozoa (Turdus merula), kaskabeltz handia (Parus major), euli-txori grisa (Muscicapa striata), pitxartxar burubeltza (Saxicola torquata), tuntun arrunta (Prunella modularis), mendi-berdantza (Emberiza cia), uda-txirta (Anthus trivalis) eta etze txinboa (Sylvia undata).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia