Euskal Herriko hezeguneak (eta XII): hezegune artifizialak
2001/05/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euskal Herriko hezeguneen artean, hezegune artifizialek duten garrantzia ulertzeko, hezegune guztien azalera kontuan hartuta, artifizialek % 60-70 inguru hartzen dutela esan beharra dago. Beraz, hezeguneen kontserbaziorako politiketan normalean aintzakotzat hartzen ez badira ere, alderdi kuantitatibotik begiratuta behinik behin, duten garrantzia ukaezina da eta horrek hezegune horiekiko dugun ikuspegia aldatu beharko luke, gutxienez gaur egun nahiko naturalizatuak daudenekiko.
Dena dela, jatorri artifizialeko hezeguneen artean ugaritasun eta aniztasun handia dago. Alde batetik, hezegunearen jatorria dago, denak gizakiak sortutakoak izan arren, ur-metaketa horien eginkizunak erabat baldintzatzen baitu hezegunearen fisionomia, morfologia eta bilakaera. Bestaldetik, hezegune artifizialen kokapenak ere berebiziko garrantzia du, izan ere, eskualde eurosiberiarrean edo mediterraneoan, mendialdean edo haranean, malkar handiko lekuan edo lautadan... egoteak prozesu biologiko eta ekologikoetan eragin zuzena baitu. Azkenik, hezegune artifizialen gaur egungo erabilera ere kontuan hartu behar da, horrek hezegunearen bilakaera eta izan dezakeen naturalizazioa erabat baldintzatzen baitu.
Faktore horiek guztiak kontuan harturik, Euskal Herriko hezegune artifizialak hurrengo mota hauetan bana daitezke:
- Urtegiak.
- Uraska-urmaelak.
- Ureztaketarako urmaelak.
- Mehatze- edo industria-urmaelak.
- Gatzagak.
- Parke edo lorategietako urmaelak.
Urtegiak
Urtegiak ibai-haranetan presak eraikita lortutako ur-metaketa artifizialak dira. Herri, hiri eta industriako ur-hornidura eta, zenbait kasutan, ureztaketa zihurtatzea helburu dituzten ur-bolumen handi hauek Euskal Herrian aurki ditzakegun ur-eremurik handienak dira. Hala ere, urtegiek normalean duten sakontasun handia eta ertz malkartsuak direla eta, ur eta lehorraren arteko elkarrekintza baino ur-sistema bera da nagusi eta, beraz, ezin dira hezegunetzat hartu. Soilik lautadetan edo aldapa gutxiko haranetan eraikitako zenbait urtegiren atzealdeetan edo ertzetan, sakontasun txikiari esker, hezeguneen ezaugarriak ager daitezke, eta denboraren poderioz, aberastasun biologiko eta ekologiko handiko ingurune bihur daitezke.
Hala ere, urtegietan urtaroaren arabera gertatzen diren ur-mailaren gorabehera handiak hezeguneetako bizidun-komunitateen garapenerako oztopo nabarmena dira eta, horregatik, zaila izaten da leku horietan hezegune egituratu eta helduak aurkitzea.
Naturalizazio-prozesu interesgarriak izan dituzten Euskal Herriko urtegien artean, Arabako Lautadan dagoen Uribarri Ganboak merezi du aipamen berezia, izan ere, Mendixur izenez ezaguna den urtegiaren atzealdean, sakontasun urria eta orografia lauari esker, hezeguneetako ohiko landare-gerrikoez gain, ornodun-komunitate oparoak eta askotarikoak ikus baitaitezke, batez ere hegazti urtarrak.
Ertzetan hezegune txikiak garatu dituzten beste urtegi batzuk hurrengo hauexek dira: Gipuzkoan, Aretxabaletako Urkuluko urtegia, Oreretako Landarbasokoa eta Orio-Aginagan dagoen Sariakolako urtegi txikia; Bizkaian, Mungiatik hurbil dagoen Laukaritzko urtegia eta Barakaldoko El Regato izenekoa; Araban, Legutio ondoan dagoen Urrunaga urtegia eta Korresen dagoen Izkizko urtegi txikia; Lapurdin, Mugerre udalerritik hurbil dagoena eta Nafarroan, Arrada herritik hurbil dagoen izen bereko urtegi txikia, Zentronikoko La Nava izenekoa eta Korellako La Estanca eta La Estanquilla urtegi txikiak.
Uraska-urmaelak
Gure mendilerroetan sakabanatuta abereentzako uraska-urmael txiki ugari dago. Mendiko urmael horiek, normalean, tamaina txikia, sakontasun urria eta ur uherrak dituzte. Gainera, klima eta, batez ere, abereen sartu-irteerak direla eta, urmael hauetan ur eta ertzetako landaredia hutsaren hurrengoa da eta, horregatik, ikuspegi naturaletik bederen, gehienek ez dute balio handirik. Hala ere, eginkizun garrantzitsua betetzen dute mendiko anfibioen ugalketan.
Ureztaketarako urmaelak
Nagusiki Arabako Lautadan eta Errioxan eta Nafarroako Erriberan ditugun ur-metaketa txikiak dira. Sail ureztatuak nagusi diren eskualde horietan, sarritan, ibaien emariak ez dira nahiko laborantza-mota horrek eskatzen duen ur-kantitateaz hornitzeko eta horregatik leku beheretan euriaren ura biltzen duten urmael txiki ugari eraiki da.
Badira iturburu edo azaleramendu freatikoen gainean eraiki direnak eta bai erreka eta lats txikien emaria jasotzen dutenak ere, baina denak gizakiak, uraren metaketa eraginkorra izan dadin, aldatu dituenak dira.
Urmael hauetan, urtaroaren arabera uraren mailak dituen gorabehera handiak landarediaren garapenerako oztopo nabarmena badira ere, sakontasun urriak eta aldeko baldintza klimatologikoek horietako askok naturalizazio-prozesu ikusgarriak izatea ahalbidetu dute, eta paisaiaren elementu natural garrantzitsuak bilakatu dira.
Naturalizazio-maila handia duten ureztaketarako urmaelen artean aipagarriak dira Arabako Lautadan ditugun Añua eta Argomanizko urmaelak; Arabako Errioxan, Biasteriko El Prao izenekoa; Nafarroako Ibargoiti haranean dauden Zilekietako urmaelak eta Nafarroako Erriberan, Tuteratik hurbil dagoen El Cardete urmaela.
Mehatze- eta industria-urmaelak
Ezin dugu aipatu gabe utzi abandonatutako harrobi edo aire zabaleko mehategietan, euri-ura metatzean, sortutako urmaelak edo zenbait prozesu industrialetan behar den ura lortzeko eraikitakoak. Horietako gehienetan, ertz malkartsuek edo poluzioak naturalizazioa galarazten badute ere, badira azken urte hauetan naturalizazio-prozesu interesgarriak izan dituztenak eta, beraz, kontuan hartu beharrekoak dira.
Mota honetako urmael eta putzu gehienak Bizkaiko mehatze-eskualdean ditugu, batez ere, Triano mendietan abandonatutako aire zabaleko mehategietan. Aipagarriak dira, halaber, Iruñerriko Potasas de Navarra enpresak eraikitako Zolina eta Morea urmaelak, Basauriko Etxerre harrobian dagoena, Donostiako Igara auzoan dagoen Gurelesako urmaela edo Trebiñoko Laño herritik hurbil dauden harrobietan daudenak.
Gatzagak
Gatz-kontzentrazio handia duten iturburuetako uretatik gatza lortzeko diseinatutako egitura hauek sakontasun urriko ur-geruza izaten dute ia urte osoan eta, beraz, hezegune artifizialen barruan sailka daitezke.
Gatzagetan, ubide txikien bidez, iturburu gazietako ura ezkaratzetan banatzen da eta bertan mantentzen da lurrundu arte. Ura ezkaratzetan sartzen den unetik lurruntzen den arte, gizakiak eraikitako egitura horietan hezegune endorreikoen moduko dinamika gertatzen da.
Gatzaga eta iturburu gazi gehienak hezegune karstikoak aztertzean aipatu diren diapiro izeneko egitura geologikoekin erlazionatuak agertu ohi dira, egitura geologiko berezi horien litologiak eragiten baitu ingurune hauetan agertzen diren iturburuak hipergaziak izatea.
Ezkaratzetan, gizakiaren jarduerak hezegune gazietako ohiko landare- eta animalia-komunitateak garatzea eragozten badu ere, iturburu eta erreken inguruan, ez da zaila gazitasun handiko lekuetan bizitzera moldatuta dauden zenbait landare-espezie halofito ikustea.
Hezegune-mota honen adibiderik esanguratsuena Arabako Añana Gesaltza herriaren ondoan aurkitzen dugu. Erromatarren garaitik ustiatzen diren gatzaga horiek haranaren bi hegietan hondeatutako lurmenetan antolatuta daude eta zurez egindako egiturek historia, kultura eta naturaren ikuspegitik balio handiko multzoa osatzen dutela esan daiteke.
Hala ere, ez dira bakarrak. Nafarroan ere horrelako hezegune artifizialeko hainbat adibide ditugu, hala nola, Jaitzeko gatzagak, Ollo-Artetakoak edoIbargoitikoak.
Parke eta lorategietako urmaelak
Euskal Herriko hezegune artifizialen errepaso labur hau amaitzeko, azken urteetan herri eta, batez ere, hirietako parke berriak eraikitzean sortutako urmaelak izango ditugu hizpide.
Zenbait kasutan, parkearen eraikuntza ingurugiroa berreskuratzeko proiektu baten barruan dagoelako eta, bestetan, soilik, ur-ingurune bat sortu nahi delako, parke eta lorategietan urmael artifizialen ugaritzea hezeguneekiko ikusmoldea aldatzen ari delako adierazle izan daiteke, hezeguneak osasunaren kalterako inguruneak zirelakoan sistematikoki suntsitzetik, hezegune berriak artifizialki sortzera igarotzeak gure mentalitatean zer edo zer aldatzen ari dela argi erakusten baitu.
Honenbestez, Euskal Herriko hezeguneen balioa, aniztasuna eta egoera ezagutzera ematea helburu zituen artikulu-sorta hau amaitutzat eman dezakegu. Atzean gelditu da ia zortzi urte iraun duen lana. Urte hauetan guztietan, inoiz imajinatuko ez nuen Euskal Herriko gune zoragarriak eta ezezagunak ezagutzeko aukera izan dut eta, ikuspegi horretatik, ura duten paisaiek, bizitzaren adierazlerik esanguratsuenak izateaz gain, erakargarritasun handiagoko paisaiak ere badirela berrets dezaket.
Euskal Herrian ez ditugu tamaina handiko hezeguneak, baina hezeguneen aberastasuna eta aniztasuna oso handia da. Zoritxarrez, gure ondare naturalaren zati garrantzitsu hori oso egoera larrian dago, izan ere, azken hamarkadetan hezegune ugari erabat desagertu da eta beste asko oso egoera tamalgarrian geratu dira.
Azken urteetan, hezeguneen zerrendak egitea eta horiek babesteko eta leheneratzeko egitamuak egitea dinamika suntsitzaile horri amaiera emateko borondatearen adierazle izan daitezke, baina aspaldidanik datorren inertzia suntsitzailea oso indartsua da eta, horregatik, oraindik eguneroko kontua da hezegune baten suntsiketa edo suntsitzeko mehatxua. Egoera hau bereziki kezkagarria da kostaldeko tamaina txikiko hezeguneen kasuan: Sokoako Untxineko padura, Donostiako azken padura-eremuak, Orioko Motondo eta Oribarreko padura, Debako Casa Campoko padurak, Ondarroako Alleruko padura, Barakaldoko Ibarreta-Zuloko padura...
Denak, kostaldeko hezegune bezala, balio handiko inguruneak dira, baina espekulazioaren eta neurriz kanpoko garapenaren mehatxupean bizi dira. Ingurugiroko gainerako arazo guztiekin gertatzen den moduan, gehienok oso sentikorrak gara hemendik oso urruti dauden hezeguneen suntsiketarekiko (tropiko aldeko mangladiak, Afrikako estuario handiak...), baina gure herri edo hiri ondoan dagoen padura, urmael edo zohikaztegia suntsitzeko asmoaren aurrean, axolagabekeria edo garapenaren truke onartu beharreko ordaina izaten dira gure erantzunak.
Jakina da gaizki ulertutako garapenak ez duela ondare naturala kontuan hartzen eta soilik berehalako etekin ekonomikoaz kezkatzen dela, baina geroz eta onartuagoa da, halaber, garapen-eredu hori gizakiaren etorkizuna bera kolokan jartzen ari dela. Beraz, nahitaezkoa da garapen jasangarriaren aldeko apustua egitea eta, bide horretan, biodibertsitatearen benetako altxorrak diren hezeguneen kontserbazioa eta berreskuratzea lehentasunezko helburuak izan behar direlakoan nago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia